Alkateen agerraldia
-
Upload
astigarragako-udala -
Category
Documents
-
view
226 -
download
4
description
Transcript of Alkateen agerraldia
Zubieta inguruko alkateen adierazpena errauskailuaren inguruan
Duela sei urte, 2007an, Gipuzkoako errauskailua Zubietan egitea onartu zuten herrialdeko
erakundeek. Inguruko herriei ez ziguten ezer galdetu, ez zuten inongo erreferendumik egin: geure
etxe ondoan errauskailua jartzea erabaki zuten, eta errauste planta eraikitzeko prozesu luzearen
lehen urratsak ematen hasi ziren.
Hemen gauden alkateok, gure herritarrekiko dugun gure ardurari eutsiz, eta guregana etortzen diren
herritarren arduragatik, errausketa plantari buruzko eztabaida publikoan parte hartzera behartuta
sentitzen gara.
Hondakinak erretzea pertsonen osasunerako oso arriskutsua da. Errausketa plantek inguruan bizi
diren bizilagunen osasuna arriskuan jartzen dute. Hori frogatu dute azken urteotan publiko egin diren
ikerketa desberdinek. Errausketa plantek sortzen dituzten keak eta hondakinak toxikoak dira,
inguruko herriei erasaten diete eta, horren ondorioz, patologia desberdinen kopurua areagotzen da.
Eta frogatua dago ere minbiziagatiko heriotza tasa handiagoa dela erraustegi planten inguruan
dauden herrietan.
Azken hilabeteotan errauskailua egiteko lanak geldirik egon dira. Baina inguruko herritarrentzat
mehatxua hor dago oraindik ere: ez dugu mamua uxatzerik lortu, bertatik bertara dugu, etxe alboan.
Horregatik, proiektu hau behin betiko amaitzeko garaia dela uste dugu. Are gehiago, errauskailuen
eraginaren inguruan egindako azken ikerketaren ondorioei erreparatzen badiegu: Madrilgo Carlos III
Institutuko ikerlariek berriki adierazi dutenez, errausketak nabarmen handitzen du minbizia izateko
aukera inguruko herritarren artean. Ez da guk esana, ikerlariek esana baizik. Gure herritarrek ez dute
halakorik merezi. Inork ez du halakorik merezi.
Gure mezua, beraz, garbia da: errauskailurik ez. Ez Zubietan, ez Zarautzen, ez Tolosan, ez Azpeitian,
ez Legazpin, ez Bergaran, ez Beasainen, ez Donostian. Ez dugu errauskailurik nahi; inon ez.
Errauskailua ez da inola ere hondakinen arazoaren konponbidea. Are okerrago: ezer ere ez
konpontzeaz gain, mehatxua da pertsonen osasunerako eta ingurumenerako. Gipuzkoako jendarte
osoari dei zuzena egin nahi diogu, beraz: arduraz joka dezagun denok, kontuan har dezagun
ikerlarien iritzia eta utz dezagun alde batera, behingoz eta behin betirako, errausketaren aukera. Dei
hori, bereziki, gipuzkoarren ordezkari politikoei eta herrialdeko erakundeei egin nahi diegu: berma
ezazue herritarron osasunerako eskubidea eta bukatutzat eman ezazue, lehenbailehen, errauste
planta egiteko proiektua, inork ez duelako etxe ondoan halakorik izan nahi eta alternatibak egon
badaudelako. Errauskailurik ez: ez Zubietan, ez beste inon.
ZUBIETA INGURUKO ALKATEAK:
- Alazne Olaizola (Zubieta auzo-herriko alkatea)
- Juan Karlos Izagirre (Donostiako alkatea)
- Mertxe Aizpurua (Usurbilgo alkatea)
- Pablo Barrio (Lasarte-Oriako Alkatea
- Ana Carrere (Andoaingo alkatea)
- Andoni Gartzia (Astigarragako alkatea)
- Luix Intxauspe (Hernaniko alkatea)