Guía de coeducación euskera

19
``Hezkidetza eta dibertsitatearen kudeaketa ikasgeletan ,, Lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako irakasleei zuzendutako txostena

Transcript of Guía de coeducación euskera

Page 1: Guía de coeducación euskera

``Hezkidetza eta dibertsitatearen kudeaketa ikasgeletan,,

Lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntzako irakasleei zuzendutako txostena

Page 2: Guía de coeducación euskera

AURKIBIDEA

1. Sarrera

2. Diskriminazioaren dinamikak

2.1 Gelaren barruan diskriminazioa eragiten duten sinesmen kulturalak 2.2 Sexua-generoa sistema 2.3 Generoarekin lotutako diskriminazioak 2.4 Ibilaldia Hezkidetzan zehar

3. Nola aldatu diskriminazio dinamikak eta kudeatu dibertsitatea

3.1 Alde guztiei ongietorria egitea 3.2 Irakasleok egiten dugun barneko lanaren garrantzia 3.3 Sakoneko Demokrazia lantzeko 10 ideia erabakigarri 4. Nola hezi generoaren ikuspuntua barne hartuz

4.1 Genero zigorrak lantzea 4.2 Estereotipoak lantzea eta “femeninotzat” jotzen dugunaren balorazioa aldatzea

5. Ondorioak eta erronkak

Page 3: Guía de coeducación euskera

1- Sarrera

XX. mendearen amaieran, feminismoaren kontzeptua eta erronkak aldatuz joan ziren emakumeek eta gizonek gure gizartean duten paperaren arabera; borrokak, era berean, pertsona homosexualak eta transexualak barne hartu ditu, gero eta gehiago, eta gaur egun ere haziz doa, diskriminaziorik ezaren kontrako borrokak globalizatzen eta aliantzak sortzen diren heinean.

Era berean, XX. mendearen bigarren erdian aurrerapen handiak egin dira eskubide zibilen aldeko eta apartheidaren eta egiturazko arrazakeriaren kontrako borrokan. Horrela, mendebaldeko herrialde gehienetan pertsonen eskubideen eta betebeharren arteko berdintasun formala lortu da, haien arraza edo jatorri kulturala zeinahi izanda ere. Gizarte klasearekin lotutako borrokak, hezkuntza publikoa eta doakoa izateko eskubidearen aldekoak, hezkuntza unibertsalizatzea eta biztanleria osoari helaraztea lortu du. Psikiatria, psikopedagogia, buru nahasmenduen tratamendua eta diagnostikoa eta, oro har, hezkuntzak dibertsitate funtzionala duten pertsonekiko duen ikuspuntua ere aldatu egin dira, eta horrela, azkenean pertsona horien eskubideak eta betebeharrak barne hartzea eta errespetatzea lortu da, baina oraindik asko dago egiteke.

Aurrerapen hauek aldaketa positibo ugari ekarri dituzte; baina, hala ere, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun formaletik berdintasun errealera (haren jatorria, klase soziala edo gaitasunak zeinahi izanda ere) igarotzeko erronkari aurre egin behar diogu.

Pentsaera diskriminatzaileak aldatzeko ez da nahikoa berdintasuna aldarrikatzen duten legeak eta egiturak onartzea; are gehiago, beharrezkoa da garai batean indarrean egon ziren lege diskriminatzaileak gaur egun mundua eta besteak ikusten ditugun moduan eta dauzkagun harremanetan noiz eta nola dauden indarrean bereizten jakitea, nahiz eta batzuetan ez den erraz ikusten. Demokrazia formalari beste buelta bat eman behar zaio Demokrazia sakon bat lortzeko 1.

Hezkidetzaren kontzeptuak ere azken ehun urteotan eboluzionatu egin du, feminismoarekin eta eskubide zibilen eta sozialen aldeko borrokarekin batera, eta eboluzionatzen jarrai dezala nahi dugu. Gure proposamena, gida honetan jaso duguna, Demokrazia sakona hezkidetzan sartzea da, pertsona guztien aukera-berdintasunera hurbiltzeko.

Demokrazia sakonaren arabera, ez dugu ikusi behar legeak eta neurri instituzionalak onartzen diren bakarrik, demokrazia uneoro aplikatzen den ala ez ikusi behar dugu.

Gida honen helburua, beraz, oro har diskriminazioaren dinamikak hobeto ulertzea da, sexua-generoa sistemaren ondoriozko diskriminazioa azpimarratuz. Aldi berean, hausnarketa eta tresna erabilgarri batzuk proposatu nahi dizkizuegu, kalte potentzialeko uneak hazteko eta sakonki demokratikoak diren komunitateak eraikitzeko aukera bihurtzea sustatzeko. Azken ataletan, generoaren ikuspegia barne hartuz hezteko gauza daitezkeen ekintza zehatzak aurkituko dituzue.

Dibertsitatearen aurrean jarrera abegikorra izatea, umeei eta gazteei begirunez begiratzea eta, aldi berean, ikastetxearen barruan hezkidetza keinu eta politika zehatzak izatea dira, gure ustez, XXI. mendeko eskolak behar duen aldaketaren gakoa.

Page 4: Guía de coeducación euskera

2- Diskriminazioaren dinamikak

2.1. Gelaren barruan diskriminazioa eragiten duten sinesmen kulturalak

Jarrera, pertsona, ezaugarri fisiko, jarduera edo interes batzuk beste batzuen gainetik balioestea da edozein diskriminazioren oinarria, hau da, pertsona batzuei pribilegio batzuk ematea besteen askatasunen kontura.

“Ismo”, “keria” eta “fobia” guztien ondorioz (matxismoa, arrazakeria, klasismoa, homofobia, xenofobia...), pertsona batzuek ez dituzte besteen aukera edo botere esparru berak, ezta onarpen eta balioespen sozial bera ere. Horren ondorioz, pertsona horiek garatzeko, beren behar materialak eta afektiboak asetzeko eta beren ametsak egia bihurtzeko aukera txikiagoak izango dituzte.

Gizarte diskriminazioa kultura batek gauza batzuek gehiago balio dutela eta beste batzuek gutxiago balio duela sinesten duelako sortzen da. Iritzi horiek lege, instituzio, lengoaia, jarrera eta aurreiritzi bihurtzen dira, eta sarritan, historian oso sustrai sakonak dituzte.

Umeen eta nerabeen nortasunaren eraketan eta edozein eskolatako ikaskideen arteko harremanetan generoari, jatorri kulturalari, desira sexualaren orientazioari, maila sozialari, edertasunari, osasunari eta gaitasun intelektualei buruz dituzten balio eta sinesmen sozial horiek errepikatu egingo dira. Dibertsitatearekin konprometituta lan egin ezean, guztiok izango dugu ezaugarri eta jokabide batzuk beste batzuen gainetik daudela pentsatzeko joera. Hau da diskriminazioaren dinamika. Besteak baztertzen ditugu, eta, aldi berean, geure dibertsitatea ere bai.

Pertsona guztien nortasunean eta harremanetan eragin handiena duen eta txiki-txikitatik ikasten den sinesmen sistemetako bat sexua-generoa sistema da. Nor naiz, zer gustatzen zait, zer nahi dut eta zer ez eta nigandik zer espero da galderen sarrera-ate handi bat da. Sexua-generoa sistemak gizartean erraz onartuak izateko aukera eskaintzen duten kategoria batzuk definitzen ditu.

Familiaz gain, umeentzat eta nerabeentzat, gizartean duten taldea-maila da. Hori da beren nortasunaren eta jokabidearen garapenean eta eraikuntzan eragin handiena izango duen taldeetako bat. Taldea edo ikasgela, esan ohi den bezala, gizabanakoz osatutako talde bat baino askoz gehiago da, sinesmen-sistema eta marjinazio-dinamika batzuk dituen entitate bat da, pertsona batzuk erdigunean jartzen ditu eta beste batzuk kanpoan uzten ditu, eta batzuetan zapaltzaileagoa da eta beste batzuetan demokratikoagoa. Gizartetxo honetan (ikasgelan), gizarte helduan ikusten diren diskriminazio dinamika asko errepikatuko dira.

Beren garapenerako funtsezkoa izango den inguru horretan, diskriminazio dinamikak ez errepikatzea lortzeko, oso garrantzitsua iruditzen zaigu:

• Ikuspegi sistemiko batetik jorratzea taldearen-ikasgelaren sinesmen kulturalak eta balioak.

• Dibertsitatea hobea/txarragoa terminotan bizitzeko joerari buelta emateko lan egitea egunero.

• Sexua-generoa sistemak umeen eta nerabeen bizitzan duen eragina gogoan izatea.

2.2. Sexua-generoa sistema

“Dibertsitatea bizitzaren adierazpen bat da, giro jakin bati ematen dion erantzuna, existitzeko aukeren azterketa da” Brigitte Baptiste. Biologo eta aktibista transexuala.

Page 5: Guía de coeducación euskera

Sexua-generoa sistema edo patriarkatua sinesmen sistema bat da, mendebaldeko kulturan oro har onartua eta adostua, eta kasuan kasuko sexuaren (arra/emea) eta jokabideen (maskulinotasuna/feminitatea) artean lotura bat dagoela dio.

Generoa maskulinotzat edo femeninotzat jotzen diren eta hurrenez hurren arrei eta emeei egotzi ohi zaizkien ezaugarrien eraikuntza psikologiko, sozial eta kulturala da. Bestela esanda, kultura batek gizona edo emakumea izateari egozten dion esanahia da. Asko sinplifikatuz, esan liteke generoa gizarteak espero duenaren sinonimo dela 2.

Azpimarratzekoa da esanahi hori dinamikoa dela, denboraren poderioz aldatzen dela eta kultura bakoitzean era desberdinetan ikusten dela. Horrek frogatzen du ez dela ezaugarri biologiko eta estatiko bat, kulturala eta ikasia baizik.

Estereotipo bat iritzi bat da, zigor bat, balio bat edo espero den zerbait, komunitate edo azpi-kultura jakin bateko kideei ezartzen zaiena, eta azpi-kultura maskulino eta femeninoen kasuan, genero estereotipoak dira.

Emakumeei dagokienez, genero estereotiporik ohikoenak honakoak dira: menpekoak, ahulak, zalantzatiak, emozionalak, berritsuak, pasiboak, eztiak, ulerkorrak, sexualki erreprimituak, manipulatzaileak.

Gizonen kasuan, berriz, honakoak dira ohikoenak: independenteak, indartsuak, ausartak, arrazionalak, aktiboak, gogorrak, lehiakorrak, bihozgabeak, sexualki askeak, sinpleak, paso egiten dute, oldarkorrak.

Zergatik hitz egiten dugu “egotzitako sexua”ri buruz?

Zientziak eta diskurtso medikoak sexua pertsona bat arra ala emea den zehazten duen ezaugarri biologikoa dela adierazten dute. Oro har, sexuaren sei osagai nagusi bereizten dira: osaketa kromosomikoa, ugalketa organoak, kanpoko sexu-organoak, barruko sexu-organoak, jokabide hormonala eta ezaugarri sexual sekundarioak. Hala ere, sexu bakoitzean ager daitekeen osaketa genetikoa eta hormonala oso aldakorra izan daiteke, eta sexu-arteko pertsonak ere aurki daitezke.

Hori dela eta, azken teoria feministek sexua eta generoa kategoriak ñabartu egiten dituzte, eta zehazki, norbere desberdintasun biologikoa gizartean prozesu historiko eta sozial baten bitartez eraikitzen dela diote. Sexuen arteko desberdintasuna orain arte eztabaidaezina iruditzen zitzaigun, eta desberdintasun hori ez da anatomikoa bakarrik, sozialki eraiki eta pentsatutako zerbait ere baita 3.

Gizakia jarraitutasun bat bezala ikusi behar dugu, muturretan gizona eta emakumea egongo lirateke, eta tarte horretan, gizabanako bakoitza puntu desberdin batean kokatuta dago. Bada, funtsezkoa da norbere identitate sexuala errespetatzea, hau da, pertsona batek bere burua gizon edo emakume gisa ikustean edo bi kategorien artean puntualki edo etengabe mugitzean bere buruari buruz egiten duen identifikazioa da 4.

Generoak gure gizartean duen papera

Generoa pertsonak sailkatzeko erabiltzen den formula aski onartu bat da, eta oso esparru garrantzitsuak egituratzea ahalbidetzen du, hala nola familia, lana, ugalketa, etab. Harremanei egonkortasun handia ematen dien elementu bat da, binomio heteropatriarkalaren barruan guztia “oso erraz aurreikusten” delako. Baina pertsonak gizona/emakumea, maskulinoa/femeninoa binomio horiek baino askoz konplexuagoak gara. Sarritan, binomio horiei gogor eusten diegu, besteen errespetua eta onarpena lortzeko modua dela sentitzen dugulako.

Sexua eta generoa ulertzen ditugun moduaren ondorioz, neskatila edo mutiko batek bereganatzea espero dugun ikaskuntzetako bat da beren identitate sexuala, generoarena eta beren desio sexualaren orientazioa eraikiko dituztela, denboran zehar mantenduko dituztela eta genero-estereotipoen araberakoak izango direla.

Mutilei txiza zutik egiten irakatsiko diegu, eta neskei eserita egiten, familiak normalean mutilak joko aktiboetan eta pilotekin jolastera bultzatuko ditu, eta neskak zaintzarekin eta etxeko eginkizunekin lotutakoetan jolastera. Mutiko batek neska den lagun min bat duenean bere neskalaguna den galdetuko diogu naturaltasun osoz, eta jakintzat emango dugu lagunak direla mutil bat denean, etab.Mutilen eta nesken arteko bereizkuntza familiak eta gizarteak indartu egingo dute jolasetan, ikasketetan, kiroletan, haiengandik espero dutenarekin eta dituzten ametsekin. Eta nerabezaroan eta bizitza osoan zehar gauza bera gertatuko da.

Uste horiek segurtasuna ematen diote neskatoari edo mutikoari, hazteko esparrua ematen diotelako. Baina aldi berean, haren garapena mugatzen dute eta oso zapaltzaileak izan daitezke gizarteak eta familiak haiengandik espero dutena betetzen ez dutenean. Umeekin eta gazteekin batera dauden pertsona helduak ere sarritan seguruago eta erosoago sentitzen dira beren sexuaren arabera espero dena betetzen dutenean, eta seguruenik, ezarrita dauden rolak betetzen laguntzen diegu, batzuetan oso agerikoa ez bada ere.

Page 6: Guía de coeducación euskera

2.3 Generoarekin lotutako diskriminazioak

Kultura patriarkalaren oinarriak

Genero-diskriminazioaren dinamikak Heteropatriarkatuaren oinarrizko uste batzuei jarraiki aktibatzen dira.

Batetik, sexismoa dago, hau da, pertsonek beren sexuaren arabera aldez aurretik ezarrita dauden jokabide kode batzuk bete behar dituztela eta kode horiek bi baino ez direla. Hortaz, gizona eta emakumea bi termino kontrajarri eta bateraezin izango lirateke. Queer mugimenduak 5 zalantzan jartzen du uste hori, eta mugimendu horren ideiek eragin argia izan dute biztanleriarengan. Hala eta guztiz ere, oraindik mundua ikuspuntu bitar batetik ikusteari uztetik urrun gaude.

Bestetik, matxismoa dago, hau da, maskulinotasunari egozten zaizkion ezaugarriek feminitateari egozten zaizkionek baino balio, aintzatespen eta garrantzi handiagoa dutela. Horrek gure pentsaera sozialetan ondorio argi bat du: ziur egotea gizon bat emakume baten gainetik dagoela.

Gure gizartean ez dago gizonak emakumeen gainetik daudela adierazten duen inolako lege idatzirik (oker ez egotea espero dugu), eta matxismoa ez da hain argi ikusten 6, baina ñabardura ugari daude, nahiz eta esparru batzuetan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunak asko egin duen aurrera. Baina egia da, era berean, matxismoa oraindik ere existitzen dela eta eragin handia duela gizonen nahiz emakumeen pentsaeran, bereziki esparru intimoan, eta dramatikoki ikusten da gehiegikeriazko harreman afektibo-sexualetan.

Eta azkenik, heterozentrismoa dago, hau da, gizonek nahiz emakumeek errespetatu behar duten oinarrizko estereotipoetako bat da desio sexualak heterosexuala izan behar duela, eta ondorioz, beste sexuarekikoa izan behar duela.

Sistema heteropatriarkalak eragin desberdina du gizonengan eta emakumeengan. Emakumeak gutxi baloratutako mundu batekin identifikatuak izan dira, eta horregatik, hainbat bidegabekeriari aurre egin behar izan diete. Bada, borroka feministak hasieran emakumeek mundu maskulinokotzat jotzen ziren gauzak egiteko eskubidea dutela aldarrikatzean kontzentratu ziren, gauza garrantzitsuak egiteko eskubidearen defentsan: botoa ematea, etxetik kanpo lan egitea eta soldata bat jasotzea, enpresetan eta arlo politikoan erantzukizunezko karguak izatea, beren sexualitateaz gozatzea, etab.

Gizonen kasua desberdina da. Kultura heteropatriarkalak posizio pribilegiatu batean jartzen dituen arren, horrek ez die beti mesede egiten. Maskulinotasunaren prezioa eta kostuak altuak dira. Bada, gizonek mende luzez eta gaur egun ere ezin izan dituzte beren emozioak adierazi, ezin izan dute besteak zaintzeaz gozatu, ezta beldur izan, behar dutenean laguntza eskatu, etab. ere. Gizonek

ezin izan dute eta ezin dute beren potentzial osoa askatasunez aztertu. Emakumeek ez bezala, ez dute nazioarteko borroka kolektibo bat hasi mundu femeninoan sartzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko, eta mundu honen pertzepzioa ez delako positiboa gertatu da hori: mende luzez, bigarren kategoriatzat jo izan da 7.

Gainera, sistema heteropatriarkalak ez ditu aintzat hartzen “gizon” eta “emakume” heterosexualen kategorietatik kanpoko aukerak: pertsona homosexualak eta bisexualak baztertu egiten ditu, sexu arteko pertsonak edo transexualak estigmatizatu egiten ditu eta ikusezin bihurtzen ditu, eta, azken finean, sexua-generoa sistemaren edozein urraketaren kontrako kontrol soziala eragiten du.

Ondorioz, funtsezkoa da kontuan hartzea neskak eta mutilak modu desberdinean hezi gaituztela. Mezu desberdinak jaso ditugu eta, sarritan, trebetasun desberdinak garatu ditugu. Bidezko tratua sustatu nahi badugu, gogoan izan behar dugu gure gizartean, gure ikastetxean eta gure taldean-ikasgelan sexu eta genero identitateak nola egituratzen diren, bidegabekeria eta indarkeria egoerak lantzeko.

Page 7: Guía de coeducación euskera

2.4. Ibilaldia hezkidetzan zehar

Hezkidetzaren mundua beti baldintzatu dute heteropatriarkatuak eta une historikoak, bai antolatzeko moduari dagokionez, bai eskolako eguneroko lanari dagokionez. Espainiar Estatuan Rousseauk XVIII. mendean sustatu zuen hezkuntza banandu edo bereizi bat izan dugu; eta bertan, hezkuntza desberdina eskaintzen zen neskentzat eta mutilentzat. XIX. mendean, berriz, neskak eskolatzearen alde borrokatu zen, baita emakumezko irakasleak prestatzeko eta emakumeek goi-mailako ikasketak izateko eskubidea izan zezaten ere, eta gauza handiak lortu ziren XX. mendearen lehenengo 30 urteetan.

Ferrer i Guardiak 1908an honakoa idatzi zuen: “Emakumeak ez du etxean sartuta egon behar. Bere ekintza-esparrua bere etxeko hormetatik kanpora iritsi behar da: esparru horrek gizartea hasten eta bukatzen den tokira iritsi beharko litzateke. Baina emakumeak bere ongintzazko jarduera gauza dezan, eskuratzea uzten dioten ezagutzek ez dute ezerezaren pare egon behar: gizonek bereganatzen dituzten berberak izan beharko lirateke, kopuruari eta kalitateari dagokienez” 8.

Frankismoaren garaian, emakumeen askatasunek eta eskubideek atzerakada handia jasan zuten, eta kalitate pedagogikoan ere atzerapausoak eman ziren. Emakumeen eskolatzeko eta kalitatezko prestakuntza jasotzeko eskubideak nabarmen egin zuen atzera, eta oraindik ere horren eragina ikusten da Estatuko biztanleriaren maila kulturalean.

XX. mendeko 70eko hamarkadan demokrazia parlamentarioa iritsi zenean, hezkuntzarako eskubide unibertsala ezarri zen, eta eskola mistoak jarri ziren. Hezkidetza, une hartan, mutilek eta neskek gauza berak elkarrekin ikasten zituzten tokien sinonimo zen, ikastetxeen sinonimo, alegia.

Hala eta guztiz ere, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun sozialak ikasgelan ere islatzen jarraitu ziren. Eta oraindik ere gauza desberdinak espero dira mutilengandik eta neskengandik, eta desberdintasunak daude ibilbide akademikoa aukeratzeko dituzten aukeretan.

Eskola androzentrismo historiko baten ondorengoa da, baina ez soilik lengoaiari, testuliburuei eta haurrentzako ilustrazioei dagokienez, ezkutuko curriculumean eta irakasleok ikasleekin ditugun harremanetan ere bai. Neskek gehienetan paper pasiboak hartzen jarraitzen dute ikasgelan mutilek jasotzen duten arreta bera jasotzen ez dutenean (mutilak gatazkatsuagoak edo aktiboagoak direlako bada ere), eta mutilek erdigunean egoten jarraitzen dute gelan, patioan, jokoetan nahiz bileretan 9.

Eskola mistoak generoaren ikuspuntua kontuan hartu gabe hedatu zenean, tradizionalki maskulinotzat jo diren balioak azpimarratu ziren, hala nola lehiakortasuna, oldarkotasuna, gailentzeko eta lehenengoa izateko nahia, zailtasunak kontuan ez hartzea, etab. Hau da, eredu horrekin bat datozen ikasleak lehenetsi ditu, ondoren ekoizpen eredu ezarrian “behar bezala” jardun ahal izateko. Horren ondorioz, neskek gero eta kuota altuagoak lortu dituzte goi-mailako ikasketetan, baina beirazko

sabai batekin egiten dute topo ikasketa teknikoagoak aukeratzen badituzte eta beren kalifikazioak ez dira beren ibilbide profesionaletan islatuta ikusten.

Horrexegatik, hezkidetzaren kontzeptua neskatilek eta mutikoek jasaten dituzten sozializazio desberdinak aintzat hartzen dituen begirada batera zabaldu da, femeninotzat jotzen dena balioestearen garrantzia azpimarratzen duen begirada batera. Horrek ondorio berritzaileak izan behar ditu ikastetxearen antolamenduan, lengoaian, curriculumetan eta taldeen egunerokoan 10.

Azken hamarkadetan, ahots batzuek, Daniel Gabarró-renak 11, besteak beste, generoaren ikuspuntua nesken eskubideak ez ezik mutilen emaitza akademiko txarrak ere zuzentzeko sar dadila eskatzen dute, mutilen emaitzak jaisten ari baitira, mutil nerabeek identitate maskulino hegemonikoaren balioak bereganatzen dituztelako, hala nola paso egitea, jokabide arriskutsuak izatea, homofobia eta misoginia. Jokabide horiek mundu akademikoaren barruan berentzat kaltegarriak dira.

Beste ahots batzuek, berriz, harreman intimoetan eragina duten iritzi matxistak lantzeko beharra azpimarratu dute, nerabezaroan oso garrantzitsuak baitira mutilen eta nesken lehentasunen artean; izan ere, eskolatik aldarrikatzen den berdintasun diskurtsoarekin bat ez datorren pentsaera matxistak ezohiko hedapen maila lortu du. Ikasgelan genero-indarkeria prebenitzeko programak egiten hasi dira eta gehiegikeriazko harremanak prebenitzeko agente gazteak trebatzen ari dira. Espainiar Estatu osoan gai horretara bideratutako ekimenak antolatzen dituzte irakasleek, gaiak keztatu egiten dituelako 12.

Beste sektore batzuetan ere azpimarratu da ikasgeletan dibertsitate afektibo-sexuala ikusarazi egin behar dela, ikastetxeetako neska-mutilen jazarpenaren eta homofobiaren arteko harremanaren gaineko datu ikaragarriak daude eta. Era berean, bullying homofobikoari buruz ere hitz egiten hasi da 13.

Hainbat jatorri kultural eta linguistikotako neska-mutilak ikasgeletara iritsi direnez eta kalean eskubide sozialen eta diskriminaziorik ezaren aldeko borroka globalizatu egin denez, eskola-sistemaren porrota, jazarpena eta diskriminazioa inoiz baino gehiago aztertu behar dira kausa anitzeko ikuspuntu batetik. Hezkidetzak harago joan behar du.

Gure ustez, hezkidetzak esan nahi du gelak aldi baterako komunitate txikiak direla eta bertan demokrazia sakona bizi daitekeela. Baina horretarako, ikasgelaren-komunitatearen parte diren pertsona guztiak ikusiak eta aintzatetsiak izan behar dira, beren izaera, iritziak eta gustuak modu seguruan eta askatasunez garatzeko aukera izan dezaten.

Page 8: Guía de coeducación euskera

3- Nola aldatu diskriminazio dinamikak eta kudeatu dibertsitatea

Arnold Mindell-en 14 hitz batzuekin hasiko gara, Prozesuen Lanaren sortzailearen hitzekin, alegia, atal honen goiburuko galderari lehenengo erantzun bat eman nahi diogulako.

“Diskriminazio-dinamikak aldatzeko eta dibertsitatea aberastasun bat bezala bizitzeko, gatazkaren erdian esertzeko eta geure baitan entzuteko eta adierazpen modu eta ahots guztiak onartzeko gaitasuna garatzeko konpromisoa hartu behar dugu”.

3.1. Alde guztiei ongietorria egitea

Ongietorria egitea diskriminatzearen edo marjinatzearen kontrakoa da. Marjinazio dinamikei erantzuteko aukera ematen digun gaitasun nagusia ongietorria egitea da.

Ahots eta esperientzia guztiei ongietorria egiteak ez du esan nahi gauza guztietan ados egon behar denik, ahots guztiak entzuteko jarrera eta enpatia erakutsi behar direla baizik, baita atsegin ez ditugun ahotsak edo deserosoak iruditzen zaizkigunak entzuteko ere. Badakigu ez dela batere erraza.

Demokrazia Sakonak talde baten aldeei eta talde batean egoteko modu desberdinei ongietorria egitera animatzeaz gain, barnean ditugun ahotsei entzutea eta gauzak adierazten diren maila desberdinei (ahozko maila, arrazionala, emozioen maila, sentsazioak eta gorputza, baita guztiok batzen gaituen funtsa ere) arreta eskaintzea bultzatzen du.

Adibide bat: Alde guztiei ongietorria egiten dien aurkezpen bat

Lehen Hezkuntzako 5. mailako gela batera iritsi ginen. Sexualitateari buruzko tailer bat proposatu ziguten. Bezperan esan zieten joango ginela, eta agertzen ikusi gintuztenean, ume gehienak oihuka hasi ziren, aurpegia ezkutatzen, oinak mugitzen... urduritasuna nagusitu zen. Gu ere sabelean urduritasuna nabaritzen hasi ginen.

Gelara sartu ginenean, ezin genuen hitz egin, esaten genuen guztiak barre eragiten zielako.

—Kaixo —(barreak)—. Zer moduz? —(barreak)—. Giroan urduritasuna nabaritzen da, eta nik ere nabaritzen dut sabelean, baita lotsa apur bat ere. Nori gertatzen zaio gauza bera?— Bai... —erantzun zuten. Barre gehiago, zaratatxoak, neskak eta mutilen bat aurpegia ezkutatzen.—Ongi etorri urduritasuna eta lotsa —eta agerikoago egin nituen, urduritasun saltotxoekin eta aurpegia lotsagatik ezkutatuz, eta barre egin zuten.

Orduan galdetu nuen:

—Ba al daki norbaitek zergatik daukagun giro hau?—Tailer bat egingo duzuelako zerari buruz... —ezin zuen hitza esan ere. —Sexualitateari buruzkoa —esan zuen norbaitek ahoa estaliz. —Sexualitateari buruzko tailer bat —errepikatu nuen (barreak). —Zuen ustez, zer da sexualitateari buruzko tailer bat?

Hezkidetza aukera-berdintasuna bultzatuz heztea da, desberdintasunak kontuan hartuz, eta taldeak-komunitateak dibertsitatearen esperientzia aberasgarria eskain dezala sustatuz.

Page 9: Guía de coeducación euskera

Erantzunak:

—Gauza nazkagarri bat da, txarra. —Pornografia —esan zuen beste batek—. Neska bat eta mutil bat, gauez, hondartzara doazenean. Edo ohera. Ze nazka! Umeak nola egiten diren azalduko diguzue, baina guk hori badakigu. Eta nesken hilerokoari buruzko gauzak ere badakizkigu.

Gelaren zati bat gehiago identifikatzen da sexualitatearen gainean asko jakitearekin eta beste zati bat ez da hainbeste identifikatzen. Hortaz, esatea eta ongietorria egitea erabakitzen dut:

—Gaur sexualitateari buruz hitz egingo dugu. Gelako batzuek beharbada sexualitateari buruz asko dakitela pentsatzen dute. Agian beste batzuek ez dakitela hainbeste pentsatzen dute. Eta bata zein bestea oso ongi daude. Beharbada, gelako batzuei etxean gauza asko edo gauza batzuk azaldu dizkiote, eta agian zuetako batzuek gai honi buruz oso gutxi edo ezer ez dute entzun. Eta bata zein bestea oso ongi daude. Eta ongietorria egin nahi diegu gaur gelan egongo diren sentimendu guztiei, lotsari eta urduritasunari. Baita harritasunari, beldurrari, goibeltasunari, barreei eta zorionari ere. Sentitzen duzuen guztia oso ondo dago. Agian zuetako batzuei asko interesatzen zaizue edo jakin-min handia duzue eta galdera asko egin nahi dituzue. Beharbada beste batzuei gaia ez zaie batere interesatzen. Edo beharbada norbaiti asko interesatzen zaion arren, ez du hitz egin nahi. Gaur, parte hartzeko modu guztiak onartuko ditugu. Eta ezinezkoa izango da huts egitea.

Ongi baderitzozue, orain altxatu egingo gara eta jolas bat egingo dugu, elkar ezagutzeko...

Ongietorria egin ondoren, giroa askoz lasaiagoa zela nabaritzen zen. Ongietorria egiten duzunean, jendea (eta zu zeu ere) etxean bezala sentitzen da. Tailerra bukatzean, askok hitz egin zutela ikusi genuen. Irakasleak esan zigun harrituta geratu zela gelako neskarik lotsatienetako batek ere hitz egin zuelako. Muga asko eragiten dituen gai bati buruz mintzatu ginen arren, umeak gero eta seguruago sentitu ziren.

Inklusioaren izenean batzuetan marjinatu egiten dugula eta...

Balioetan oinarrituz hezi nahi izatea (adibidez, berdintasunean, solidaritatean eta inklusioan oinarrituz) erabakigarria eta nahitaezkoa da. Mutiko edo neskatila batek gauza sexista edo arrazistaren bat edo besteekiko errespetu gutxikoa den zerbait esaten badu, garrantzitsua da adieraztea eta dagokion erantzuna ematea.

Era berean, oso garrantzitsua da esandako horren inguruko jakin-mina izatea. Sarritan entzun dugu neska nerabeen ahotan “matxismoa orain ez da arazo bat” esaldia, baina beren ikuspuntuari buruz gehiago hitz egitera animatu ditugunean ikusi dugu neska horiek gizonen gehiegikeriak jasan zituztela eta ukapen fasean zeudela. Beste batzuetan, berriz, ohar arrazista baten atzean ezjakintasun handia eta desberdintasunarekiko beldurra zeudela ikusi dugu.

Diskriminazioaren kontra borrokatzeko, beharrezkoa da diskriminatzen duena ez diskriminatzea eta bere ikuspuntua azaltzera gonbidatzea, bestela, baztertzen duena baztertu egiten dugu, eta horrela, alderantzizko zapalkuntza dinamika bat sortzen dugu.

Adibide bat: Deserosotasunari ongietorria egitea

Behin, hijabak zituzten neska asko zeuden ikasgela batean geunden. Generoari eta kultura-artekotasunari buruz hitz egiten hasi ginen. Tentsioa eta deserosotasuna areagotzen ari ziren, eta hijaba zuten neskak urduri zeudela nabaritzen genuen. Orduan, norbaitek sentitzen ari zena azal zezakeen galdetu genuen. Inork ere ez zuenez ezer esaten, gure esku-hartzea deseroso bihurtzen ari zena errespetu osoz adieraztera bideratu genuen, esaten zaila zena adieraztera:

—Ziurrenik pertsona batzuek ez dakite gela honetan zergatik dauden zapia daramaten neska batzuk, eta beharbada ez zaie ongi iruditzen. Seguruenik hori esatea ez da erraza, ez duzuelako jarrera lotsagabeegia izan nahi, ezta?

Batzuek buruaz baiezkoa egin zuten.

Orduan, hijaba zeramaten neskei galdetu genien ea gelara zapia zergatik zeramaten azaltzeko gogorik zuten. Neskak hitz egiten hasi ziren, eta gelako besteek galderak egiteko baimena eskatu zieten, eta neskek baietz erantzun zieten, irribarre zabal batekin!

Horrela, gaiari buruz oso truke aberatsa lortu genuen, eta denek lortu zuten kulturak gurutzatzearen zailtasunen gaineko kontzientzia handiagoa. Gela hartan hiru urte baino gehiago zeramaten elarrekin eta ordura arte ez zuten gaiari buruz argi eta garbi hitz egin.

Page 10: Guía de coeducación euskera

Horrekin esan nahi duguna da “zer”a “nola” bezain garrantzitsua dela. Diskriminaziorik ezaren izenean ez entzuteko edo jakin-minik ez izateko jarrerak baditugu, gure ereduaren bitartez ondo iruditzen ez zaizkigun edo ulertzen ez ditugun jarrerei aurre egiteko modu berriak erakusteko aukera galtzen dugu.

Hain zuzen ere, horixe da gure proposamenaren puntu nagusia: Nola entzun dezakegu gogaitzen gaituena? Nola lor dezakegu interesa edo errespetua ez galtzea besteak ez gaituela errespetatzen sentitzen badugu?

Ongi eta gaizki dagoenaz haraindi, errealitatea guk ez bezala edo gaizki iruditzen zaigun modu batean ikusten duen, pentsatzen duen, sentitzen duen edo jokatzen duen norbaitekin topo egiten dugunean egiten duguna dago. Zentzu horretan aldaketak lortzeko lan egiten badugu, inklusioaren ideia azkeneraino eramango dugu.

Horrek zer esan nahi du, ez dagoela mugarik?

Inola ere ez. Ahots guztiei hitz egiteko aukera eman nahi izateak ez du esan nahi haiekin ados egon behar dugunik edo “hemen denak balio du” esango dugunik. Pentsatzen duguna da gela batean mutilek neskekin ez dutela errespetuz jokatzen ikusten badugu eta jokabide jakin batzuk debekatzeko arau batzuk baino ez baditugu ezartzen, jokabide horien atzean dauden pentsaera eta esperientziekin lan egiteko eta denboran zehar mantenduko diren aldaketak lortzeko aukera galduko dugula.

Taldeari-gelari honakoa esan diezaiokegu, besterik gabe:

-“Uste dut gela honetako mutil batzuek neskak baimenik gabe ukitzen dituztela eta mespretxuzko gauzak esaten dizkietela. Ez zait ondo iruditzen eta ez dut ulertzen. Tutoretza saio honetan gai honi buruz hitz egingo dugu, eta guztion artean ikusiko dugu zer egingo dugun egoera honekin. Neska batzuek eta mutil batzuek egoera honetan nola sentitzen diren adieraztea gustatuko litzaidake, eta gai honekin zuzenean lotuta ez dauden beste mutil eta neska batzuen ikuspuntua ere ezagutu nahiko nuke”.

Horrelako kasuak zuzenean trata ditzakegu gela osoarekin, edo pertsona batzuekin bakarka hitz egin dezakegu.

3.2 Irakasleok egiten dugun barneko lanaren garrantzia

Ahots guztiei entzun ahal izateko, gure dibertsitatea errespetatu eta behatzeko gaitasuna garatzeko gai izan behar dugu. Gure baitan, sinesmen batzuekin gehiago identifikatzen gara eta gehiago kostatzen zaigu beste batzuk bereizi eta hitzez adieraztea. Batzuetan, gauza batzuk onartzea zaila da, sozialki muga eta zigor gogorrak baitaude arau jakin batzuk hausten dituztenentzat.

Taldeekin dinamika bera gauzatzen da. Taldeek beren talde nortasuna edo kultura dute, hau da, taldea gehiago identifikatzen da uste batzuekin eta ez hainbeste beste batzuekin. Taldeko kultura hori zehatzagoa edo ez hain zehatza izan daiteke, baina beti egoten dira idatzi gabeko arau batzuk eta taldera sartzen den edonork nahiko argi ikusiko ditu.

Taldeak beretzat hartzen dituen balioak eta jarrerak (gu honelakoak gara...) nahiz taldeak arbuiatzen dituen edo ezagutzen ez dituen jokabideak, baina azaleratzear daudenak, bigarren planoan ikusten direlako, taldearen nortasunaren parte dira. Errazago ikusten dena zein intuizioaren bitartez hautematen eta esatea gehiago kostatzen dena ere taldearen parte dira.

Geure dibertsitatearen gaineko barneko lana erabilgarria izan daiteke, adibidez, maisu gisa, zaila da argi eta garbi esatea “ez dut klasera joateko gogorik, gaur piper egingo nuke”, eta egia esan, lanean arazo ugari izan ditzakegu egiten badugu. Aldi berean, geure buruaren alderdi horrekin bihozberak izateak horrela sentitzen diren eta beren sentimenduak debekatuta daudela-eta sozialki gutxi legitimatuta dauden moduetan adierazten dituzten ikasleak ulertzen lagunduko digu.

Alde guztiei ongietorria egiteak jarrera irekiagoa garatzea esan nahi du. Gure iritzia adieraz dezakegu, baina garrantzitsua da lehenbizi taldearekin bat datorrena aipatu eta balioestea eta bigarren planoan dagoena ere aipatzea, ziurrenik taldeko sistemaren barruan “marjinatuago” dagoen pertsona batek edo bik adierazten dutena, alegia.

Adibide bat: Gogaitzen gaituenarekiko jakin-mina

Taldea isilarazten eta tutoretza hasten saiatu ondoren, tutorea haserretzen hasten da. Orduan, gertatzen ari denari ongietorria egiteko gaitasunarekin konektatzeko segundo bat hartzen du, eta honakoa esaten du:

“Ikusten dudanez, zuen artean hitz egitea atsegin duzue, eta ziurrenik gauza garrantzitsu ugari dituzue elkarri esateko (erne: ironia doinurik gabe!). Seguruenik patioko eta korridoreko denbora ez da nahikoa behar hori asetzeko... aldi berean, zuetako askok gelan adi egon nahi duzuela ikusten dut. Nori gertatzen zaizkio bi gauza hauek? Gaur tutoretzan pixka bat hitz egin dezagula nahi dugu”.

Page 11: Guía de coeducación euskera

• Taldearekin gaudenean ditugun sentimenduak, intuizioak eta gure gorputzaren sentsazioak (beldurra, deserosotasuna, lotsa, tentsioa...) ez baztertzea. Taldearen-ikasgelaren atmosferari buruzko informazio balioduna dira, ahoz esaten dena bezain balioduna, gainera.

• Taldearen nortasunaren alderdirik ezagunenak balioetsi eta gailentzea, ez daitezen mehatxatuta sentitu ahots ezezagunago batzuk azaltzen direnean.

• Pribilegio gehien dituzten pertsonak erantzukizunak onartzera animatzea eta babesa ematea beren mina adieraz dezaten. Baztertzen duena ez baztertzea. Beste aldearekiko kalte morala konpontzera animatzea.

• Taldeko pertsonarik “baztertuenak” babestea beren iritzia adieraz dezaten, taldearentzat informazio baliotsua ematen dutelako. Sentitzen garen moduari buruz hitz egitera gonbidatzea. Norbere sentimenduen ardura hartzen laguntzea.

• Adierazteko dugun gaitasun handiagoa eta (normalean) legitimotasun handiagoa aprobetxatzea hitz egiten laguntzeko eta tabuak eta esaten zailak diren gauzak adierazten laguntzeko.

• Batzuetan, sentimenduak hitzez adieraztea lagungarria izan daiteke berdin sentitzen ziren baina esatera ausartzen ez diren beste pertsona batzuentzat.

• Isiltasuna errespetatzea: taldean zapalkuntza edo gai zailak daudela adieraz dezake. Barreek ere gai bat taldearen puntu bero bat dela jakiteko arrastoak ematen dizkigute.

• Inkongruentziak azpimarratzea, adibidez: umeek pozik daudela diote baina giroan goibeltasuna nabaritzen dugu.

• Taldeko elkarrizketak astiro egitea, seriotasunez, pentsatzen dutena azaltzeko seguru senti daitezen: hau gure ongietorri jarrerarekin zuzendu behar dugu.

Badakigu irakasleak eskola eman eta guztiak adi egotea nahi duela. Baina, momentuz, bere iritzia baztertzea eta gertatzen ari denaren gaineko jakin-mina erakustea erabakitzen du. Ziurrenik, espazio hau irekiz, hainbat gairi buruz hitz egiteko aukera egongo da, adibidez, lagunak izatea edo ez izatea, arrakasta akademikoa izatea edo ez izatea, eta talde osoarentzat oso garrantzitsuak diren beste gai batzuk. Irakaslearentzat beharrezkoa da kontzentrazio giro batean lan egitea, eta ziurrenik, gelaren zati batek irakasleak nahi duen gauza bera nahiko du. Gehiengo berritsuenak sentitzen badu bere iritzia adieraz dezakeela hasieratik epaitua izan gabe, gutxiengo horrentzat errazagoa izango da bere iritzia adieraztea, eta ziurrenik, irakasleak ez du ezta pentsatzen duena esan beharko ere, bere iritzia beste norbaitek adieraziko duelako.

Taldearen-ikasgelaren kulturan, irakasleok osagai garrantzitsua gara. Irakasleok sarritan pentsaera batzuk indartu eta beste batzuk marjinatu egiten ditugu. Pentsaera batzuk izatea eta adieraztea ez da ona, ezta txarra ere; gure posizioaz ohartu behar dugu, baita balio eta iritzi batzuk beste batzuen gainetik jartzeak duen botereaz ere, eta iritziak noiz eta nola adierazi erabaki behar dugu.

3.3. Sakoneko Demokrazia lantzeko 10 ideia erabakigarri

• Ahots guztiei ongietorria egitea eta jakin-minez heltzea. Taldeko pertsonei nahiz gure barneko ahotsei aplika dakieke.

Page 12: Guía de coeducación euskera

4. Nola hezi generoaren ikuspuntua barne hartuz

Hezkidetza aukera-berdintasuna bultzatuz heztea da, desberdintasunak kontuan hartuz, eta taldeak-komunitateak dibertsitatearen esperientzia aberasgarria eskain dezala sustatuz.

Gida honetan bereziki jaso nahi dugun dibertsitate ardatz bat genero-dibertsitatea eta dibertsitate afektibo-sexuala da, baita horrekin lotutako desberdintasunak eta indarkeria ere.

Ikasgelako diskriminazio dinamikak aldatzen hasteko, funtsezkoa da estereotipoei eta generoarekin lotutako zigorrei arreta jartzea. Paraleloki, pentsaera diskriminatzaileak errotik landu behar dira, eta emakumeenak edo femeninotzat jo ohi diren balio, jarrera, trebetasun eta gai batzuek eskolan eta gizartean izan duten balorazio urria ere bai. Eginkizun honek oso dimentsio zabala du, eta horregatik, gaiari buruzko gida osatuagoetara jotzea gomendatzen dizuegu 15.

Hezkuntzaren egitura funtsezkoa da; hau da, hezkidetzaren ikuspuntutik aztertu behar dira espazioen eta denboren antolamendua, erabakiak hartzeko modua eta eskolak familiekin, umeekin eta gazteekin sortzen duen harremana, hori izango baita eguneroko zereginetan sartzen ditugun aldaketak iraunkor egingo dituena.

4.1 Estereotipoak zalantzan jartzea eta genero-zigorrak lantzea

Estereotipoak hausten dituzten eta sexua/generoa sistemarekin bat ez datozen pertsonak diskriminatzea genero-zigorrak deritzogunaren bitartez egiten den zerbait da: normalean bromekin, barreekin, zerbait esanez (zuzenean eta gizarte-sareetan), irainekin, taldetik kanpo utziz edo ezizenekin egiten da, eta, batzuetan, zuzeneko erasoekin.

Mekanismo horiek nahiko ongi ezagutzen ditugu, zoritxarrez oso ohikoak direlako eta are ohikoagoak ziren gida hau irakurtzen dugunok eskolara joaten ginenean. Hemen adierazpenok eta horien ondorioak normaltasun osoz onartu ditugula ikustearen eta kontzientzia hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu.

Kontuan hartu behar da berdinen artean ezartzen diren zigorrek (mutil batek “nesken gauzak” egiten dituenean eta alderantziz) oso eragin garrantzitsua izango dutela ume guztien nortasuna eratzeko prozesuan. Mezu zigortzaileak zigorra jasotzen duena ez ezik, gelako gainerako pertsonak ere

zapaltzen ditu. Sarritan, bullyinga zuzenean egoten da lotuta genero-zigorrekin; horregatik, merezi du gelditu eta zigor horiei arreta eskaintzea, jakin-minez baina seriotasunez.

Seguruenik, irakasle gisa noizbait pentsatu izan dugu neska bat oso “mari-mutila” zela eta gelako mutilen bat “maritxuegia” zela. Egia esan, neska eta mutil guztiek urratzen dituzte “genero-arauak” nolabait, inork ere ezin duelako gizon edo emakume menderatzailearen eredua bete-betean bete. Batzuetan, gelako mutil edo neska bati gizarteak bere sexuari egozten dizkionak ez diren kodeen arabera janztea edo jokatzea gustatzen zaio.

Irakasleok eta senideek harrituta begiratzen diogu eta ez dakigu zer egin behar dugun.

Gogoan izan behar dugu jokabide horiek naturalak direla eta ez direla kaltegarriak ez pertsonarentzat, ez haren sexualitaterako, ez haren osasunerako, ezta haren etorkizuneko bizitza sozialerako ere. Aitzitik, kaltegarriena (bereziki generoarekin lotutako arauak gehien “hausten” dituzten neska-mutilentzat) bere berdinen taldeak eta helduek ezarriko dizkioten zigorrak dira. Eta esparru horretan asko dago egiteko.

Norbaitek neska bati urdanga bat dela edo mutiko bati maritxu bat dela esaten dionean, gela osoak ikasten du, eta ikusten dute generoen rolak hausten dituzten pertsonak irainekin zigortuak eta lotsaraziak izango direla, broma tonuarekin ala ez, eta zigor gogorrago edo arinagoekin.

Iradokitzen duguna da zigorren dinamika zapaltzaileaz ohartu behar dugula, gela osoaren kontzientzia maila handitu ahal izateko. Batzuetan, gelditu eta elkarrizketari bide eman beharko diogu, egoera horrek eragiten duen mina adieraz dadin. Batzuetan, azalpenak ematen eta aztertzen, galderak egiten eta guztion artean topikoak hausten saiatuko gara. Batzuetan beharrezkoa da guk zerbait esatea tutoretza batean sakonki eztabaidatzeko astia izan arte. Diskriminazio dinamikak aldatzeko, jakin-mina piztu beharko dugu eta aldi berean seriotasunez jokatu beharko dugu.

Adibide bat: homosexualtasuna gelaren erdigunean jartzen

Tailer bat egin genuen 6 urteko umeen gela batean, eta ezohiko printze eta printzesa baten inguruko ipuin bat azaldu genien. Ipuinaren amaieran, protagonistek beren izena aldatzen zuten eta printzeak esaten zuen aurrerantzean Printzesa-Printzea izango zela bere izena. Orduan, taldeko mutil batek esan zuen:

—Maritxua da! —eta gela osoa barre egiten hasi zen.

Ez zenez adin horrekin esan ohi den zerbait, gogoan hartu genuen.

Page 13: Guía de coeducación euskera

Gaiari ekin baino lehen, ipuineko bi pertsonaiez baliatuz, antzezpen teknikak aztertu genituen. Haien pentsaera hitzez baliatu gabe aztertzeko balio zigun. Argi zegoen gelako mutil batzuek ez zituztela ipuineko Printzeak egiten zituen zaintza lanak antzeztu nahi. Printzeak Dragoikumea zaintzen duen eszena antzezten zutenean, mutil askok hil egiten zuten edo ihes egiten uzten zioten.

Antzezpen ariketak bukatzean, zirkulu bat egin genuen gertatu zenari buruz hitz egiteko. Hasteko, eskoletan zergatik kontatzen dugun ipuin hau azaldu genien. Tailerra bideratzen zuen pertsona batek esan zuen:

—Jendeak nahi duena egiteko aukera izan dezala gustatzen zait. Ez dut atsegin neska naizelako gauza batzuk ezin ditudala egin esaten didatenean... Niri neskak gustatzen zaizkit.—A, orduan lesbiana zara! —(barreak).—Bai, lesbiana naiz. Eta oso atsegin dut lesbiana izatea, gustatzen zait, mundiala da. Ez zaidana gustatzen da kalean nagoenean batzuetan pertsona batzuek lesbiana deitzen didatela irain bat izango balitz bezala.

Bat-batean, giroa aldatu egin zen. Eta lesbiana izatea erdigunea zen, baloratu egiten zuten. Orduan, ume batzuek eskua altxatu zuten eta ezagutzen zituzten gay eta lesbiana batzuen inguruko pasadizoak kontatzen hasi ziren.

—Nire amaren laguna den gizon bat zera da... —ez zen hitza esatera ausartzen. —Homosexuala —esan genion—. Mutilak gustatzen zaizkio. —Bai, homosexuala. Hotel batean egiten du lan. Eta zerarekin bizi da... —Bere bikotekidearekin.—Bai. Bere bikotekidearekin —erantzun zuen.

Zigorraren muga igaro genuen! Beste pertsona batzuk ezagutzen zituzten homosexualei buruz hitz egiten hasi diren. Bat-batean, Printzeari buruzko oharra egin zuen mutilak esan zuen:

—Gelan ere maritxu bat dago, maritxua da —esan zuen, hatzaz mutil bat seinalatuz.Eta gauza sinestezin bat gertatu zen... maritxu hitzak beste esanahi bat zuen. Balioa zeukan, eta erdigunean zegoen. Orduan, maritxua izatea baloratuta zegoen. Eta seinalatutako mutilak esan zuen:—Bai. Eta orain mutil hori nire mutil-laguna da —esan zuen, irribarre egiten ari zen beste mutil bat seinalatuz.

Tailerra bukatzear zegoenean, Denis, Printzea maritxua zela esan zuen mutila, guregana hurbildu zen eta esan zigun:

—Jendeak esaten duenak ez dizu axola behar. Lesbiana izatea atsegin baduzu, ba listo. Jendeak dioenak zuri bost axola behar dizu.

Eta bukatzeko, beste galdera bat egin zigun:

—Baina orduan, beste gauza bat ez dut ulertzen. Orduan... mairua irain bat da? Izan ere... mairuei esaten zaie... orduan irain bat da, ala ez?Maisu bikaina, Denis! Hitz egiten jarraituko dugu...

Erreferente desberdinen garrantzia

Genero-estereotipoak (eta edozein motatakoak) zalantzan jartzeko beste modu bat beren jarduera profesionalean edo pertsonalean estereotipoak hautsi dituzten pertsonak ikasleei aurkeztea da. Gure ustez, erabakigarria da zientzian, filosofian edo arte plastikoetan nabarmendu diren emakumeak, emakume bidaiariak, enpresariak, idazleak, argazkilariak, futbol-jokalariak eta bestelako kiroletakoak aurkeztea. Zergatik ez gonbidatu hurbileko kirolariren bat ikasgelara neska-mutilen galderei erantzutera edo ikerketa-lan bat proposatu emakume kirolariren bati buruz? 16 Neskei eta mutilei Bakearen sustapenean gailendu diren eta gerrara joateari uko egin dioten gizonen berri ematea eta haur hezkuntzan erreferenteak direnei, gizonez maitemindu direnei, aita onak izan direnei eta aitatasunari garrantzia eman diotenei buruz hitz egitea ideia ona izan liteke.

Txikiekin lan egiteko, gure ustez, funtsezkoa da ipuinetan, abestietan eta jai tradizionaletan ere estereotipoak hausten dituzten erreferenteak aipatzea. Inauteriak estereotipoak hausteko eta are genero askatasun handiagoa emateko ere aprobetxa daitezke, estereotipoak indartzeko erabili beharrean. Sant Jordi egunean maitasun erromantikoari buruz eztabaidatzeko eta gaur egun oso desberdina izan litekeela dakigun kondaira baten testuingurua azaltzeko aprobetxa liteke. Eskemak hausten dituzten protagonistak dauzkaten eta horrek haientzat eta gizartearentzat dituen ondorioak azaltzen dituzten pelikulak eta ipuinak bilatzea ere ideia ona izan liteke. Gaur egun literatura ez sexista nahikotxo dago denontzat eskuragarri 17.

Komunikabideen eta musikaren munduaren gaineko begirada kritikoa

Gure ustez, oso garrantzitsua da komunikabideetan, publizitatean eta musikan gizonei eta emakumeei buruz eskaintzen den irudia oso estereotipatua dela azaltzea. Beti bezala, bihozberak izan behar dugu eta neska abeslari eta dantzari probokatzaile eta erakargarri batengan edo bikiniz jantzitako neskaz inguratuta dagoen mutil abeslari harro batengan atsegin duguna aztertu behar da. Neska-mutilek sentitzen dutena ukatzeak elkarrizketarako bidea itxi egingo digu, besterik ez. Gelan hitz egitea, elkarrizketa bat sortzea eta ahots guztiei entzutea (baita hain estilo estereotipatuak

Page 14: Guía de coeducación euskera

atsegin ez dituztenei ere) baliagarria izango zaigu distantzia hartzeko eta pixkanaka begirada kritikoa garatzeko, generoaren ikuspuntua kontuan hartuz, ikus-entzunezko hedabideei eta musikari dagokienez.

Lana bananduta egitea

Haur hezkuntzaren kasuan, eskola batzuek jarduera batzuk bananduta egitea proposatzen dute, neskek eta mutilek normalean erabiltzen ez dituzten jostailuekin eta egiten ez dituzten gauzetan ari daitezen. Ikasturtearen amaieran, espazio libre horietan, neskak eta mutilak berdin jolasten dira panpinekin, traktoreekin, sukaldetxoarekin nahiz eraikuntzetan gora igotzen.

Banandutako espazioek hainbat abantaila eskaintzen dituzte: neskek konfiantzan eta lankidetzan oinarritutako talde-sentimendua sortzen dute, parte-hartze aktiboa areagotu egiten da eta esperientziak eta bizipenak bizitzen dituzte talde sozial bezala. Mutilez bakarrik osatutako taldeei dagokienez, tipikoki maskulinoak diren jokabideak (talde mistoetan ohikoak) gutxitu egiten dira, hala nola, haien arteko lehiakortasuna, protagonismoa, ezulertuak, arreta deitzen ahalegintzea, nesken aurrean sentimenduak adierazteko lotsa, etab.

Gazteekin lan banandua bukatu ondoren, interesgarria da genero-arteko elkarrizketa bultzatzea, ikasi dutena alderatzeko eta batzuek besteekiko espero dutena azaltzeko eta horrela genero-estereotipoak hausteko eta aldaketa ekarriko duten ekintza kolektiboak ikusarazteko.

4.2 “Femeninotzat” jotzen dugunaren balorazioa aldatzea

Beharrezkoa, premiazkoa eta nahitaezkoa da tradizionalki femeninotzat jo denak balioespena lortzea, mundu “pribatuak” edo mundu subjektiboak, alegia. Emozioak, maitasuna, zaintza, kontua, zalantza, enpatia, gorputza, intuizioa, lankidetza, komunitatea... Alderdi horiek guztiak behar-beharrezkoak dira bizitzarako eta garapen sozialerako, baita tradizionalki maskulinotzat jo izan diren beste gauza batzuetarako ere, hala nola errealizatzeko, norbere indibidualtasunerako, aisialdirako, arrazoimenerako, erabakitasunerako nahiz botererako.

Hezkuntzaz arduratzen diren instituzioei aplikatuz, jarduteko moduak aldatu behar direla esan nahi du, bereziki mundu subjektiboari eta emozioenari egozten diegun balioari dagokionez. Era berean, garrantzitsua da ikustea lengoaiak sarritan emakumeak eta desberdintasunak ikusezin egiten dituela.

Page 15: Guía de coeducación euskera

-Hezkuntza afektibo-sexuala. Gehiegikeriaren prebentzioa

Rosa Sanchís-ek dioenez, jaso dugun heziketa sexuala guztiz desegokia da. Gutako askok jaso dugun hezkuntzak haurren sexualitatea ukatzen du eta helduena tabu gisa eta isilean ezkutatzen du, zapalkuntza, isiltasuna, errua eta estigmatizazioa erabiltzen ditu.

Gaur egun sexualitatea toki guztietan jarrera irekiaz tratatzen den arren, umeek eta gazteek sexualtasun osasuntsua garatzeko mesedegarriak ez diren balioz beteta dago.

Bizi dugun sexualitate eredua sexista, heterosexuala, koitoan kontzentratua eta genitala da eta helduetan kontzentratuta dago. Hezkidetzak honelako hezkuntza afektibo-sexuala lortzeko lan egitea esan nahi du:

• Ez-sexista: mutilak eta neskak ez tratatzea modu desberdinean eta sexuei balorazio bera ematea.• Ugalketara bideratu gabea: sexualitatearen helburu bakarra ez da ugalketa, plazera ere baita, baita norbere gorputza ezagutzea, komunikazioa eta trukea ere.• Aniztasun sexualaren aldekoa: aintzat hartzea harreman eta praktika heterosexualak, homosexualak, bisexualak eta aniztasun sexualeko modu guztiak norbere adierazpen libre eta natural bezala.• Koitoan bakarrik kontzentratzen ez dena: praktika guztiak dira garrantzitsuak, laztanetatik koitora. Garrantzitsuena eta plazer handiena ematen duena bakoitzak erabakitzen duena da.• Ez genitala: plazera ez da genitaletan bakarrik sentitzen, gorputzaren beste leku batzuetan ere senti daiteke, eta norberak deskubritu behar du zein tokitan ematen dion plazer handiagoa. • Bikoteetara mugatu gabea: sexualtasuna bikotekidearekin eta maitasuna tartean izanda bizi daiteke, baita beste modu batzuetan ere, bikotekiderik gabe eta maitasunik sentitu gabe. • Helduetara mugatu gabea: sexualitatea jaiotzen garenetik hiltzen garen arte bizitzen da, oso modu desberdin askotan, kasuan kasuko adinaren, unearen eta pertsonaren arabera.

-Ordena eta garbiketa lanetan erantzunkidetasuna sustatzea

Ordenatzeko eta garbitzeko taldeak egitea, eskolako sukaldean egiten den lana ikusaraztea, etxeko eginkizunen konplexutasuna eta garrantzia ikusaraztea ariketa praktikoen, gorputz-ariketen, plastikaren eta abarren bitartez, janaria prestatzen eta modu burutsuan erosten irakastea, erantzunkidetasuna eta ikasgelako ordenarekin eta dekorazioarekin lotutako erabakiak elkarrekin hartzea bultzatzea, eskolako landareak edo ortua elkarrekin zaintzea, besteak beste.

-Emozioak eta gatazkak

Introspekzioa eta norbere buruaren ezagutza sustatzea. Umeen eta gazteen hiztegia aberastea erabakigarria da sentimendu desberdinak hauteman eta azal ditzaten: esan ezin dena ezin da bizi.Nolanahi ere, zuzen dezakeguna emozio baten adierazpen bortitza da, baina ezin dugu emozioa bera zentsuratu; sumintasuna, haserrea, goibeltasuna... giza emozio legitimoak direlako. Eskolan emozioak adierazteko (taldeka nahiz banaka), taldearen arazoak eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko erreserbatutako ohiko espazioak sustatzea.

Adiskidetasun, sentsibilitate eta zaintza ekintzak

Adibidez, min hartu duen neska edo mutil bati laguntzea, nola dagoen galdetzea, taldean edo ikasgelan hartzea, gehiegikeria bat salatzea... Beharrezkoak diren mekanismoak erraztu eta bultzatu behar dira umeek “nesken” kontutzat jotzen diren gauzak ikusarazten eta balioesten direla senti dezaten.

Lehia bakarrik indartu beharrean, lankidetza ere bultzatzea, baina ez hitzekin bakarrik, ekintza zehatzekin ere bai: lanak ikerketa edo ikaskuntza taldetxotan eginez, edo lankidetza jokoen bidez, taldeetan gatazkak sortzeko aukera emanez eta denen artean konponbidea bilatuz, ume guztiei arlo desberdinetan onenak izateko aukera emanez, arrakastak ospatuz, baita erroreak ere, hazteko eta ikasteko modu bat bezala.

Page 16: Guía de coeducación euskera

5. Ondorioak eta erronkak

Kontua ez da perfektuak izatea, gizakiak izatea baizik!

Guztiok ditugu sinesmen diskriminatzaileak. Gurea bezalako gizarte batean hazi izanaren eta gure kulturaren eta gure kulturako pentsaeraren parte bat da. Gure asmoa inklusiboak izatea den arren (eta hori bikaina da), garrantzitsua da jakitea ez garela beti inklusiboak izango eta adi egon behar dugu gure esku-hartzeek gelaren barruan eragiten dituzten erantzunen aurrean.

Aurreratu dugun bezala, kontua ez da perfektuak izatea, feedbackaren aurrean erne egon behar dugu (hau da, besteen erantzunaren aurrean); kontua ez da guztiaz ohartzea etengabe, ezinezkoa baita, baina irekita egon behar dugu ikasgelako dinamikak planteatzen dizkigun erronkek eskatzen dizkiguten ikaskuntza pertsonal eta profesional posibleen aurrean.

Barruan dugun ahots kritikoaz (ezin dugula sexistak edo arrazistak izan esaten digunaz) libratu bagaitezke eta horrela noiz jokatzen dugun ikusteko jakin-mina badugu, bidaia zirraragarria, askat-zailea eta oso aldatzailea izan daiteke profesionalki nahiz pertsonalki.

Ikasleek ez dute inoiz ere oker ez dagoen irakasle perfektu eta politikoki zuzenik behar. Gizaki senti-berak behar dituzte, gauzak ongi egiteko eta, jakina, huts egiten dutenean barkamena eskatzeko eta zuzentzeko gai direnak. Irakasleak oraindik bizitzan ikasleak direla sentitu behar dute, eta jakintza-ren, ezjakintasunaren eta okerren aurrean nola posizionatzen diren ere jakin behar dute.

Bidegabekeriei eta diskriminazioari aurka egiteko, sarritan unetxo bat hartu behar dugu, geure baitan dugun irakaslearekin konektatu, eta aldi berean, gure eginkizunaren sakoneko zentzuarekin konek-tatu behar dugu. Jarraian, norbere baitako lanerako ariketa bat proposatzen dizuegu.

Norbere baitako irakaslearen bila:

1. Miresten duzun eta atsegin duzun pertsonaia heroiko bat ekar ezazu gogora. Beharbada pertso-nalki ezagutzen duzun norbait da, edo ez, agian zure garaikidea da, edo ez, beharbada fikziozko pertsonaia bat da, edo benetakoa.

2. Aukeratu naturako edo une honetan zauden lekuko hiru objektu. Zoriz aukera ditzakezu, edo aukeratu duzun pertsonaiarekin lotuta daudelako.

3. Jar zaitez abiapuntu batean eta utzi gauzetako bat lurrean. Une batez, jar zaitez zure pertsonaia-ren azalean, harik eta haren ezaugarriak oso biziki sentitzen dituzun arte. Busti pertsonaia hori zaren sentipenean. Eman birak zerbait iradokitzen dizun norabide bat aurkitu arte. Fidatu zure barruko iparrorratzaz. Eman pauso batzuk norabide horretan, eta une egokia iritsi dela sentitzen duzunean, utzi bigarren objektua lurrean. Objektu horrek aukeratu duzun pertsonaiarengan miresten dituzun edo nahiko zenituzkeen ezaugarriak irudikatzen ditu.

4. Orain zauden tokitik, bilatu beste norabide bat, eta aukeratu duzun jomugan irudikatu uneko zail-tasun handietako bat. Nahi duzuna izan daiteke, baina gainditu egiten zaituen, zuretzat erronka bat den edo arrazoiren batengatik etsita sentiarazten zaituen egoera bat izan behar da. Orain zoaz norabide horretan (ahaztu aurreko pertsonaia), estutzen zaituen gatazkan edo zailtasunean bakarrik pentsatuz. Unea iritsi dela sentitzen duzunean, gelditu eta utzi hirugarren objektua.

5. Orain, zoaz berriro abiapuntura. Une batez begiratu zure heroia irudikatzen duen puntuari eta hartu haren ezaugarriak oso modu bizian. Hartu behar duzun denbora. Gero, joan zuzenean eta zure erritmoan zure gatazka edo erronka irudikatzen duen objekturantz. Ibili astiro harengana, heroiaren ezaugarri berriak gehituz eta aztertuz. Begiratu ea gauza berriren bat azaltzen den.

6. Nola agertzen da gatazka edo erronka egoera berri horretan? Zerbait aldatu al da?

Page 17: Guía de coeducación euskera

Oharrak eta Bibliografia

1. Kontzeptua ArnoldMindell-ek definitu du, hau da, Prozesuen Lanaren sortzaileak. Adibidez, ikus “Deep Democracy in open forums” (2002) liburua.

2. Daniel Gabarró (2007).

3. Coll-Planas, Gerard, y Vidal, María (2013) “Dibuixant el gènere”. Ediciones 96.

4. Barbé, A, carro, S, Vidal, C (2011) “Jo vull ser radical: una guía educativa per a treballar la construcción d’identitat de gènere”. Hemen dago eskuragarri: www.edualter.org

5. Queer hitzak ingelesez “akasduna” edo “bitxia” esan du, eta Estatu Batuetan sistema heteropatriarkaletik aldentzen diren mugimenduek kontzeptu hori bereganatu egin dute, harrotasun eta probokazio politikoko keinu batekin. Queer nozioa estigma bat izatetik ikur izatera igaro da. Gehiago jakiteko, jarri harremanetan Beatriz Preciadorekin hemen: http://paroledequeer.blogspot.es

6. Luis Bonino psikologoak hainbat ekarpen egin ditu gaiari buruz. Kontsultatu: www.luisbonino.com

7. De Barbé, A, Carro, S, Vidal, C (20q1), op. Cit.

8. Ferrer i Guardia, Francisco (1908): “La escuela moderna”.

9. Subirats, Marina (…) Conquistar la igualdad: la coeducación hoy.

10. Roset, Montserrat (2008) “Guia de coeducació per als centres educatius: pautes de reflexió i recursos per a l’elaboració d’un projecte de centre”.

11. Gabarró, Daniel (2010) “Fracàs escolar? La solución inesperada del gènere i la coeducació”.

12. Kolektibo aitzindarietako bat Rosa Sanchísek zuzentzen duena da. Bere esperientzia “Todo por amor?” (2006) liburuan ikus dezakezue, edo bere blogean: karici.es

13. UNESCOren arabera, bullyng homofobikoa orientazio sexualean edo/eta genero identitatean (sumatua edo erreala) oinarritutako indarkeria sexual espezifiko bat da. Normalean, ikasleen arteko indarkeria da, baina batzuetan irakasleek eta ikastetxeetako langileek ikasleen kontra gauzatzen duten indarkeria da, indarrean dagoen patroi kulturalarekin bat ez datorren orientazio sexual edo/

eta genero-identitate hauteman baten ondoriozkoa. Gazte homosexualek edo bisexualek gazte heterosexual batek baino lau aldiz aukera gehiago ditu bere buruaz beste egiteko: unesco.org (2012).

14. Prozesuen lanari buruz gehiago jakiteko: www.aamindell.net. Taldeekin lan egiteari buruz honakoa irakur dezakezue: “Sentados en el fuego. Cómo transformar grandes grupos mediante el conflicto y la diversidad” (2004).

15. Roset, Montserrat (2008) Op.Cit y Gabarró, Daniel (2010) Op. Cit. Y Barbé, Carro Y vidal (2011) Op.Cit.

16. Ikus Bartzelonako INS Manuel Carrasco i Formigueraren lana.

17. Rosa Mut i AmàliaRamoneda, “Noies i nois: tants a tants. Selecció de llibres per impulsar la lectura i la coeducació a infantil, primària i secundària”. Rosa Sensat Irakasle elkartea.

Gure webgune baliabide gehiago aurkituko duzu:

www.filalagulla.org www.educacionsinfronteras.org

Page 18: Guía de coeducación euskera

Lan honek Creative Commons lizentzia du.

Egileak: Joana Bou, Lidia Casanovas, Sara Carro eta Neus Andreu Monsech.

Ilustrazioa: Miriam Cameros. www.myriamcameros.net

Maketazioa: José Moya. [email protected]

2013ko azaroa

Page 19: Guía de coeducación euskera