KOIVUKARI, Tapio: “Espainiarren sarraskia. Gertaeren ... · poema autobiografiko bat ere idatzi...

18
ARGITALPEN DIGITALAK PUBLICACIONES DIGITALES 1 (2013) KOIVUKARI, Tapio: “Espainiarren sarraskia. Gertaeren bilakaera eta gogoeta (Euskal baleazaleak Islandian XVII. mendean)”, Argitalpen digitalak / Publicaciones digitales, 1, Untzi Museoa, Donostia, 2013.

Transcript of KOIVUKARI, Tapio: “Espainiarren sarraskia. Gertaeren ... · poema autobiografiko bat ere idatzi...

ARGITALPEN DIGITALAK

PUBLICACIONES DIGITALES

1 (2013)

KOIVUKARI, Tapio: “Espainiarren sarraskia. Gertaeren bilakaera eta gogoeta (Euskal baleazaleak Islandian XVII. mendean)”, Argitalpen digitalak / Publicaciones digitales, 1, Untzi Museoa, Donostia, 2013.

Untzi Museoa-Museo Naval

1

Espainiarren sarraskia. Gertaeren bilakaera eta gog oeta (Euskal baleazaleak Islandian XVII. mendean)

Tapio Koivukari

Argitaratzailearen oharra: Hemen aurkezten den testua Tapio Koivukari idazle finlandiarraren lan argitaragabea da. Tapio Koivukarik hainbat lan literario idatzi ditu, haien artean Ariasman eleberri historikoa (2011n Finlandian eta 2012an Islandian argitaratua). Eleberri hau 1615ean Islandiako lurretan gertatutako gertaera tragikoetan oinarritzen da, non baleazale gipuzkoarrak –haien artean Martin de Villafranca kapitain donostiarra– akatuak izan ziren hiru baleontzi kostalde hartan hondoratzetik bizirik atera ostean. Koivukariren kontaketak "Plinio Islandiarra" bezala ezagututako Jón Guðmundsson XVII. mendeko idazlearen testuak ditu iturri nagusitzat.

1615eko udazkenean Islandiako mendebaldeko fiordetan jazotako gertakaria –hondoa jotako euskal baleazaleen hilketa, Spánverjavíg edo Espainiarren Sarraskia deitua– xehekien jaso duen idazkia da Jón Guðmundsson islandiarraren Sönn frásaga af spanskra manna skipbrotum og slagi (Espainiarren hondoratzearen eta hilketen benetako kontaketa). Bere hondar urteetan, Jónek poema autobiografiko bat ere idatzi zuen, Fjölmóður (Era askotara akitua). Jón (1574-1658) autodidakta zen, Parazelsoren jarraitzailea eta Errenazimentuko gizona, baina aldi berean islandiar arrunta, goi mailako hezkuntza jasotzeko aukerarik izan gabea.

Bestalde, Islandiako urte liburuetan aipatzen da gertakaria, eta epaiak ere badaude, bai Súðavík herrixkakoa, gerora izango ziren hilketen aurretik, bai Mýrar eta Holtekoak, 1616ko urtarrilean eta urte bereko udan, hurrenez hurren. Horrez gain, Jón Ólafsson artzainaren kronika errimatua dugu, Spænska rímur (Neurtitz espainiarrak) izenekoa, Ari Magnússon (1571-1652) Ögurreko magistratuaren alde egiten duena.

Nire adiskide euskaldunek jazoerari emandako izena zalantzan jartzen dute, zergatik espainiar eta ez euskaldun. Gogoratu behar dugu herritartasuna koroa jakin bateko manupeko izatearekin lotuta zegoela, identitate etnikoarekin baino gehiago. Garai hartan, Suediako erresumako eta errusiar inperioko mugaren bi aldeetan ugrofinlandiar herritarrak bizi ziren. Finlandiarrak luteranoak ziren, eta “suediar“ deitzen zieten. Kareliarrak ekialdeko ortodoxoak ziren eta Errusiako herritarrak, eta “errusiar“ deitzen zieten.

Islandia, gertakariak jazo ziren garaian

Islandian 50 000 biztanle inguru bizi ziren. Bertako bizilagunak baserritarrak edo nekazariak ziren, baina, klimaren gogorragatik, ez zuten lurra lantzen. Nekazaritzan, bizibide nagusiak artzaintza eta abeltzaintza ziren. Baserriak oso txikiak izan ohi ziren, eta nekazari islandiarren %90 maizterrak ziren. Lurraren jabetza koroarena, elizarena eta nekazari familia aberatsenena zen. Nobleziarik edo aristokraziarik ez zen Islandian, baina gutxiengo bat, nekazarien elitea, lurraren jabe zen eta lurra menderatzen zuen, eta gobernuko eta elizako karguak ere maneiatzen zituen, semeen bitartez. Lur gehiena koroarena eta elizarena zenez, elizgizon eta magistratuen kontrolpean zegoen, eta horiek, era berean, familia jakin batzuetako kide ziren.

Argitalpen digitalak / Publicaciones digitales, 1

2

Pertsona bat, etxalde baten jabe ez bazen edo maizter gisa haren gaineko agintea ez bazuen, ezin ezkon zitekeen; ez zen legez kanpokoa, baina ez zen egiten. Ez zen egokia ezkondu eta haurrak izatea, haientzat etxerik ez bazenuen. Gurasoen etxean egoterik ez zuten pertsona ezkongabeek beste etxalde batean lan egin behar izaten zuten, morroi edo neskame gisa. Urtean bi aldiz, udaberrian eta udazkenean, “lekualdaketa egunak“ izaten ziren, eta horietan baimenduta zegoen beste etxalde batera morroi joatea. Hala, denek zuten non egona eta gutxieneko bizibidea. Eta baserri bat gobernatu behar zen, jabe zein maizter gisa, ontzi bat edukitzeko eskubidea izate aldera. Islandiarrek nekazaritzat jotzen zituzten beren buruak, ez arrantzaletzat, eta klase zuzendariak horrela izatea nahi zuen. Beraz, jendeak debekatua zuen arrantza guneetan finkatzea eta arduraldi osoko arrantzale bihurtzea. Irizpide hori ezarri zuten, alde batetik, etxaldeetarako eskulana ziurtatzeko, eta, bestetik, uste zutelako estali gabeko ontzietan ibilita arrantzatik soilik bizitzea oso ezegonkorra zela. Urte batzuetan bakailaoa itsas hondoko uretan geldirik egoten zen, hondoko arrantzarako eskuragaitz, eta ur sakonetan arrantzatzeko ontzi estaliak eta hobeak egiteko nahikoa egurrik ere ez zegoen. Edo ez zegoen, esaterako, ganadurako belar ondua biltegiratzeko mandioak egiteko nahikoa egur. Garai haietan, negu gogor guztietan nekazariek ardiak galtzen zituzten. Herrialdea Europako behartsuena bide zen.

Islandiako mapa.

Noizean behin, balearen bat lehorrera hurreratzen zen eta, jakina, etekina ateratzen zioten, baina agertzen zen parajeko lurraren jabearena zen. Haragia jaten zuten eta hezurrak soropilez estalitako etxeetarako erabiltzen zituzten, edo itsasertzeko ontzien azpian jartzen. Islandiarrek berek ez zituzten baleak harrapatzen; ontzi txikiak zituzten eta izaki handien beldur ere baziren. Itsasoan, ez zen ongi ikusia “balea“ ozen esatea, egokiagoa zen “handiena“ edo “zezena“ moduko hitzak erabiltzea. Itsasoa hain hotza zegoenez, islandiarrek ezin zuten bertan igeri egin, eta horregatik ez ziren izaki izugarri haietara hurbiltzera arriskatzen.

Islandia herrialde luteranoa zen, Danimarka bezala, eta hain zuzen Danimarkako erresumaren zati zen. Konderrietako magistratuek gobernatzen zuten herrialdea, eta erabaki garrantzitsuenak

Untzi Museoa-Museo Naval

3

Alþhingi etxean (Parlamentua) hartzen ziren, udaro. Gobernadore bat ere bazen, normalki Danimarkako ofizial bat.

Ez dirudi euskaldunen eta islandiarren arteko mesfidantzaren eta tirabiren iturri nagusia ezberdintasun erlijiosoak izan zirenik. Konfesionalismo gotorraren aroa ez zen artean heldua, eta islandiar ugarik barnean zeramaten debozio katolikoa. Adibidez, Jon Guðmundssonek berak pentsatzen zuen ez zela hain ideia ona fede katolikoari uko egitea. Bere poeman idazten du 1614an euskal kapitain batek pertsona gazte batzuk Espainiara eraman nahi zituela berarekin, fede katolikoan haz zitezen eta akaso beranduago Islandiara itzul zitezen, bertan fede berria zabaltzera. Egitasmoak ez zuen arrakastarik izan, inork ez baitzuen bere semeak edo alabak atzerritarren atzetik joaterik nahi. Edozein kasutan, pentsa liteke ezberdintasun erlijiosoek nolabaiteko albo eragina izan bide zutela, errezeloak ernatzen hasi zirenean.

Hizpide dugun garaian, Ari Magnússon (1571-1652) magistratua zen Ísafjörður eta Strandir konderrietan. Magnús Dotorearen semea zen, Svalbarð familia boteretsuko kide. Islandian eragin handienetakoa zuen gizona zen, eta aberatsenetakoa. Kristín emaztea Guðbrandur Ipar Islandiako apezpikuaren alaba zen. Guðbrandur ez zen Svalbarð familiako kide, eta Arik, bere ingurunetik kanpo ezkonduta, akaso bere eragina indartu nahi izan zuen. Guðbrandur erregearekiko eta Kopenhagenekiko leiala zen funtsean, baina maizter behartsuenen bizi baldintzez ere arduratzen zen. Arik eta haren klanak, bestalde, Hanburgorekin harremanak zituzten, eta haien nahia zen agintea tokiko elitearen esku egotea (hori da behintzat nire irudipena).

XVII. mendeko Islandiako mapa, baleontziekin.

Argitalpen digitalak / Publicaciones digitales, 1

4

Mende hasieran negu oso gogorrak izan ziren. Eta beste behin, 1615ekoa ere oso negu gogorra izan zen; izotz blokeek maiatzaren bukaera arte iraun zuten kostaldean, inguru haietan arrantza eta artzaintza eragotziz. Zentzuzkoa zen, beraz, nahikoa elikagai ez izatearen inguruko kezka.

Arrantzale atzerritarrak Islandia aldean arrantzan eta salerosketan ari ziren, eta horien artean piratak eta kortsarioak ere baziren. 1614an, ontzi pirata ingeles batek Vestmannaeyjar ingurua arpilatu zuen bi astez. Patreksfjörður aldean, pirata talde batek Danimarkako merkatari bat bahitzeko saiakera egin zuen, baina piratak atzeman eta hilarazi zituzten. Nolanahi ere, piratak zeuden ingurumarietan, eta haienganako beldurra erraz zabal zitekeen marinel atzerritar guztietara; beldurrak bazuen zergatia. Bestalde, euskal baleazale asko ibilia zen Islandia aldean nabigatzen eta baleak harrapatzen, eta tirabirak ere izan ziren. Tirabira horietako batzuk bederen euskaldunekin lotuta zeuden, eta Alþhingik horren gaineko kexu bat helarazi zion erregeari.

1615eko udaberrian, Danimarkako erregeak gutun bat igorri zion Alþingiri, non aldarrikatu baitzuen islandiarrek, eta baita daniar merkatariek ere, eskubidea zutela beren burua “bizkaitarrengandik“ eta beste edozein atzerritarrengandik babesteko, haiek hiltzeko eta haien ontziak hartu eta arpilatzeko. Urte bereko udazkenean, Arik adierazpen hori baliatzeko aukera izango zuen.

Erregearen politika iraunkorra zen harenganako eta Danimarkarekiko leialtasuna gordetzea eta beste nazioekiko eta merkataritza aginpideekiko harremanak mugatzea. Eta, jakina, ordena publikoa mantentzea. Islandiarekiko merkataritza monopolio bihurtu zen 1602an, orduan ohikoa zen legez. Horrenbestez, daniar merkatariek aukera zuten Islandiako merkataritza postu jakin batean monopolio bat erosteko. Eta udaro Islandiara nabigatu beharra zuten, beren merkataritza postuetara. Debekatua zuten neguan Islandian egotea edo bestelako jarduerarik egitea. Nekazarien eliteak eskulana ziurtatu nahi zuen beretzat, eta uda sasoian beti gauza asko zegoen egiteko.

Snæfellsnes penintsulako Gísli Þórðarson magistratuak belatzak ehizatzeko baimena eman zion ingeles merkatari bati. Damurik, belatzak ehizatu bitartean salerosketa lanak ere egin zituen Snæfellsnesen; daniar merkatariek atzeman zuten eta ondasunak konfiskatu zizkioten. Ingelesak ez zuen bere zoria onartu, bere erregeari idatzi zion, eta hark ostera bere lehengusu Danimarkako Christian IV.ari. Eta Christianek Islandiako bere gobernadoreari idatzi zion. Ondorioz, 1614an magistratua Alþingitik kanporatua izan zen; bere kargutik kendu zuten eta itzelezko isuna ezarri zioten. Lehenik eta behin, belatzak ehizatzeko baimena emateko eskumenik ez zuen, eta, gainera, zorte txarra izan zuen, erregeak parte hartu izan ez balu seguruenik ez baitzen hain zorrozki zigortua izango. Nolanahi ere den, segur aski Arik sentitu zuen bere lekua arriskuan egongo zela, aldi hartan euskaldunekiko bere tratuak argitara ateraz gero.

Euskaldunen helduera Strandir konderrira

Jón Guðmundssonek idazten du euskaldunak 1613an iritsi zirela Strandirrera, Mendebaldeko Fiorden penintsulako ekialdeko kostaldera. Bere poeman kontatzen du, halaber, itsasontzi ezezagunak ikustean izua zabaldu zela Kaldbaksdalurren, euskaldunak pirata atzerritartzat hartuak izan baitziren. Steingrimsfjörður herrixkako Ólafur Halldórsson artzainak Steingrimsfjörður aldera gidatu zituen, segur aski Hveravíkera; izan ere, leku horretan baleak harrapatzeko gune baten aztarnak induskatu dituzte. Jónek idazten du Ólafur artzaina euskaldunekin adiskidetu zela, baina zoritxarrez hil egin zen. Kontatzen du, bestalde, Ari Magnússon leku hartara heldu eta, esan dugun moduan, baleak harrapatzeko eta jito egurra biltzeko lizentzia bat saldu ziela euskaldunei,

Untzi Museoa-Museo Naval

5

600 errealen truke. Hurrengo urtean, 1614an, lapurretak eta liskarrak izan ziren bi aldeen artean, baina ezer larririk ez zen gertatu.

Donostiako biztanleak eta euskal galeoiak Donostiako Kontxa badian. El paso del Rey Felipe III por la Villa de San Sebastián olio-pinturaren xehetasunak, c. 1615. El Escorialeko Errege Monastegia.

1615eko uda

1615ean, 12 itsasontzi inguru heldu ziren Euskal Herritik Islandiara. Ontziak iritsi zirenean, oraindik izotz pixka bat bazegoen itsasertzetan. Hiru ontzi bertan geratu ziren, beste batzuk Norvegiako iparraldera eta agian ekialderago, “Errusiara“, abiatu ziren, Jónek idazten duenez.

Ontzi horietako kapitainak Esteban Telleria eta Pedro Agirre ziren, aurrez ere elkarrekin itsasoan ibiliak. Martin Villafranca ere batu zitzaien, ontzi handiago batekin. Urte sasoiaren hasieran, Pedro Agirreren ontziko bi txalupa izotzean harrapaturik geratu ziren Eyjar izeneko leku batetik gertu, Bala menditik hurbil. Eyjarren finkatutako islandiar arrantzale batzuek eraso egin zieten. Jónek dioenez, euskaldunak hil nahi zituzten ospe pixka bat lortzeko. Euskaldunek beren burua babestu zuten, eta inor ez zen hilik suertatu. Euskaldunen burua Pedroren arpoilari nagusia zen, Asuncion izenekoa.

Jónek kontatzen du bale arrantza ondo joan zela uda hartan. Ontziak Reykjarfjörðurren kokatuta zeuden, Strandirren, Trékyllisvíketik hegoaldera. 11 balea inguru harrapatu zituzten, eta haragia, merkea inondik ere, bertako bizilagunei saldu zieten. Orobat dio Asuncionek balea txikiago batzuk ere arpoitu zituela bertako biztanleei emateko, eta haren karitatea goratzen du. Jónen esanetan, Pedro eta Esteban eta haien gizonak ondo portatu ziren, baina Martinen ontziko lau txalupako eskifaia kideak, eta bereziki Martinen zuzeneko agindupean ez zeuden bikoak, bizilagunenganako

Argitalpen digitalak / Publicaciones digitales, 1

6

errespetu gutxiz jokatzen ari ziren, nahi zuten guztia hartuz eta abar. Aipatzen du, halaber, uda hasieran euskaldunak tentu handiz zebiltzala, Eyjarreko gertakariaren ondotik.

Jónek kontatzen digu Martin beti bertako bizilagunak narritatzen ari zela, gauzak erosteko bere nahiaz, hala nola ardiak; izan ere, bertakoek ez zituzten saldu nahi, neguan asko galdu baitzituzten. Martinen nabigazio ofizialak, Anglo-normadar Uharteetako Peter Pilotua deituak, Jóni esan zion Martin ordezko kapitain gisa sartu zela ontzian, aurreko kapitainak etortzerik izan ez zuenean, eta Peterrek berak ez zuela harekin itsasoan ibili nahi, baina ontziaren jabeak konbentzitu egin zuela.

Jón Guðmundsson (1574-1658) “Jakituna”ren marrazkiak.

Geroago, udazkenean, bale arrantzarako estazioan koipea lapurtu zuten balea baten burutik. Inguruan bizi zen nekazariak uko egin zion koipea nork eraman zuen esateari, eta Pedrok eta Martinek ardi bana kendu zioten. Martinek gaileta batzuk eta ardo beltza eman zizkion gizonari.

Reykjarfjörður, 1615eko irailaren 19a

Asteartean, hilaren 19an, kapitainak Martinen itsasontzian bildu ziren. Denboraldiko azken kontuak egin zituzten eta otordu ederra ondoren, ardoa lagun. Pedro eta Esteban beren ontzietara itzuli ziren eta Martin, zenbait gizonekin, Árnesko artzain Jón Grímsson ikustera joan ziren. Martinek uste zuen apaiza berarekin zorretan zegoela, hark udan erosi zion bale haragia dela eta, eta baliteke Martinek susmatzea bale koipea ere apaizaren aginduz ostu zutela. Edonola ere, ardi batzuk nahi zituen bere bidaldirako, eta apaizak esan zion ez ziola ezertxo ere zor. Martin

Untzi Museoa-Museo Naval

7

haserretu zen, eta hari mehatxu egiten utzi zien bere gizonei. Apaizak agindu zion hurrengo goizean zezen gazte bat emango ziola. Martin eta bere gizonak ontzira itzuli ziren.

Hurrengo gauean, eki eta ipar-ekialdeko ekaitza sortu zen bat-batean, izotz blokeak ere ekarri zituena; izotzak Pedro eta Estebanen ontziak suntsitu zituen. Ordukoan hiru gizon ito ziren: Asuncion, Pedroren lehengusu Luis eta mutil gazte bat. Martinen itsasontzia fiordean barrurago zegoen, eta horri esker lehorrera lerratu eta zenbait kalte izan zituen, baina ez besterik. Dena den, gizonek ondasun asko berreskuratu ahal izan zituzten. Jón Grímsson artzaina zekorrarekin heldu zen, baina Martinek jada ez zuen nahi. Pedro Agirrek Jón Grímssoni eskatu zion ea babes gutun bat idatz zezakeen, berarentzat nahiz bere gizonentzat, eta hark eskatutakoa egin zuen. Gizonek zer egin eztabaidatu zuten. Jón Guðmundssonek lau gizoni eskaini zien neguan zehar bere etxean ostatu hartzea; horietako bi ziren Pedro Agirre bera eta haren pilotu Andreas (Ander? André, Iparraldekoa akaso? Islandiako legearen arabera, pobre eta behartsu zirela adierazi behar zuten, hori egin ostean agintariek haien kargu egin behar baitzuten. Ez zuten, ordea, horrelakorik egin, agian inork ez zielako aukera horren berri eman, ez zutelako ulertu edo, besterik gabe, babesa eskatzeko harroegiak zirelako.

Jón Grímssonek Jökulfirðir aldera joatea iradoki zien, han bertako nekazari batek belaontzi bat omen zuelako. Euskaldunek beren txalupekin Jökulfirðirrera joatea erabaki zuten, eta horretarako Islandian iparraldeen dagoen Horn herrixka inguratu behar zuten.

Irailaren 23a, larunbata

Egun batzuk behar izan zituzten ezustekotik suspertu, erabaki bat hartu eta bidaldirako prestatzeko. Euskaldun guztiak Reykjarfjörðurtik itsasoratu ziren; 80 gizonetik gora 8 ontzitan, eta horietako batzuk ez ziren baleak harrapatzeko txalupak, ontzietako batel txikiagoak baizik. Jón Guðmundssonek idazten duenez, islandiarren irudiko itsasoa oraindik zakar samar zegoen, eta mirespenez ikusten zuten euskaldunak ontzietan nabigatzeko gai izatea.

Bidaiaz ez da ezertxo ere aipatzen. Segur aski bidean topatu zituzten batelentzako estalpeetan eta etxeetan lo egin zuten, Strandirretik iparralderagoko kokaleku txiki eta isolatuetan, edo akaso beren ontzietan, nabigazioa amaitutzat eman eta lehorreratzen zirenean.

Irailaren 26a, asteartea

Euskaldunak Leirufjörðurrera iristen dira, Jökulfirðirren. Dynjandi etxeko nekazari Gunnsteinn Grímsson belaontzi edo skúta baten jabe da, baina ontzia estalkirik gabea eta bela karratuko masta bakarrekoa da. Ezdeusa, itsasoaz haraindi ibiltzeko. Behi bat akabatzen dute (Jón Guðmunsson: antzua) eta bi gau egiten dituzten bertan.

Estebanen eta Pedroren gizonek belaontzia hartu eta Sugandafjörðurrera nabigatzen dute, eta handik Ingjaldssandurrera, Önundarfjörðurren. 51 gizon dira. Martinen gizonek txalupak dakartzate berekin. Horietako bi, 14 gizonezkoa, Djúpið badia zeharkatuz Bolungarvík herrixkara abiatzen dira. Martinek berak beste bi ontzi gidatzen ditu Æðey uhartera (I-dei ahoskatua), aldean 18 gizon dituela, tartean Peter Pilotua.

Argitalpen digitalak / Publicaciones digitales, 1

8

Balea estazioa Islandian. Fantasiazko irudikapena, Alain Manesson Mallet-en Description de l’Univers, (París, 1683) liburuko irudia.

Bolungarvíken, bi eskifaiak janariz hornitzen dira, eta ondoren Sugandafjörður fiordaren ahoan geratzen dira. Handik Dýrafjörður aldera nabigatzen dute.

Urriaren 5a

Bi ontziak Dýrafjörðurrera heltzen dira eta gizonak indarrez sartzen dira Þingeyriko merkataritza etxera. Merkataria jada bere etxe aldera itsasoratu da, baina arrain lehorra eta gatza bada bertan. Ondoren Fjallaskagi puntura doaz nabigatuz edo arraunean; eremu hori Dýrafjörðurren iparreko aldean dago, itsaso zabalera begira. Han ontziak alokatzeko zerbitzu bat eta arrantza etxola batzuk daude. Negua bertan igarotzea pentsatu ote dute?

Nolanahi ere den, Dýrafjörðurreko nekazariek armada moduko bat batzen dute, gauez iristen dira, etxola inguratzen dute eta zaindariak hiltzen dituzte, eta baita etxola barruko guztiak ere. Hilotzak

Untzi Museoa-Museo Naval

9

mozten dituzte, “desondratzen eta ozeanoan hondoratzen, fedegabe makurrenak balira bezala, eta ez kristau hobengabe eta gaixoak“, idazten du Jón Guðmundssonek.

Dirudienez, Gartzia izeneko mutiko bat sarraskitik bizirik atera zen, nonbait ezkutaturik. Lotarako etxolaren azpian? Edo beste nonbait? Geroago, hegoalderantz zihoan belaontzitik ikustatu zuten eta erreskatatu, eta gauza bera egin zuten gainerakoekin, alegia Patreksfjörðurrera joan eta negua han igaro zuten Pedro eta Estebanen gizonekin. Eta istorioa bertako islandiarrei esan bide zieten, mutikoa bizirik atera zenekoa aipatzen baitute bai Jón Guðmundssonek bai Jón Ólafsson artzainak, Neurtitz espainiarrak liburuan.

Euskaldunek ez zuten ezer larririk egin Dýrafjörðurren, baina, hala ere, iritsi eta hurrengo gauean hil egin zituzten. Horregatik, susmoa dut bertako bizilagunak haien esperoan zeudela. Arik, ordurako, agian hondoratzearen eta euskaldunen asmoen berri jakin zuen, eta beraz egun batzuk zituen erabakiak hartu eta planak prestatzeko. Gizon bat egun batean zaldiz joan daiteke Ögurretik Dýrafjörðurrera, mendietan zehar, eta inguru horretako etxerik aberatsena Núpur etxea zen. Eta Núpurreko etxejauna Jón Gissurarson zen, Ariren lehengusu txikia. Nire ustean, Arik ordurako erabakia hartua zuen eta bere lehengusuari jakinarazi zion.

Urriaren 8a

Arik auzitegia biltzera deitzen du Súðavíken, Djúpið badiako Álftafjörður fiordean. 12 epaile daude, Ariz gain, eta, erregeak udaberrian idatzitako gutuna oinarri harturik, hondoa jotakoak zigortzen dituzte, gaizkile harturik; ez hainbeste dagoeneko egin dutenagatik, arau urratze larriena Martinek Jón Grímsson artzainaren etxera egindako bisita baita, zeinetan urkatzeko mehatxua egin baitzion. Hain zuzen ere, Súðavíkeko epaian irakur daiteke haren zentzua batik bat prebentziozkoa dela, pentsatuz euskaldunei han egoten utziz gero, arpilaketan hasiko direla eta jendeak negu minean mendira ihes egin beharko duela. Gertatutako ekintzak baino, etorkizuneko mehatxua dago auzipean.

Eta horrela jotzen dituzte euskaldunak gaizkiletzat eta hilak izatera zigortzen, haiekin topo egiten duen edonori horretarako baimena emanez. Eta Arik mobilizazio komando bat igortzen du eta Djúpiðeko 50 gizonetik gorako armada eratzen du; Strandirretik beste bost gizon heltzen dira, Jón Grímsson artzaina buru dutela.

Urriaren 8a edo 9a

Martin Villafranca eta haren gizonak Æðeytik Ögurrera datoz, Ari artean Súðavíken dagoela. Beren gorputzak ebakitzen dituzte labanekin, esanez horrela ebakiko dutela Ariren gorputza ez baditu bakean uzten, eta gero negar plantak egiten dituzte, esanez Ari horrela deitoratuko dutela haren emazte eta seme-alabek, ez baditu bakean uzten. Ondoren Æðeyra itzultzen dira.

Jazoera hau Neurtitz espainiarrak-en bakarrik kontatzen da, eta beraz Ariren aldekoek ezagutarazi zuten. Jón Guðmundssonek akaso ez zuen horren berririk jakin, edo zenbait gauza esan gabe uzteko joera bide zuen, edo baliteke istorioa ez sinestea Ariren aldetik heldua zelako.

Gertatu bazen, geure buruari galdetu behar diogu zergatik gertatu zen. Seguruenik Dýrafjörðurreko hilketen berria entzungo zuten. Horrek esan nahi du norbaitek jakinarazi ziela, keinu eta imintzioen

Argitalpen digitalak / Publicaciones digitales, 1

10

bidez bada ere. Zein zen haien asmoa, zer egingo zuketen Ari etxean egon izan balitz? Harekin negoziatu? Mendeku hartu eta hura hil? Bahitu?

N.B.: Ariren emazte Kristín etxean zen. Erraz asko bahi zezaketen. Baina ez zuten bahitu –badirudi mundu hura jaun prestu eta ohore kodeen mundua zela oraindik. Ala ez?

Urriaren 10a

Hainbat gizon armadun Ögurren biltzen dira, beren eginbeharra betez. Ariren armada 50 bat gizonekoa da. Eguraldiak okerrera egiten du, eta gizonak Ögurren eta, seguruenik, gertu dauden Ögurnesko arrantza etxoletan geratzen dira, zain. Haizea ipar-ekialdekoa bide da, Djúpið aldean urte sasoi horretan egun asko iraun dezakeen eta zakar askoa izan daitekeen horietakoa, Einar Sveinbjörnsson meteorologoaren esanetan.

Urriaren 13a, ostirala

Haizea baretzen ari da. Arratsaldean, Arik hiru gizonez osatutako esplorazio ontzi bat bidaltzen du Æðeyra. Patruila itzultzen da, eta kontatzen dute Martin eta haren 12 gizon balea bat ebakitzen ari direla Sandeyrin, Æðeytik 10 km-ra, mendebaldera, dagoen kostaldeko herrixkan.

Baretzen ari zen haizea baliatu bide zuten balea ikusi zutenean. Haizea ipar-ekialdekoa bazen, Djúpiðetik iparraldera dagoen Snæfjall mendiak haizetik babestuko zituen –eta pentsa genezake txalupak ere itsasoan ibiltzeko moduan izango zirela. Jón Guðmundssonek idazten du Martinek balea bat arpoitu zuela; ez da oso litekeena, ordea, tentu handiz pentsatu beharra baitzuten aldean zer eramango zuten, Reykjarfjörðurtik alde egiterakoan. Segur aski, hondartutako balea bat zatikatzera joan ziren. Janari eta koipe kantitate handia zen hori, eta bertako jendearekin salerosketan aritzeko aukera handia ere bai.

Ilunabarrean, Ariren gizonak Ögurretik Æðeyra joaten dira, arraunean. Uharteko biztanleek esanda jakiten dute Peter Pilotuak zaindari bat jarria zuela etxe aurrean, baina, geroago, sartzeko esan ziola. Etxean bi gizon daude lotan, Peter eta Lazaro, eta azken hori oso gizon lodia omen zen –akaso itsasontziko sukaldaria. Emakume bat bidaltzen dute etxe aldera, lanpara bat daramala. Lanpara han uzten du, etxetik aldentzen da, gizonak barrura sartu eta Peter eta Lazaro hiltzen dituzte. Beste hiru gizon aroztegi batean ostatu harturik daude. Jón Guðmundssonek dioenez, bizargina, garbiketa mutila eta “reykjaþrællinn“, dira; azken horrek “kearen esklaboa“ esan nahi du. Alegia, lapiko lurruntsuen arduraduna?

Æðeyn daude, beraz, itsasontziaren egunerokotasunean baleen harrapaketan parte hartu ez zuten gizonak. Eta Sandeyrin 13 gizon zeuden. Txalupa txikienean sei eskifaia kide zeuden: lemakoa, arpoilaria eta lau arraunlari. Guztira, beraz, 12 gizon izango ziren, eta hamahirugarrena ontziko arotza, geroago kontatuko denez. Dýrafjörðurren 14 gizon zeuden, eta horietatik inork ez zuen ihes egitea lortu; aipatu 12 gizonez gain beste bi baziren, akaso upelgilea eta haren laguntzailea.

Nolanahi ere den, denda inguratzen dute, barrukoak hil eta gorpuak biluzten dituzte, bi eta hiruko multzoetan lotu eta itsasora botatzen dituzte, Æðeyren mendebaldera dagoen labar batetik. Haizea ernatzen ari da berriro, oraingoan hego-ekialdekoa, oso gogorra eta ordu gutxi batzuetan iraungitzen den horietakoa.

Untzi Museoa-Museo Naval

11

Peter Pilotuaren gauzak ere arakatu zituzten. Fardel txiki bat aurkitu zioten, soka batean lepotik zintzilik. Haren objektu “magikoa“ omen zen; egur gorrizko txirbil batzuk zeuden barruan. Erlikia bat ote zen, ala oroitzapen pertsonalak?

Orain haizea hain da gogorra ezen ez baitira itsasoratzera ausartzen, ezpada Æðeytik Snæfjallaströndera, itsasartean barrena. Æðeyko artzainentzako etxola bat eta txalupak lehorreratzeko eremu bat daude han. Gizonak martxan doaz mendebalderantz, Sandeyrira, ilunpean, eta orduan tximista batek eztanda egiten du. Arik esaten du Jainkoak igorritako garaipen seinalea dela, baina denak ez dira uste berekoak. Norbaitek behintzat esan zion Jón Guðmundssoni Jainkoaren gorrotoaren seinale ere izan zitekeela, deabruzko egintzetan zebiltzalako.

Sandeyrira 10 km daude. Euria ari du, eta haizea dabil, baina aldekoa.

Ariren armadak Sandeyriko eraikinak inguratu zituen. Jakin zuten Martin etxola batean zegoela beste bi gizonekin batera, su txiki bat piztuta, eta beste batzuk etxaldean zeudela. Ariren gizonek etxolako leiho eta ate aldera tiro egin zuten. Pixka bat geroago, Martinek ozen hitz egin zuen, latinez, esanez ez zutela horrelakorik merezi, beraiek ez zutela ezer okerrik egin. Jón Grímsson artzainak erantzun zuen Martinek urkatzeko mehatxua egin ziola. Martinek barkamena eskatu zion artzainari. Jón Grímssonek eman zion, eta errukia eskatu zuen Martinentzat.

Martinek karabina utzi zuen, kanpora irten eta Ariren aurrean belaunikatu zen. Errenditu egin zen. Norbaitek aizkora batez jo zuen, eta sorbaldan eta bularrean zauritu. Martin zutitu egin zen eta itsasbazter aldera korrika egin zuen, gizonak atzetik zituela. Itsasoan sartu zen, igerian hasi, jiratu eta latinez kantatzeari ekin zion. Denek miretsi zuten zein azkar korrika egin zuen eta nola igeri egin zezakeen (islandiarrek ez zekiten), eta kantua hain ederra zen ezen inork ez baitzuen aurrez horrelakorik entzuna.

Islandiarrek txalupak hartu eta arraun eginez hura atzematen saiatu ziren. “Itsas txakur edo amuarrain batek bezala egiten zuen igeri“, eta gerturatu zitzaizkionean txaluparen azpira murgildu zen. Ordea, halako batean norbaitek harri bat bota zion burura, ontzira igo zuten eta arraun eginez lehorrera itzuli ziren.

Kordea erdi galdurik, Martin ontzitik kanpo bota zuten. Gizonek arropak erantzi zizkiotelarik, biluzik zetzan lehorrean. Norbaitek labana bat hartu zuen eta zauri bat ireki zion bularretik behera zilborretik harago. Martin zutitzen ahalegindu zen, balantza egin zuen eta ebakitik hesteak atera zitzaizkion. Ostera erori eta hantxe hil zen. Hori ikusirik, gizonak barrez hasi ziren, eta baten batek jakin-mina ere agertu zuen, gizon baten barruan zer ote dagoen.

Une horretan, haizea baretu zen. Horretaz jabeturik, gizonek esan zuten Martinek energia magikoren bat izan behar zuela. Jón Guðmundssonen deskribapen hau hunkigarria da oso, eta pentsatzekoa da Martin karisma bereziko gizona zela. Haren heriotzaren istorioak drama kosmiko baten trazak ditu.

Etxolako beste bi gizonak ere erailak suertatu ziren; horietako bat Jón Grímsson artzainaren lepoan urka bilurra jarri zuen gizona zen. Hark ere barkazioa eskatu zuen, eman zioten eta ondoren hil egin zuten.

Etxe barruko euskaldunek labe irekitik hartutako harriak jarri zituzten atean. Islandiarrek zulo bat egin zuten soropilezko teilatuan, eta Ariren 17 urteko seme Magnús teilatura igo zen. Barruan zeuden gizonei tiro egin zien banan-banan; aldean zituen gizonek karabina kargatua ematen

Argitalpen digitalak / Publicaciones digitales, 1

12

zioten uneoro. Azkenean, denak tirokatuak izan zirenean, gizonak etxean sartu ziren eta arinki zauritutako gizon bat aurkitu zuten behi baten atzean ezkutatuta; izan ere, Islandiako etxaldeetan ohitura zen behiak teilatupe berean edukitzea, beroa gordetzearren.

Norbaitek gizona ezagutu zuen, eta islandiarrek “Marteinn meinlausi“, “Martin kaltegabea“ deitzen zioten. Itsasontziko arotza zen. Haren ezizenak aditzera ematen du inozo samarra zela. Ariren eta harekin ziren hiru artzainen aurrean belaunikatu zen (artzainak Jón Grímsson, Arik garai hartan Ögurren jarri zuena eta Unandsdalur aldeko Snæfjallaströnd herrixkakoa ziren) eta beraren errukia izan zezaten erregutu zien. Arik esan zuen gizonak barkatua behar zuela izan eta baliagarria izango zitzaiela Ögurreko etxean arotz bat edukitzea. Ordea, bere gizonen gaineko kontrola galdua du, eta norbaitek Martin aizkora batez jotzen du aurrealdetik, eta beste batek atzetik. Gizonaren kaskezurra bitan zatitzen da, eta hura lurrera jausten da.

Badirudi ibilaldia eta setioa amaitzerako gaua igaroa zela. Martin Villafrancaren heriotza, eta gainerako hilketak, ilunabarrean gertatu bide ziren, edo argi izpiren bat geratzen zenean bederen.

Eta Ariren gizonak kontrola galdurik daude orain. Arik esaten du euskaldunen ondasunak koroaren (eta haren ordezkariaren –Ari bera–) jabetzakoak direla, baina gizonek etsai garaituen arropak har ditzaketela. Bere gizonetako asko ez daude horrekin oso pozik. Bestalde, Arik dio gizonek edozer egin dezaketela hilotzekin. Jón Guðmundssonen esanetan, gizonek hilotz biluziak hartu, begiak sastatu eta belarriak, sudurrak eta sexu organoak moztu zituzten. Ondoren, labanak zintzurretan sartu zituzten, seguruenik zeharka, zintzurraren eta lepoaren atzetik, eta aldakaren eta saihets hezurren arteko haragi biguna zulatu zuten. Hilotz guztiak binaka batuta zeuden, bizkarrari bizkar, aurpegi eta gorputz ebakiak agerian gera zitezen. Gero “gorputz metak“ itsasora bultzatu zituzten, edo txalupekin itsasora eraman.

Hilotzenganako tratu ankerrak galderak sorrarazten ditu berriro: zergatik? Nire ustea da etsaiaren hilotzak desondratzeko, laidoztatzeko betebeharra sentitzen zutela. Etsaia ez baita humanoa, ez zure auzo edo hurkoa, baizik eta suntsitu beharreko izate gaizto eta kaltegarri bat.

Bestalde, eskifaia kideen deskribapenek agerian uzten dute islandiarrak neurri batean euskaldunak ezagutzera heldu zirela, hizkuntza komunik izan ez arren. Eta, hala ere, eraso egin zieten.

Gertakariaren ondoren, Ariren gizonak Æðeyra itzuli ziren, euskaldunen ardoa eta pattarra edan zuten (zerbait geratzen bazen; Jón Guðmundssonek baietz dio), gau bertan eman zuten, Ögurrera joan ziren, Arirenetik zertxobait gehiago edan zuten (Jón Guðmundsson: aste osoan) eta azkenean etxera itzuli ziren.

Bien bitartean, Patreksfjörður aldean

Pedroren eta Estebanen gizonak Vatneyriko portura heldu ziren, Patreksfjörðurren. Merkataritza postu bat eta etxola bat zeuden bertan, hutsik. Barrura sartu eta negua han igarotzea deliberatu zuten. Etxalde handienetara joan ziren limosna eske. Segur aski pita eta amuak ere lortu zituzten eta arrantza egiteko modua egin zuten. Edo akaso hasieratik bazuten arrantza egiteko tresneria?

Patreksfjörðurren izan zuten ongileetako bat alargun aberats bat zen, Ragnheiður Eggertsdóttir. Ariren ama zen –gauza asko daude ulertzen samurrak ez direnak. Haien beldur ote zen? Ala pertsona on bat baino ez zen, errukitsua?

Untzi Museoa-Museo Naval

13

Euskaldunek bizirik igaro zuten negua Patreksfjörðurren. Arrantza egin eta etxaldeetatik hornigai batzuk lortu bide zituzten, eta Arnarfjörðurretik iparraldera erasoaldiak egin zituzten, Rafnseyrin ondasunak ostu edo arpilatu, Neurtitz espainiarrak-eko zenbait metaforek aditzera ematen dutenez.

Arik beste mobilizazio bat deitu zuen neguan, urtarrilean. Ia ehun soldaduko armadarekin Dýrafjörðurrera abiatu zen, non urtarrilaren 26an auzi bat baitzuten deitua Mýrar etxean. Auzi hartan, Patreksfjörðurreko euskaldunak gaizkiletzat kondenatu zituzten, beste behin. Patreksfjörðurrerako bidean aurrera jarraitu zuten, segada bat prestatu zuten Tálknafjörðurren euskaldunak arpilatzeko eta ihesean zihoan baleazale bat tirokatu zuten; ondoren Patreksfjörðurrera iristen saiatu ziren, baina Tálknafjörður eta Patreksfjörður arteko azken muinoan atzera egin behar izan zuten, bat-batean haizete bat sortu zelako. Bistan da eguraldi aldaketa euskaldunen sorginkeriari egotzi ziotela.

Pedroren eta Estebanen gizonek Vatnseyrin igaro zuten negu osoa, gaur egun Patreksfjörður herrixka dagoen lekuan. Negutik bizirik ateratzea lortu zuten, eta baita bertako bizilagunengandik ere. Neurtitz espainiarrak-en esaten da Ragnheiðurrek 30 behiren baliokidea eman behar ziela ondasunetan. Beroarena kendu beharko litzaioke horri, jakinik itxurazko etxalde batek 20 behiren balioa zuela.

Udaberrian, euskaldunek ingeles belaontzi bat bahitu zuten, harekin Donostiara heltzeko asmoz. Ezezaguna zaigu etxerako bidea osatu ote zuten ala ez.

Geroago

1616ko udan, Arik oraindik beste epaiketa bat zuen Holten (Önundarfjörður), eta ordukoan bere egintzak zuzenak eta bidezkoak jo zituzten.

Garai berean, daniar fragata batek Donostiako baleontzi bat, Nuestra Señora de Rosario, atzeman zuen Norvegiako iparraldean, baleak legez kanpo arrantzatzeagatik. Kapitainak lizentzia bat erakutsi zuen “Ariasman“ delako batek idatzia, hau da, Ari Magnússonek, baina paper horrek ez zuen legezko baliorik Norvegiako uretan. Horrenbestez, Ari nahaspila batean sartu zen ia, baina onik atera zen. Nuestra Señora de Rosario konfiskatua izan zen eta Kopenhagenen igaro zuen negua, baina azkenean libratu zuten, diplomazia lan handia tarteko.

Hveravík eremuko indusketek, Steingrimsfjörðurren, erakusten dute bertako bale arrantzako estazioa hainbat hamarkadaz erabilia izan zela. Hortaz, euskaldunak itzuli ziren –esan beharra dago, hala ere, han izandako baleazaleen nazionalitatea ez dagoela ziurtasun osoz egiaztatzerik. Izan ere, holandarrak bale harrapaketan hasiak ziren ordurako.

Islandiarrek bildutako hitz zerrendek edo liburuxkek agerian uzten dute euskaldunen eta islandiarren arteko harremanak honakoan azaldutakoak askoz estuagoak, eta baketsuagoak, izan zirela. Hitz zerrendak elebidunak dira: islandiera alde batean, euskal pidgina bestean. Esaldi nagusiak ingelesetik hartuak dira: Me presenta for ju.... ju presenta for mi...

Eta, agidanean, zerrenda horietako euskara lapurteratik gertuago dago, gipuzkeratik baino. Edonola ere, euskaldunak itzuli zirela erakusten dute, eta hainbat udatan gainera.

Argitalpen digitalak / Publicaciones digitales, 1

14

Bestalde, Kopenhagenen kokatutako agiritegi nazionalean ordainagiri misteriotsu bat dago. 1640ko hamarkadan, Danimarkako noble batek eta diplomazialari batek pertsona islandiar batzuk “erosi“ zizkieten “bizkaitarrei“. Zazpi izen ageri dira, gehienak emakumezkoenak. Pertsona horiei buruz deus gehiago ez da esaten; zergatik zeuden Euskal Herrian, zer gertatu zitzaien gero, etxera itzuli ote ziren edo Danimarkan geratu. Dena den, seguruenik Euskal Herrira joango ziren baleazaleekin. Baina, bahitu egin zituzten ala beren borondatez joan ziren baleazaleekin? Batzuetan izen bereziak bakarrik agertzen dira, abizenik gabe eta euskal ahoskeraren arabera jarriak, hala nola “Hurida“, akaso “Þúriður“ izan litekeena, edo “Hura“ zein “Þóra“, denak ere emakumezko izenak. Nire susmoa da hain gurasoak behartsuak zirela eta alabak baleazaleei saldu edo eman zizkietela, atzerriko herrialdean jateko nahikoa eskuratu ahal izango zuten esperantzarekin.

Ondorioak

Nire irudiko, 1615eko euskal baleazaleen sarraskia ez da zuri-beltzeko istorio bat. Egia grisaren eremu zabalean aurkitu behar da. Ez da Arik sarraskitutako baleazale errugabe batzuen istorioa, eta ezta lapur erasotzaile batzuengandik beren burua defendatzen duten islandiar heroiena ere. Esan gabe doa errua, nagusiki, islandiarren aldean datzala. Baina gauza asko dira aintzat hartu beharrekoak: gosetea eta janari eskasia etengabeko mehatxua zen, eta egiaz ez zegoen partekatzeko askorik. Eta atzerritar piratenganako beldurra ere benetako arazoa zen, han baitziren, zelatan.

Eta ontziek hondoa jo ez balute, ezer ez zatekeen gertatuko. Baina, zergatik ziren euskaldunak arazo gisa ikusiak, eta ez aukera gisa? Laurogei itsasgizon beren ontziekin: islandiarrek zergatik ez zieten irakatsi Islandiako uretan bakailaoa eta arrain katua eta fletana arrantzatzen, zergatik ez zizkieten pita eta amuak maileguan utzi?

Arrazoi bat izan liteke kultura ezberdintasuna eta hizkera komun bat eskas izatea. Holandar eta ingeles baleazaleek, orduan, elkarlanean aritzeko bide bat aurkitu ote zuten?

Euskaldunek bertako nekazarien bizitza asaldatu zuten, eta agintariek kanpotarrenganako errezeloa izateko biderik bazuten; horregatik eman zien erregearen gutunak euskaldunak hiltzeko baimena, beharrezkoa iritziz gero. Euskaldunak ez ziren bereziki gaiztoak izan; Jón Guðmundssonek idazten du Pedroren eta Estebanen gizonen jokabidea egokia izan zela. Martin Villafrancari buruz idazten duenari erreparatzen badiogu, ohartzen gara Martin nahiko gaztea dela –27 urte–, kapitain gisa lehen bidaldia duela eta, gainera, lehen aldia duela Islandian. Kapitain gehienek ez bezala, baleen harrapaketan parte hartzen du. Lantegi horretan ona omen da, baina benetako kapitain batek izan beharreko itzalik ez du. Eta akaso horrexegatik bere zenbait gizonek, batez ere bere zuzeneko agindupean ez dauden bi ontzietako eskifaiek, bertako bizilagunekin gehiegikeriak egiten dituzte, gauzak nahierara hartuz eta abar. Eta herrialdea izugarri behartsua da. Ardi batek askoz gehiago balio du han, etxean baino.

Orduan Martinek zorigaiztoko hutsegite bat egingo du: artzainari zorrak kobratu nahian, herio mehatxua egiten dio, edo horren plantak egiten ditu, eta hondoa jo ondoren gertaera hori haren kontra erabiliko dute. Beste hutsegite bat da, noski, hondoratzea gertatu eta gero bertako agintariekin, hau da, Arirekin, harremanetan ez jartzea. Akordio bat lortzeko aukera izango ote zukeen?

Untzi Museoa-Museo Naval

15

Orobat galde genezake, jakina, zergatik ez zen Ari baleazaleekin harremanetan jarri, eta haiekin negoziatzen saiatu. Izan liteke atzerriko itsasgizonek oro har zuten ospe makurragatik, edo izan liteke larrua eta izen ona salbatu nahi zituelako, 1613an euskaldunei lizentzia saldu ondoren. Edo arrazoia sakonagoa izan liteke: XVII. mendean, gizarteaz zegoen ikuskera nahiko zurruna zen, pertsona orok jakin behar zuen bere lekua zein zen, eta zegozkion betebeharrak bete behar zituen. Ez da harritzekoa, beraz, bat-batean gizarte molde horretan egoki “txertatzen“ ez zen jendearen etorrera gertaera asaldagarri gisa hartzea, eta jende hori bertan egon behar ez lukeen, ordena aztoratzera datorren anabasaren mandatari gisa ikustea.

Argitalpen digitalak / Publicaciones digitales, 1

16

Untzi Museoa-Museo Naval

17

Islandiako mendebaldeko fiordetako mapa, euskal baleazaleen historian aipaturiko lekuekin: 1. Flatey: Bizilagunak zituen uhartea, merkatal gunea. 2. Rauðisandur: Etxalde handia. Ari Magnússon-en aitaren, Magnus Jonsson-en bizilekua; Ari bertan hazi

zen. 3. Patreksfjordur (fiordoa) y Vatneyri (etxola txikia eta merkatal gunea; gaur egun, Patreksfjörður herria).

Esteban de Telleria eta Pedro de Aguirreren tripulazioek bertan igaro zuten 1615-1616ko negua. Bizirik iraun zuten bertako jendeak emandako hornikuntzekin eta beraiek harrapatutako arrainekin.

4. Talknafjordur. Ari-ren soldaduak hona iritsi ziren, eta euskaldunek hornidura-arpilatze batzuk hemen egin zituzten. Neurtitz espainiarrak kronikaren arabera Ari-ren gizonek euskaldun bat hemen hil zuten.

5. Arnarfjörður. Hemen ere euskaldunek arpilatzeak egin zituzten neguan zehar. 6. Dýrafjörður y Fjallaskagi. Martin de Villafranca-ren tripulazioko bi txalupa (hemendik aurrera, Martin-en

2. taldea) iritsi ziren hona, Þingeyri-ren dendatik zerbait eraman zuten. Gero fiordoko ipar aldean, itsaso zabalaren ondoan, aurkitzen den Fjallaskagi-raino nabigatu zuten, non bertako biztanleek erasotu eta akatu zituzten.

7. Önundarfjörður. Pedro de Aguirre eta Esteban de Telleria-ren tripulazioak hemen gelditu ziren. Leirufjörður-eko baserritar bati hartutako belaontzian nabigatzen zuten.

8. Súgandafjörður. Hemen gelditu zen Martin-en 2. taldea Dýrafjörður-erako bidean. 9. Bolungarvík. Martin-en 2. taldea hona iritsi zen tripulazio nagusiarengandik banandu ondoren. Janariaz

hornitu ziren, gutxienez behi bat konfiskatu zuten jateko. 10. Skutulsfjörður. Merkatal gunea, gaur egun Ísafjörður hiria. 11. Hestur. "Zaldia" deitutakok mendia. Hildako euskaldunen hilotzetako asko ertz honetara iritsi ziren. 12. Ögur. Etxalde handia eta eliza. Ari Magnússon magistratuaren egoitza, leku honetako jabea. 13. Nauteyri. Djúp-erako bidaiatzen zuen jendea hona iristen zen Strandir zonako altuari ekin baino lehen. 14. Æðey (I-dei). Bizilagunak zituen uhartea. Hemen erahil zituzten Martin-en talde nagusiko bost gizon,

haien artean bere pilotua Pedro. 15. Sandeyri. Etxaldea. Martinen agintean ziren bi txalupen tripulazioa, guztira 13 gizon, hemen erahil

zituzten. 16. Jökulfirðir: "Fiordo glaziarrak". 17. Grunnavík. Bizilekua eta eliza. 18. Leirufjörður. Euskaldunek hemen hartu zuten Gunnsteinn Grímsson baserritarraren belaontzia, eta

harekin nabigatu zuten Pedro de Aguirreren eta Esteban de Telleríaren gizonek Patreksfjordur-erantz. Bertan ere behi bat (Jón Jakituna-ren arabera, esnerik ematen ez zuen behia) hil zuten.

19. Hornstandir. 20. Horn. Labar malkartsua. Islandiako punturik iparraldekoena. 21. Drangajökull. Glaziarra. 22. Trékyllisvík. Badia eta herri txikia. Jón Jakituna hemen bizi zen. 23. árnes. Eliza eta parroikako etxea. Jón Grímsson artzainaren bizilekua. 24. Reykjafjörður. Euskal itsasontzien ainguralekua eta balea estazioa 1615eko udan. Leku honetan ekaitz

batek itsasontziak suntsitu zituen. 25. Kaldbaksvík. Jón Jakituna-k dio bertako biztanleek euskaldunak itsaslapurratzat hartu zituztela eta

mendietara ihes egin zutela 1613ko udan. 26. Eyjar. Hemengo arrantzale islandiarrek eraso zituzten euskal baleazaleak 1615 uda hasieran, Jón-en

arabera halako ospe bat lortzeko. Euskaldunek bere burua babestu zuten eta inor ez zen hil. 27. Bjarnarfjörður. 28. Steingrímsfjörður eta Reykjarvík. Hemen kokatu zen euskal baleazaleen lehen balea estazioa, eta

bertan egin dira Strákatangi-ko indusketak. Euskaldunek hona etortzen jarraitu zuten hamarkada askotan zehar.

29. Stadur. Eliza eta Ólafur Halldórsson artzainaren parrokiako etxea. Bera izan zen lehen interpretatzailea euskaldun eta islandiarren artean.