Plataforma Digitalak Eta Teknologiak Argitaletxeentzat

download Plataforma Digitalak Eta Teknologiak Argitaletxeentzat

of 25

description

Gilbane Group-ek argitaraturiko Digital Platforms and Technologiesfor Publishers: Implementations Beyond “eBook” txostenaren itzulpen moldatua

Transcript of Plataforma Digitalak Eta Teknologiak Argitaletxeentzat

  • Plataforma digitalak eta teknologiak

    argitaletxeentzat: eBookaz haraindi

    2009ko maiatzaren 29a

    Steve Paxhia eta Bill Trippe

    Dokumentu hau Gilbane Group-ek argitaraturiko Digital Platforms and Technologies

    for Publishers: Implementations Beyond eBook txostenaren itzulpen moldatua da.

  • Hitzaurrea

    Asko aldatu dira gauzak liburu digitalen argitalpen-industriaz azterketa sakon bat idaztea erabaki genuenez geroztik. Ikuspegia laster aldatu da azken hilabeteotan eta saiatu gara aldaketa horietako ahalik eta gehienak txostenaren azken bertsioan islatzen. Adibidez:

    EBookak azkenean beren inflexio-puntura iritsi dira 2008ko bukaera aldera.

    Bezeroek irakurgailu digital bereziak, adibidez Kindle-a eta Sony Reader-a, eta iPhone eta BlackBerry moduko tresna mugikorrak onartu izanak produktu digitalen merkatua bizkortzen lagundu du.

    Google-ren akordioak, azkenean epaitegiek onartu dutenak, asko handituko du formatu digitaletan eskuragarri dagoen tituluen kopurua.

    Argitaratzeko teknologia berriek eta planifikazio-prozesuek editoreei eta egileei medio eta plataforma digitalen abantaila guztiez baliatzeko ezaugarriak dituzten produktu digitalak sortzea ahalbidetzen ari zaizkie. Testuinguruarekiko sentikorra den bilaketa integratua eta medio aberatsak dira bi adibide garrantzitsu.

    Irakurleak auto-antolatzen ari dira irakurleen komunitateak sortuz eta beren kritikak eta iradokizunak elkarri eskainiz, beren kideei zer liburu kontuan izan behar lituzketen gomendatuz. Egileek eta editorialek ustia dezaketen kanal garrantzitsu bat sortzen ari da hori.

    Eskatu ahalako inprimaketa (Print-on-demand) eta tirada txikien inprimaketa asko ari dira hobetzen kalitate aldetik, eta aleko kostuak jaisten ari dira. Garapen horiek argitalpenen ekonomia aldatzen ari dira eta argitaletxeei aukera ematen ari zaie aurreko eredu ekonomikoan arriskutsuak izango ziren liburuak argitaratzeko.

    Argitaratzeko eta banatzeko kostu apalagoak argitaletxeei titulu digitalak merkeago eskaintzeko aukera ematen ari zaie. Horrek irakurleei balio handiagoa eskaintzea dakar, eta argitaletxeko partaide guztientzat etekin hobeak lortzea.

  • Laburpena

    Teknologia digitalak medioen sektore asko irauli ditu. Appleren iPodak jendeak musika erosteko eta entzuteko zituen moduak aldatu ditu. Googlek arras aldatu ditu jendeak informazioa bilatzeko eta kontsumitzeko zituen erak. YouTubek aukera ematen die gizabanakoei eta organizazioei beren mezuak eta produktuak masei askoz itxura biziagoan eskaintzeko. WebMDk aukera berriak eskaintzen dizkie kontsumitzaileei osasunari buruzko informazioak eskuratzeko, eta PubMedek medikuntzari buruzko artikuluen aurkibide aberatsak eskaintzen dizkie profesionalei eta zientzialariei. My Yahoo da albistetarako atari pertsonal ezagunena eta Epicuriousek belaunaldi gazteetako sukaldariei errezetak eskaintzen dizkie. Wikipediak eraldatu egin du erreferentziazko obren argitalpena. Adibide horiek guztiek duten elementu erkidea da medio digital izateko diseinatuta daudela eta erabat aprobetxatzen dituztela medio digitalen gaitasunak. Editorialak antzeko iraultza baten atarian daude orain, beren produktuen hurrengo belaunaldia planifikatzen ari baitira. Aldaketaren osagaiak dagoeneko badaude neurri handi batean: XML lengoaiak edukien base bakar batetik hainbat produktu garatzeko egitura ematen du. Tirada txikiak egiteko inprenta-sistemetan, edizio digitaletan eta eskubideen kudeaketan egiten ari diren aurrerapenek tirada txikiko argitalpenen buztan luzearen aukerak esperimentatzea ahalbidetzen diete. Edukiak eta baliabide digitalak kudeatzeko plataformek, argitalpenak diseinatzeko eta ekoizteko softwarearekin batera, edukia hainbat formatutan aurkeztea errazten dute. Eta kanal desberdinetan aliatugai sofistikatu eta gaitu asko daude, produktu berriak eta helduak kontsumitzaileei eta instituzioei mundu mailan banatzen laguntzeko. Azken 20 urteotan, editorial askok ikasgai garrantzitsu bat ikasi dute: produktuek arrakasta dutela bezeroen itxaropenak gainditzen dituztenean eta haien irudimenak harrapatzen dituztenean. Editorial digital arrakastatsuak askotan paperean arrakastatsuak diren editorialak dira, medio desberdinak konbinatzeko estrategiak ikasi dituztenak, aukeratzen duten formatuari etekinik handiena ateratzen dioten produktuak garatzeko. Halere, aro digital berriak indarra hartzen duen heinean, galdera estrategiko erabakigarriak gelditzen dira erantzuteko. Ikerlan honetan editorial askori eta haiekin harremanak dituzten zerbitzu-enpresa askori eta merkatu-segmentu guztietakoei egin zaizkie galderak: argitalpen orokorrak/haurrentzakoak, erreferentziazkoak, teknikoak, ikasliburuak, unibertsitateko liburuak argitaratzen dituztenei. Azken txostenak bost gai estrategiko erabakigarri hauek agertzen ditu:

    1. Zer ezaugarri eta funtzionaltasun behar dira, irakurleei irakurtzeko eta ikasteko esperientzia areagotzen dieten produktuak eta balio gehiago eskainiko dizkietenak eskaintzeko?

    2. Zein dira teknologiaren eta laneko prozesuen aldetik medio konbinatuen

    argitalpenak izango dituen eskakizunak? 3. Zer editorial-eredu eta negozio-eredu dira egokienak produktu

    digitaletarako? 4. Zer harreman behar dira kanalen artean eta aliatuekin, irabazteko abagune

    berriei etekinik handiena ateratzeko? 5. Zer paper beteko dute bilatzaileek argitaletxe baten produktuekiko eta

    marketin-estrategiekiko?

  • Produktu digitalen ezaugarriak

    eta funtzionaltasunak

    Paperezko liburuak oso onak dira! Irakurgarriak, eramangarriak, koloretakoak, modu onekoak eta maitagarriak dira. Haur txiki-txikiak ginenez geroztik gozatu dugu liburuez. Alabaina, paperezko liburuek badituzte beren mugak ere. Gure liburu-bilduma handitu ahala, lekua eta pisua hartzen dute. Liburuetan aipatzen diren beste baliabide batzuekiko loturak erabiltzea prozesu baldarra da eta ordenagailua eskatzen du. Fikziozkoak ez diren liburuak eta ikasliburuak sarri zaharkituta egoten dira argitaratu orduko, eta ez ditzakete medio aberatsak eduki. Eta paperezko liburuak ekoiztea, biltegiratzea eta garraiatzea garestia da. Ikus dezagun zer gertatzen den liburu digitalekin. Askotan aurkezten dira paperezko liburuak suntsitzera datozen gaizkileak balira bezala, baina liburu digitalek oso erakargarria izan daitekeen alternatiba bideragarri bat eskaintzen diete irakurleei. Haiek izan ditzaketen ezaugarrien multzoa oso aberatsa izan daiteke:

    Medio aberatsak izan ditzakete. Bideoak, analisiak egiteko tresnak eta algoritmoak edo simulazioak sar daitezke ikasliburuetan. Egileek hobeto ilustra ditzakete beren edukiak eta irakurleak interakzioa izan dezakete liburuarekin. Bideoari esker egileek aukera dute irakurleei lekuez, pertsonez eta kontzeptuez idatziz emateko zailak diren beste ikuspegi batzuk eskaintzeko.

    Bilatzeko aukera. Irakurleak informatzeko, hunkitzeko eta entretenitzeko idazten dira liburuak. Baina, liburu batek irakurle bati jakin-mina sortzen dionean, liburutegi batera edo Internetera jo behar du gai bat sakontzeko. Liburu digital bat irakurtzen ari bada tresna konektatu batean, gaia sakonago aztertzea askoz errazagoa da. Dela egileak eskainitako esteketan klik eginez, dela testuinguruaren araberako bilaketa bat abiaraziz, irakurleek berehala aurki dezakete informazio gehiago. Horrek garrantzi berezia du Internet arakatuz ikasten ohituta hazi den ikaslearentzat. Liburuen eta Interneten integrazioak interesgarriagoak egiten ditu liburuak irakurle gazteentzat. Fikziozkoak ez diren edukien kasuan, beti dago informazio gehiago eskuragarri. Irakurle askok gai batez interes handia dutelako erosten dituzte liburuak. Egileek informazio ugari duten edukiak sortuz erakusten dute beren jakinduria. Hala ere, irakurlearekiko duten harremana galdu egiten dute behin liburua argitaratu eta erosiz gero. Pentsa zer aukera dituen egile batek irakurlearentzat, Interneten dagoen edukia aurkitzeko gidari bihurtzen bada. Irakurleei webgune fidagarriak edo albiste berri-berriak aurkitzen laguntzeak askoz harreman estuagoa sortuko du egileen eta irakurleen artean eta liburuak bizirik mantenduko dira argitara eman ondoren ere.

    Eramangarritasuna. Datozen urtetan, irakurtzeko tresna txundigarri asko

    agertuko dira, hasi irakurgailu dedikatuetatik eta ordenagailu/irakurgailu hibridoetara edo telefono aurreratuetara. Tresna horiek guztiak izan daitezke liburu digitalak eta haiei atxikitako edukiak erabiltzeko. Pantaila handiagoak dituzten tresnak, hala nola Kindlea edo ateratzekoa duten Plastic Logic Reader-a oso egokiak dira luzaro irakurtzen jarduteko, esate baterako eleberriak irakurtzeko. Tresna mugikorrak, berriz, egokiagoak dira liburu luzeagoen pasarte laburrak irakurtzeko edo liburuei atxikitako formatu laburreko edukiak edo tresna mugikorretarako bereziki sorturikoak erabiltzeko. Gaur egun, ordenagailuak dira ikasmaterialetarako tresna egokienak. Ikasle askok interesgarria ikusten dute beren ikasliburu guztiak

  • beren ordenagailu eramangarrietan edukitzea. Onura hori are handiagoa izango da edukiak aurkezteko teknologiak hobetzen eta argitaletxeek jatorriz digitalak diren produktuak sortzen dituzten heinean.

    Aukera zabala. Ekonomiak lehen argitara zitekeen liburuen kopurua mugatu egiten zuen, argitaletxeek kostuak mugatu behar zituztelako. Fenomeno horrek publiko mugatuko liburu asko ez argitaratzea zekarren. Sormena askotan merkatuaren legeetatik kanpo egoten da eta horregatik ideia berritzaile asko bazterturik geratzen dira, komertzialki bideragarriak ez direlako. Argitaratzeko eredu digitala askoz eskuzabalagoa da: kostu txikiagoei esker, editorialek edo egileek berek argitara ditzakete beren liburuak formatu digitaletan edo inprima ditzakete eskatu ahala. Oso albiste onak dira horiek sormen handiko egileentzat eta haien irakurleentzat.

    Modu onean. Dagoeneko badaude argitalpen digitalen hainbat plataforma Microsoft Wordez idatzitako originalak liburu digital txukunak bihurtzen dituztenak kostu txikian, denbora laburrean eta lan handirik egin gabe. Liburu digitalak egitea eta banatzea oso gutxi kostatzen da. Argitalpen-sektoreak banaketako eta egile-eskubideak ordaintzeko ereduak liburu digitalen ezaugarrietara egokitzen dituztenetik aurrera, argitaletxeek, egileek eta haien kanaleko aliatuek irabaziak lortu ahal izango dituzte, irakurleei oraingo paperezko liburuak baino produktu merkeagoak eskainiz. Eta lizentzia emateko eta harpidetzak egiteko ereduak garatzen diren neurrian, kostuak murrizteko oraindik aukera handiagoa izango da.

  • Barry Libert, Are We Really Smarter

    Than Me? liburuaren egilearen zenbait

    ideia

    Interneteko komunitateetan oinarrituriko lanak enpresen funtzionamenduan dituen abantailei buruzkoa da liburu hori. Liburua bera era horretan egina da, hainbat pertsonaren ekarpenez baliatuz. Pearson Education argitaletxeak argitaratu zuen 2007an. Barry Libert-i galdetu ziotenean zer irakaspen atera litekeen liburu hori egiteko prozesutik, ideia hauek agertu zituen:

    Medioen bilakaera argi eta garbi paperezko hutsetik papera eta digitala konbinatzera doa. Hazkundea digitaletik etorriko da eta tresna mugikorrak garrantzitsuagoak izango dira.

    Argitaletxe handien mentalitateak aldatu beharra du. Zaila gertatzen zaie argitaletxeei boterea masen eskuetan uztea, baina titulu berriak aukeratzen, erreseinak egiten eta tituluak garatzen, gomendatzen eta sustatzen komunitateak inplikatzea funtsezkoa izango da arrakasta izateko.

    Argitaletxeak eskaintzen duen balioaren parte bat bere profesionaltasuna izango da, zeren jendeak gidaritza behar du libururik onenak aukeratzeko, eskuragarri dauden liburu-kopuru erraldoietatik. Argitaletxeek komunitatearen jakinduria erabiliko dute beren prestigioa areagotzeko.

    Komunikazioa ez da gehiago noranzko batekoa bakarrik izango. Irakurleek espero dute beren ahotsa entzungo dutela egileek eta argitaletxeek. Liburua produktu gisa irakurleen eta egileen arteko foroek hobetuko dute.

    Editorialek birdefinitu beharra dute lehian jarduteko modua. Libertek uste du blogek ere lehian parte hartzen dutela, jendeak irakurtzen ematen duten denboraren parte bat blogak irakurtzen igarotzen dutelako. Eta Lulu.com-ek erakutsi duen bezala, egileak prest daude beren liburuak argitaratzeko plataforma berriak erabiltzeko eta merkatuari uzteko erabakitzen zein diren libururik onenak.

  • Argitalpen digitalak egiteko

    eskakizun teknikoak eta

    antolakuntzazkoak Txosten honetan aipatzen diren editorialak tamainaren, merkatuen eta produktuak garatzeko planteamenduen aldetik desberdinak izan arren, badituzte ezaugarri erkide batzuk, produktu digitalak garatzean arrakasta izatera eraman dituztenak. Honakoak dira ezaugarri horiek:

    Ahalegin teknikoak negozioaren helburuen araberakoak izatea. Haietako inork ez du teknologian inbertitu teknologiazalea delako; ostera, zenbait produktu garatzeko asmoa zuten edo kostuak murrizteko asmoz egin dituzte inbertsioak teknologian.

    Produktu digitaletan hazteko erabakia izan dute. Ahaleginak egiten hasi zirenean zuten produktu-multzoa edozein zela ere, enpresa guztiek produktu digitalen saila hartu dute negozioaren barruan hazi beharrekotzat.

    Esperantza errealistak izan dituzte eta adierazleei begira ibili dira. Enpresek zorrotz neurtu dute beren aurrerapena. Gehiago inbertitu dute emaitza positiboak ikusi dituztenean eta moztu edo erabat eten dituzte ahaleginak emaitzarik ikusi ez dutenean.

    Helburu estrategiko horiek gorpuzten eta jarraitzen dituzten liderrak dituzte. Kasuen azterketetan nahiz elkarrizketetan islatu den bezala, enpresa bakoitzak lider erabakigarriak izan ditu, produktu digitalen garapenaz ikuspegi argia eta ikuspegi hori gauzatzeko konpromisoa dutenak.

    Antolakuntza aldeko eskakizun horiez aparte, arrakasta izan duten enpresek ezaugarri tekniko erkide batzuk ere izan dituzte:

    Guztiek edukiak kudeatzeko teknologia hartu dute azpiegitura teknologiko nagusitzat, planteamendu desberdinak izan badituzte ere.

    Web edukiak kudeatzeko teknologia inbertsio garrantzitsua izan da enpresa askorentzat, bereziki merkataritza elektronikorako plataforma propioa jarri dutenentzat.

    Baliabide digitalak kudeatzeko teknologietan egindako inbertsioak argitaletxe guztiek egin dituzte, handiek nahiz txikiek eta argitalpen-sektoreko segmentu askotakoek.

    Baliabide digitalak kudeatzeko sistemen inplementazioek fitxategi digitalen kudeaketa gainditu eta teknologia banaketa digitalerako guneak sortzera jo dute, bai enpresa barrura eta baita ere kanpora begira.

    Gehien-gehienek edukien digitalizazio sistematiko eta masiboak egin dituzte. Askorentzat horrek esan nahi izan du beren edukiak XMLn kodetzea, baina ez guztientzat.

  • Portaera aldatzea teknologia aldatzea

    bezain garrantzitsua da (Ken Brooks)

    Ken Brooks-ek bere bizitza profesional gehiena liburugintzako eta inprentako prozesuen kalitatea, egokitasuna eta kostuen eraginkortasuna hobetzeko, soluzio teknologiko berriak aplikatuz eman du. Alabaina, zein izan den erronkarik handiena galdetu diogunean, laster erantzun digu gizakien portaerak aldatzea dela bereziki zaila.

    Ken Brooks-ek gaur egun Cengage Learning enpresan dihardu eta bere eginkizunak testuliburuen eta erreferentziako edukien garapena eta ekoizpena dira, bai paperean eta baita euskarri digitalean ere. Cengagen, lan-prozesu eta tresna berriak garatzera bideraturiko zenbait egitasmo zuzentzen ditu, lanpostuen erantzukizunak birdefinitzen ditu eta antolakuntzaren eraginkortasuna hobetzen du. Antolakuntza arloko aldaketa askorekin gertatzen den bezala, eszeptizismo puska batez hartu zituzten egitasmo horiek Cengagen lan egiten dutenek. Hasieran, haiek uste zuten talde txikiago batek lan gehiago egingo zuela. Teknologia berriak irispidean zituzten arren, prozesu eta erantzukizun zahar asko mantentzen zituzten. Adibidez, produkzio-taldeak oraindik aldaketa teknologikoak titulu jakinentzat egiten saiatzen ziren, titulu guztien produkzio-abiadura areagotzeko garatzeaz arduratu beharrean. Helburu jakinak izan ordez, saltzaileek eginkizunak zituzten izendatuak eta asko gainbegiratzea behar zuten. Adierazle edo indikadoreak desegokiak ziren eta denbora gehiegi ematen zen datuak sartzen. Erantzukizun garbiak eta adierazleak ez izateak sarri tirabirak sortzen zituen Cengageren eta saltzaileen artean. Trebakuntza zen kalitate hobea eta eraginkortasuna lortzeko konpromisoa zuen kultura sortzeko giltzarria. Produkzio-sailak enpresaren helburu orokorrak ulertu behar zituen eta baita bezeroen eta negozioan partaide zirenen beharrak ere. Ulertu behar zuten nola adierazleek lagundu diezaiekeen guztiei lana hobeto egiten. Eta teknologia gaietan egunean jarri behar zuten, zabalkunde handiko aplikazioek, hala nola wikiek eta blogek nola funtzionatzen duten ulertzeko eta webgune arrakastatsuak arakatu behar zituzten, esate baterako Flickr, Facebook, edo Technorati. Horren ondoren praktika hobeen garapena etorri zen, besteak beste honako hauena:

    Bezeroekin eta saltzaileekin benetako partaidetza izatea, haien beharrak eta negozio-helburuak hobeto ulertuz.

    Lankide guztiei ahala ematea, negozioaren emaitza jakinen arduradun bihurtuz.

    Teknologia berria ezartzen jarraitzea, eraginkortasuna eta komunikazioak hobetzeko.

    Komunikazioak hobetzeak garrantzi berezia zuen. Horiei esker, guztien bilkurak egin zitezkeen, enpresaren garapen garrantzitsuei buruzko informazio berriak zabaltzen ziren, wikiak erabiltzen ziren, taldean arazoak konpontzeko ideiak eztabaidatzeko, eta barneko blogak argitaratzen ziren ideiak partekatzeko. Oraindik emaitzak lortzen jarraitzen dute. Halere, ekintza horiek gabe, ia ezinezkoa gertatuko zen lehendik zeuden negozioei eustea, erosi zuten Houghton Mifflin enpresa handia integratzearekin batera.

  • Brooks-ek paper garrantzitsua jokatzen du enpresaren argitalpen guztien argitaratze-estrategia erabakitzen laguntzeari dagokionez. Argitalpen digitalen arloan duen egitasmo argienetako bat iChapters deritzona da. Gaur egungo ikasleek sentikortasun handia dute balioarekiko eta ikasle gisa dituzten helburuak lortzen lagunduko dieten ikasmaterialak soilik erosi nahi dituzte. iChapters-i esker irakasleek gomendatzen dizkieten ebook-atalak bakarrik eros ditzakete eta erosteko erabakia atzera dezakete seguru jakin arte eduki horiek azterketak gainditzen edo etxeko lanak egiten benetan lagunduko dietela. Etorkizunean goi-mailako irakaskuntzarako argitalpenek norantz joko duten galdetu diogunean, Brooks-ek iradoki du produktuen hurrengo belaunaldia gaurko produktuena baino digitalagoa izango dela. Teknologia edukiarekin konbinatzeak gai garrantzitsuak aztertzeko, idazteko trebetasunak areagotzeko eta etxeko lanak errazago egiteko eta gehiago ikasteko aukera emango die ikasleei. Hark uste du produktuek diseinu modularra izango dutela eta ikasi beharreko gaien ontologiak atxikiak izango dituztela. Ez dago garbi eraginkorragoa den hurrengo belaunaldiko produktuak gaur egungo testuliburuetatik abiatuz garatzea ala eduki digitalentzat arkitektura berriak sortzea. Gaur egungo testuliburuak linealegiak izan daitezke erraz modularizatzeko. Oso litekeena da, ikasmaterial berriek plataforma digitalen abantaila guztiak aprobetxatu ahal izateko, haiek hutsetik abiatuta garatu behar izatea webean ohiturik dagoen belaunaldi bateko egileek. Brooks-ek uste du produktuak planifikatzeko prozesuak berrikusi beharra dagoela, medio mota guztietan eskainiko diren produktu berrien multzo osoa planifikatzeko. Ikasle batzuek inprimaturiko materialak erabiltzea nahiago duten bitartean, haiek moldatu egin beharko dituzte irakasleek. Medioen konbinazio bat erabili nahiko dute agian: ordenagailu pertsonal ahaltsuak, irakurgailu berezituak eta iPhonen antzeko tresna mugikorrak. Ikusentzunezko edukiak seguru izango duela bere lekua produktu multzoan. Garrantzia du produktuak garatzeko plangintza bat egiteak produktu solteak sortzen hasi ordez.

  • Pearson Education-en esperientzia

    Edukiak kudeatzeko zenbait egitasmo lantzen ibili da Pearson Education azken urteotan, kanal anitzetan argitalpen gehiago eta era malguago batean ekoizteko helburu orokorrarekin, horregatik kostu handitan sartu gabe, kanal berri horiek garatzeko. Bertako arduraduna den Richard Ferriek dioenaren arabera, egitasmo horien atzean izan duten motibazioa edukia liburutik bereizten ari dela gero eta gehiago errealitate bat izateari erantzun bat bilatu nahia da. Pearsonen plangintzaz arduratzen direnek ikaskuntza digitaleko hainbat plataformak gorakada lasterra izango dutela aurreikusten dute eta, beste ezer baino gehiago, erronka marka baten sustapena eta defentsa izango dela ikusten dute. Nola jarraitu argi eta garbi Pearson markakoa izango den edukia argitaratzen eta sustatzen liburu enkoadernatuaren ohiko mugek dagoeneko balio ez dutelarik? Ferrieren ustez, erronkarik handienetako bat, liburu tradizionalarekin ohitutako jendea arduradun dela, anitz kanaletarako produktu bat pentsatzea eta planifikatzea izan da organizazioarentzat. Horregatik, arazoa kultura-aldaketa lortzea eta kudeatzea izan da, teknologia berri bat erabiltzen hastea bezainbat. Ferriek, beste exekutibo batzuek bezalaxe, esan digu ezin dela argitaletxe batean teknologia berria sartu eta produktua garatzeko prozesua funtsean ez aldatzea. Aldaketaren kudeaketaren kontu hori bereziki hezkuntzarako ikasmaterialgintzan da garrantzitsua, hor ezinbestekoa baita metadatuak eta taxonomiak aplikatzea produktuen garapenean. Hezkuntzako materiala argitaratzen dutenek gero eta presio handiagoak aurkitzen dituzte merkatuan, lekuan lekuko curriculumek ezartzen dituzten eskakizunen arabera edukiak egokitzeko. Moldatze hori eraginkortasunez egitekoeta administrazio desberdinen peko eskola-sistemei moldaketa zuzen egin dela frogatzeko argitaletxeek erakutsi behar izaten dute beren testuliburuek, irakasleentzako edizioek eta material osagarriek egoki erantzuten dietela curriculumen eskakizunei. Gutxienez, argitaletxeek adostasun hori badela erakusten duen informazioa prestatu behar izaten dute, baina, gero eta gehiago, adostasuna ikasmaterialean bertan erakusten dute. Irakasleentzako edizioek, adibidez, ikono eta laburpen-taulen bidez ematen dute adostasun horren berri. Gauzak gehiago zailtzen dira adostasuna baliabide digitalen kasuan erakutsi behar denean eta gainera ezin konta ahala sistematan egin behar denean hori. Curriculumekiko adostasuna adierazi behar hori lan gogaikarria da, materialak berak eta legeria xeheki ezagutzen duten argitaletxeko editoreek eta marketinekoek egin behar izaten dutena. Pearsonen antzera hainbat produktu-lerro dituen eta hainbat estatutan materiala saldu behar duen argitaletxe handi batean, eskala masiboan xehetasun asko zaindu beharreko materiala ekoitzi behar da. Gainera lekutik lekura ez ezik denboran zehar ere aldatu egiten dira eskakizunak. Bizi dugun krisialdian teknologia aplikatzea ez da eraginkortasun kontua bakarrik; kostuak aurreztea are inportanteagoa bihurtu da. Edukiari metadatuak eta taxonomiazko informazioa ezartzea jakintza- eta trebetasun-arlo berri bat da argitaletxeentzat. Bi aurpegi ditu konplexutasunak: gaiari buruzko metadatuak eta beste batzuk eduki-objektu bakoitzari erantsi behar zaizkio (testu-atalei, irudiei, multimedia objektuei). Gero objektu bakoitza beste guztiekin eta produktu-elementu handiagoekin erlazionatu behar da. Kontuan izan behar da eduki-objektu bakoitza nola erabiliko den testuinguru bakoitzean (adibidez, argazki bat gizarte-arloko eduki batean), nola erabiliko den beste produktu batzuetan, eta baita ere nola bilatu eta erabiliko duten erabiltzaileek eduki hori. Ferriek dio taxonomiak eta metadatuak erabiltzeko trebetasun horiek ez zituztela enpresan oraintsu arte, baina hobetzen ari direla alderdi horretatik, eta konpromisoa dutela areagotzeko, eta lehiatzeko abantaila gisa aprobetxatzeko. Helburu horrekin, Pearsonek zuzendaritzan estandarrez arduratuko den zuzendari bat jarri du, enpresan zehar taxonomiak partekatzeaz eta mantentzeaz arduratuko dena.

  • Gero eta argiago ikusten dute inprimatzeko garai batean diseinatu zenak ez duela nahi eta nahi ez funtzionatuko online produktuetan eta alderantziz. Gero eta argiago dago, halaber, organizazio aldetik, planteamendurik egokiena ez dela nahi eta nahi ez paperezko produktuak diseinatzen dituen jendea medio guztietarako produktuak diseinatzen edukitzea. Galdetu diogunean bere ustez nolakoa izango den hemendik bost urtera lehen hezkuntzarako material digitalen merkatua, Ferriek esan digu eskola-sistemak oro har oinarrizko erronkak izango dituela banda-zabalerarekin eta prozesatzeko ahalmenarekin. Horregatik zaila dela aurreikustea zer tankera izango duen argitalpenen arloak, bereziki oinarrizko diru-sarreren ikuspegitik. Ferrieren aburuz, ikastetxeen gaitasun teknikoak eta konektibitateak jarraituko dute baldintzatzen negozio-eredua oro har. Ferriek aurreikus dezakeen aldaketa bat, seguru asko gertatuko dena, produktu-garapena, marketina eta gurasoei zuzendutako ekintza komertzialak bultzatuko dituztela argitaletxeek, teknologia-osagaien kostu gehienak berreskuratzen hasi baino lehen. Adibidez, merkataritza elektronikoa ikastetxeetako webguneetara iritsiko da. Ferriek uste du eskuko tresna aurreratu merkeek eragin handia izango dutela aldaketan. Tresna horiek liburuak ordezkatuko dituztela denborarekin. Etxeko lanak klaseko tresnen bidez jasoko dira, esate baterako arbel elektronikoen bidez, edo etxetik eskolako webgunera igoko dira. Ferriek dio hala ere hori gertatuko dela ikasle guztiek, are behartsuenek ere, tresna horiek izateko aukera dutenean, agian administrazioak lagunduta, bestela ez litzateke berdintasuna errespetatuko. Ferriek dio lehen hezkuntzarako eskuko tresna batek ez lukeela zertan izan berbera ikasturte guztietarako. Adibidez, hasierako ikastaroetarako balio duenak ez du zertan egokia izan azkeneko ikasturteetarako.

  • Eskatu ahalako inprimaketa (prin-on-

    demand). Lightning Sourceren ikuspegia

    1980ko eta 1990eko hamarkadetan, argitaletxeen katalogoak eta tituluen egoera ezin izaten ziren Internet bidez kontsultatu, eta telefonoz deituta bakarrik ezagut zitezkeen. Eta titulu bikain asko agortuta edo deskatalogatuta geratzen ziren. Argitaletxearen ikuspegitik, gutxi saltzen diren tituluek lekua hartzen dute biltegian, kapitala xahutzen dute eta ez dute saltzeko aukera handirik. Offseteko ohiko teknologiak erabiliz, zaila izaten zen, kritika ona izan arren, gutxi saltzen zen tituluen kasuan berrinprimaketak justifikatzea. Lightning Sourceko arduraduna den eta argitalpen munduan 22 urteko esperientzia duen David Taylor-ek berehala azpimarratzen ditu eskatu ahalako inprimaketaren eta tirada txikien inprimaketaren arteko diferentziak. Eskatu ahalako inprimaketan inprimatu aurretik saltzen da liburua eta ale bakoitza bezero jakin batentzat egiten da. Tirada txikiko inprimaketan prozesu eta teknologia berri egokiak erabiltzen dira, tirada txikia eginda ere, tirada handietan lortzen diren kostuak lortzeko. Eskatu ahalako inprimaketa funtsezko aldaketa bat da, etorkizunean izango den argitaratzeko modua eragingo duena. Titulu bakoitza argitaratu edo berrinprimatu aurretik zenbat salduko den asmatzen ibili gabe, eskatu ahalako inprimaketak salmenta txikia izango duten tituluak edo agortu ondoren poliki-poliki saltzen joango direnak ateratzea ahalbidetuko du. Beste aukera bat urruneko merkatuetan saltzea da. Argitaletxeak eskatu ahalako inprimaketa erabiltzea edo ez erabiltzea erabakitzen ari direnean, oinarrizko datua unitatearen kostua izaten da. Eskatu ahalako inprimaketan unitatearen kostua handiagoa izan ohi da offset tradizionalean baino. Hala ere, garraioan eta banaketan lortzen den aurrezkia, kapitalaren kostuan aurrezten dena eta stocka zaharkitzeak duena kontuan hartzen badira, orotara, eskatu ahalako inprimaketaren kostua txikiagoa izaten da offsetekoa baino, tirada 1.000 ale baino gutxiagokoa den bitartean. Argi eta garbi, irteera gutxiko titulu asko, berrinprimaketak eta nazioartean saltzen diren tituluak muga horien barruan sartzen dira. Eta Taylorrek dio, eskatu ahalako inprimaketarako etorkizunean izango diren makinek are abantaila handiagoak ekarriko dituztela offsetarekiko. Hark uste du inprimatzeko makinak fabrikatzen dituzten enpresa batzuek tintazko inprimagailu berriak aterako dituztela, kalitate hobea eta kostu txikiagoak izango dituztenak.

  • Lightning Sourcek Espresso Book Machine motako makinak jartzeko asmoa du bere nazioarteko sarean. Gaur egun dagoen ereduak liburuak 100 orri minutuko abiaduran ekoizten ditu, orriko 0,01 -ko kostuarekin. Kalitatea oraindik ez da beste prozesu batzuez lortzen dena bezain ona, baina, hala ere, oso ona da, eta irakurleei titulu kopuru izugarri handia eskuratzeko aukera ematen die. Taylorek uste du Espresso makinak liburu-dendei, liburutegiei eta urruneko banatzaileei emango diela zerbitzua. Inprimatu ahalako inprimaketaren merkatuaz galdetu zaionean, Taylorrek ohar hauek egin ditu:

    Argitaletxe askok gaur egun liburu baten bizitza bukatzen denean erabiltzen dute eskatu ahalako inprimaketa. Inprimatzeko eta josteko kostuak jaitsi eta kalitatea hobetu ahala, uste du nobedade asko sistema horren bidez inprimatu eta banatuko direla.

    Uste du argitaletxe aurreratuak beren gaitasun nagusietan kontzentratzea bilatzen dutela eta biltegiratzea eta banaketa fisikoa uztera doazela. Eskatu ahalako inprimaketa beste zerbitzu batzuekin konbinatuz (Ingramenak edo beste banaketa-enpresa batzuenak) argitaletxeek eragiketa horiek utzi egingo dituztela eta horrekin kapital asko geratuko zaiela libre beren gaitasun nagusietan inbertitzeko.

    Eskatu ahalako inprimaketak eta ebookek sinergia handiak dituzte. Denborarekin, Lightning Sourcek aukera emango die bezeroei beren ebooketatik aukeratu eta inprimatzeko.

    Enpresak, baliabide digitalak kudeatzeko duen gaitasunari esker, liburu guztiak digitalki egiten ditu. Horiek erabil daitezke paperean inprimatzeko, ebookak egiteko, telefono mugikorretarako bertsioak egiteko, etab..

    Espero du Springer-en Direct MyCopy Programaren moduko programa gehiago agertuko direla, liburutegiei zuri-beltzezko kopia pertsonalizatu merkeak egitea ahalbidetuko dietenak, liburutegian dituzten ebooketatik abiatuz eta eskatu ahalako inprimaketa erabiliz. Lightning Sourcek 20 dolar baino gutxiagoan inprimatzen eta bidaltzen ditu mota horretako kopiak.

  • Baliabide digitalak kudeatzeko

    sistemen papera argitalpen

    digitaletan

    Baliabide digitalak kudeatzeko sistemak dagoeneko ez dira aitzindari batzuek erabiltzen dituzten tresna espezializatuak. Editorialek denbora eta ahalegin asko eman dituzte edukiak kontrolpean edukitzeko, eta horren barruan sartzen dira editorialek erabiltzen dituzten hainbat motatako baliabide digitalakargazkiak, marrazkiak, bideo eta audio fitxategiak, animazioak, etab. Editorialentzat edukien kudeaketa aplikazio garrantzitsua bihurtzen hasi denez geroztik, beste mota batzuetako edukiak bezainbateko arretaz, baliabide digitalak kudeatu beharra sortu da. Hasteko, medio digitalen definizioa aldatu eta zabaldu egin da gaur egun argitaldari askorentzat. Bideoaz eta audioaz aparte, medio digitalen artean dokumentu konposatuak sartzen dira, hala nola, Word, PowerPoint eta Excel bidez landutako dokumentuak. Medio digitalak asko ari dira ugaritzen, beraz kritikoa da baliabide digitalak kudeatzeko sistemen teknologiak baliabide horiek kudeatzeko malgutasunik handiena eskaintzea. Enpresako beste eduki asko bezala Macintosh eta PCetan eta zerbitzarietan egoten dira gordeta. Beste eduki batzuek ez bezala, ordea, medio digitalek ezaugarri bereziak dituzte, hala nola fitxategien tamaina eta geruzakako egitura, funtzio bereziak eskatzen dituztenak. Baliabide digitalak kudeatzeko sistemek eskakizun berezi horiei erantzuten diete eta gainera biltegiratze zentralizatu, malgua eta baliabideak eskuratzeko erraztasunak ematen dituzte. Alderdi askotatik, baliabide digitalak kudeatzeko sistema eraginkor bat xede orokorreko baliabideak kudeatzeko sistema baten desberdina da. Funtzionalitate aurreratuek garrantzi handia dute, medio digitalak ekoiztea asko kostatzen delako. Baliabide digitalak, esate baterako audioak eta bideoak ekoizpen-kostu handiko produktuen adibide garbiak dira, baina liburuek, egunkariek eta inprimaturiko beste produktu batzuek ere, inbertsio handiak eskatzen dituzte, ez bakarrik beren osotasunean hartuta, baizik eta baita haien osagaiek ere, marrazkiek eta argazkiek adibidez. Maizegi, baliabide solte horiek ez dira zorrozki kudeatzen sortu ondoren, eta enpresek galdu egiten dituzteliteralkieta hainbeste kostatu zaizkien eta hainbesteko garrantzia duten baliabide horien bertsioen, onarpenen eta eskubideen jarraipenak ihes egiten die. Baliabide digitalak kudeatzeko sistema batek arrakasta izateko, edukien biltegi bat behar du, edukiekin batera haien metadatuak gordeta dituena, eta segurtasuna eskaintzen duena, baliabide horiek babesteko eta, aldi berean, prozesuetan parte hartzen dutenei lan egiteko erraztasunak ematen dizkiena. Gainera interface erabilerrazak izan behar ditu, hainbat erabiltzaile-motarentzat. Azken finean, medio digitalak eskuratzeko erraztasuna eskaintzeak ez du askorik balio haiek sortzen, editatzen, ontzat ematen eta erabiltzen dituztenek mugak aurkitzen badituzte. Kontuan hartzekoak diren puntu batzuk:

    Gero eta material gehiago digitalki sortzen da eta egokia da baliabide digitalak kudeatzeko sistema batean integratzea.

    Gero eta garrantzi handiagokoa da baliabide digitalak hainbat produktutan berrerabili ahal izatea.

    Baliabide berriak sortzeak kostu handia du.

  • Hainbat lekutan sakabanaturik lan egiten duten lantaldeak daude gero eta gehiago.

    Produktu digitalak zuzenean saltzen dituzten gero eta plataforma gehiago daude.

  • McGraw-Hill Education-en esperientzia McGraw-Hill Education irakasmaila guztietarako ikasmaterialgintzan diharduen mundu mailako hornitzaile garrantzitsuenetako bat da. 1884 sortu zen eta laster hasi zen ikasliburuak argitaratzen. 1930eko hamarkadan enpresen kudeaketa, zientzia eta teknologia arloetako liburuak ere argitaratzen zituen eta 1950eko hamarkadan lehen eta bigarren hezkuntzako ikasmaterialgintzan nagusi bihurtu zen.

    Erronka

    McGraw-Hill Education-ek urtetan zehar ahalegin handia egin du hezkuntzarako materiala sortzeko prozesuak eraberritzeko. Estrategia horren barruan, McGraw-Hillek baliabide digitalen biltegi bat sortu du, eta horretan oinarrituta, produktuak garatzeko erabil daitezkeen edukien zerbitzu bat jarri du abian.

    Lehentasunik handiena du garaturiko edukiari ahalik eta zabalkunderik handiena ematea, hura ahalik eta berrerabilgarriena egitea eta ahalik eta kanalik gehienetan zehar ahalik eta modurik errazenean banatzea.

    Zuzendaritzak ahalegin handi bat bultzatu du prozesuak eta horiek gauzatzeko teknologiak aldatzeko.

    Aldaketa hori paradigma mailakoa izan da, edukien garapenaren arloan. Egileek, editoreek, diseinatzaileek eta produkziokoek mota guztietako medioak izan behar dituzte kontuan, alegia, papera, weba eta ebookak, edukiak garatzen hasten diren une beretik.

    Helburua da eduki guztiek banaketa-medio guztietarako moldatzeko modukoak izan behar dutela, beraz prozesuek eta teknologiek ahalik eta malguenak izan behar dute eta, horretarako, edukiak lantzen dituzten taldeek birpentsatu egin behar dituzte beren planteamenduak.

    Erronkari nola egin dioten aurre

    McGraw-Hill Educationek sistema berri batzuk erosi, garatu eta abian jarri ditu erronka horri aurre egiteko:

    MarkLogic Server deritzon XML biltegia

    Baliabideak eta edukiak kudeatzeko soluzioak

    Argitalpen digitalak sortzeko tresna berriak, Adobe Creative Suite 4 paketean oinarrituak

    Lan-prozesuak kontrolatzeko plataformak, Adoberen tresnekiko lankidetza errazteko

    Gainera, enpresak zenbait egitasmo jarri ditu abian, bulegoko lanak egiteko sistemak eta baliabide digitalak kudeatzeko sistema berria integratzeko. Sistema berriaren muinean XML biltegia dago, argitalpenak egiten dituzten profesionalek hainbat kanaletara bideratuko dituzten edukiak sortzea ahalbidetzen diena. Egitasmoek orain hasiera-hasieratik erabiltzen dute XML, eta lehen, aldiz, XMLa inprimatu osteko produkzio-prozesuen bukaeran sortzen zen. Planteamendu

  • horrek taldeak lehenbizi produktu digitalean pentsatzera behartzen ditu eta ez lehenbizi paperezko produktuan, eta horrela posible gertatzen da produktua papererako, weberako eta ebookerako moldatzea. Ahaleginari goi-mailako hezkuntzarako materialgintzan ekin zioten, bai lantaldea aurrerakoiagoa zelako eta baita material hori XML formatuan lantzea errazagoa zelako. Lehen hezkuntzako materialak, aldiz, diseinu landuagoa, kolore eta irudi gehiago dituenez, zailtasun handiagoak ditu XMLn lantzeko, eta geroago sartu dira ildo berrian.

    Ikasi diren gauzak

    Prozesuetan izan diren aldaketekin zerikusi handiagoa izan dute ikasi diren gauzek alderdi teknologikoekin baino. Hona hemen ikasi diren gauzak zein izan diren:

    Ez jarri tresna digitalak prozesu tradizionalak mantenduz.

    Edukiak garatzeko prozesu osoa izan kontuan eta argitalpen digitalak

    ekoizteko sistema eta tresnekin lan egiteko moldatu hura.

    Editorialarekin harremana duen komunitate osoarekin lan egin, ahal dela, eta saiatu ikusarazten aldaketa zenbaterainokoa den. Edukiak sortzeko prozesua oso desberdina da; editoreek, diseinatzaileek eta produkziokoek oso modu diferentean lan egiten hasi behar dute, beraz, elkarrizketan hasi beharra dago lehenbailehen.

    Ondo pentsatu XMLn oinarrituriko prozesu baten arazo nagusiak zein diren, hura ezarri baino lehen: XML etiketen planteamendua, eskemen diseinua, edukia zer granularitate-mailan modularizatu behar den eta zer prozesu erabiliko diren XMLa irteerako formatu desberdinetara eraldatzeko. Eta hori bezain inportantea dena: planifikatu nola lortuko den errentagarri bihurtzea produktu digital berriak.

  • Nature Publishing Group-en esperientzia Nature Publishing Groupek material akademiko, zientifiko eta medikoa ekoizten du: Nature aldizkaria, 1869an sortua eta beste ikerketa-aldizkari asko. Mundu guztian zehar ditu sakanabatuak bere lantegiak

    Erronka

    Irakurleek paperean eta webean espero dute NPGren edukiak aurkitzea eta gainera ordenagailu bidez, haririk gabeko konexio bidez, sare sozialetan eta era guztietako bilatzaileen bidez. Horrek esan nahi du edukiak hainbat formatutan eta hainbat testuingurutan jarri behar dituela eta hori modu errentagarrian egin behar duela. XMLan oinarrituriko biltegi batean oinarritu dute beren soluzioa, eta produktuak laster garatzeko gai den prozesu bat prestatu dute. Bete beharreko eskakizunak hauek dira:

    Erabiltzaileei edukiak nahi dituztenean, nahi duten lekuan eta nahi duten moduan helaraztea da benetan inportantea.

    Eskuragarritasun hori lortzeko, edukia prest izan behar da eredu irekien bidez, babesleek ordaindutako ereduen bidez, ikusi ahala ordaintzeko sistemen bidez nahiz harpidetza bidez banatzeko.

    Papera oraindik garrantzitsua da merkatu askotan, beraz eskatu ahalako inprimaketaren eta inprimaketa digital sakabanatuaren beharra dago gero eta gehiago.

    XMLa garrantzitsua da egituraren aldetik, baina are garrantzitsuagoa metadatuen aldetik, taxonomiak barne, (medikutzako terminoak, adibidez), eta datu bibliografikoen aldetik.

    Komunitateak eta sare sozialak indarra hartzen ari dira; medikuntzako eta zientziako sare sozial espezializatuak, besteak beste. Editorialek bermatu beharra daukate beren edukiak horietara iritsiko direla.

    Metadatuak erabili behar dira bilaketa aurreratuak egin ahal izateko.

  • Random House-ren esperientzia

    Random House, Inc. munduko argitaletxe handienetakoa da. Bertelsmann AG-ren atal bat da 1998 ezkeroztik. Era guztietako liburuak, publiko mota guztientzakoak eta formatu guztietakoak argitaratzen dituzte.

    Erronka

    Urtero 4.000 titulu berri argitaratzen dituzte gutxi gorabehera, 45.000 titulu dituzte katalogoan eta guztira 200.000 titulu argitaratu dituzte. Azken urteotan baliabide digitalak kudeatzeko estrategia zabaldu egin dute audioliburu, ebook, webgune eta beste medio berri batzuetara. 1990eko hamarkadan hasi ziren baliabide digitalak kudeatzeko arazoari aurre egiten. Gero eta baliabide gehiago kudeatu beharrak eta edukiak berrerabili beharrak sistema berri bat prestatzera behartu zituen.

    Erronkari nola erantzun dioten

    Digital Media Groupen Open Text sistema jarri zuten helburu hauekin:

    Baliabide digitalak kudeatzeko sistema bat izatea, paperezko produktuetan erabili beharreko baliabide digitalentzat

    Baliabide digitalak kudeatzeko sistema bat izatea, audiorako baliabide digital guztiak gordetzeko

    Barruko nahiz kanpoko sistemei baliabide digitalak banatzeko sistema bat izatea

    Random Housen funtzionatzen duen sistema organizazio zentral batek erabiltzen du, Random Houseren lerro guztiak zerbitzatzeko. Gaur egun paperezko produktuetarako baliabide digital guztiak dauzka. Sistemak zenbait eguneratze izan ditu eta pixkanaka audio eta bideozko edukiak ere bertan sartzen joan dira. Funtzionalitate berriak gehitu zaizkio Amazon.com-en bidez Kindlerentzako produktuak banatzeko ere. Berrikitan, Random House artxibo digitala zena dozenaka banaketa-plataformatara edukiak banatzeko erabiltzera igaro da; adibidez audioliburuak iTunesen saltzeko. Random House produktu bukatuentzat soilik ari da erabiltzen baliabide digitalak kudeatzeko sistema, baina prozesuan dauden produktuentzat ere erabil liteke.

    Produktuen kontzepzioa ere aldatu egiten da. Esate baterako, sukaldeko errezeten

    liburu bat zerbait itxia da papererako egiten denean, baina orain datu-base bezala planteatzen da, hainbat modutara ateratzeko (osorik, sukaldaritza mota baterako, egunkari batekin lankidetzan, etab.)

  • Argitalpen digitalerako

    negozio-ereduak.

    Zenbait adibide

    Copyrighten legeak eragin erabakigarria du paperezko liburuak saltzeko moduan. Liburu bat erosten dutenek ez dute baimenik liburuan aurkitzen duten informazioa kopiatzeko eta banatzeko, baina lizentzia bat erosten dute liburua epemugarik gabe erabiltzeko eta beste irakurle bati saltzeko, hala nahi badute. Irakurle askok erosten dituzten liburuak gorde nahi izaten dituzten arren, beste batzuek, leku faltaz edo liburuak gordetzeko gogorik ez dutelako, saldu egiten dituzte. Internet oso inportantea izan da erabilitako liburuen merkatua areagotzeko. Erabilitako liburuek ez dute pisu handirik merkatu gehienetan, baina goi-mailako irakaskuntzaren kasuan garrantzi handia du. Jende askok uste badu ere erabilitako liburuek ikasleei dirua aurrezten laguntzen diela, kontrakoa gertatzen da. Erabilitako liburu asko erabiltzen baldin badira, argitaletxeek aukera gutxiago dute liburu berriak saltzeko, eta, beraz, liburuak garestitu egiten dira. Horren ondorioz, gutxiago saltzen dira, eta zikloa errepikatu egiten da. Adibide horrek erakusten du zer garrantzi duen argitaletxe batentzat negozio-eredu egokia aukeratzeak, bezeroen portaera kontuan izanda, eta bezeroek atzematen duten balioarekin bat datorren prezioak jarriz. Argitalpen digitalak askoz sormen eta malgutasun handiagoak eskatzen dizkie editorialei, produktuei prezioak jartzerakoan. Paperezko liburuak dituen ekoizteko eta banatzeko kostuak ez ditu argitalpen digitalak, egile-eskubideak eta lizentziak beste modu batera planteatu behar ditu. Hitz batean, bestelako kostu-egitura du. Horregatik, hainbat eredu plantea daitezke, eduki digitalak banatzeko:

    Produktu digitala saltzea. Paperezko liburua saltzen den modu bertsuan, editorialak betiko lizentzia bat saltzen dio irakurleari, copyright legeen pean liburu digitala irakurtzeko, erabiltzeko eta berriro saltzeko. Kasu horretan, argitaletxeak zuzenean sal diezaieke irakurleei edo Google, Amazon eta Zinio moduko kanalen bidez. Liburu digitalak erosten dituztenek espero dute eduki digitalak dauzkaten produktuak paperezko liburuak baino merkeagoak izango direla. Planteamendu hau sinplea da eta ondo funtziona dezake erabilitako liburuek arazoak sortzen ez dituzten merkatuetan.

    Paperezkoaren eta digitalaren hibridoa. Interneteko zenbait denda, hala nola Amazon bezeroei paperezko liburua nahiz kopia digitala erosteko aukera eskaintzen ari dira. Kopia digitala paperezko liburua baino merkeago jartzen dute, kasu askotan 10 dolar inguruan. Etorkizun hurbilean, aurreikusten dugu editorial batzuek eredu hori aldatuko dutela eta produktu digitalaren erosleei paperezko liburua fabrikazio-kostua baino pixka bat gehiagoan salduko dietela, 5 eta 10 dolar inguruan. Kasu askotan paperezko liburua eroslea dagoen lekuan inprimatuko da, eskatu ahalako inprimaketaz.

    Harpidetza. Argitalpen zientifiko, tekniko eta medikoen editorialek beren ebooken bildumak eskaintzen dizkiete liburutegiei eta unibertsitateei, urteko harpidetza baten truke. Aurreikusten da

  • fikziozkoak ez diren liburu batzuek zerbitzu gehigarriak eskainiko dituztela, harpidetza egiten duten irakurleei eguneraketak, buletinak, egileekin foroetan edo komunitateetan parte hartzea lortu ahal izatea eskainiz.

    Moduluak. Editorial batzuek zatikatu egin dituzte beren edukiak modulu txikiagotan. Adibidez, Cengagek testuliburu batzuk iChapters moduan eskaintzen ditu. Espero da fikziozkoak ez diren edukien editorialek aukera emango dutela beren edukiak beste liburu edo aplikazio batzuekin konbinatzeko. Modulukako edukien prezioa izan daiteke dolar batekoa moduluko, banako erabiltzaileentzat, edo ehunka dolarrekoa ,enpresei edo erakundeei lizentziatzen zaien edukientzat.

    Lizentziak erakundeei ematea. Eduki digitalak behin-betiko saldu ordez, editorialek lizentzia liezaizkiekete eduki digitalak erakundeei, neurri jakin batzuen arabera. Adibidez, testuliburuen editorialek lizentzia liezaizkiekete ikastaro digitalak hezkuntza-arloko erakundeei, matrikulatuta daukaten ikasleko hainbesteko baten truke. Argitaletxe batzuek bolumenaren araberako deskontuak eskainiko dituzte, kurtso bat denbora luzerako kontratatuz gero. Eredu horretan, aurreikusten da editorialek pertsonalizazio-zerbitzuak eskainiko dituztela erabiltzaile-taldeentzat, irakasleen orientazioen arabera. Lizentziek zehaztuko dituzte eguneraketak ere. Editorialei edukia erabiltzeagatik ordainduko zaienez gero, lizentziak agian eskubidea emango du material horiek inprimatzeko ere. Eredu hori erakargarria da, behin eta berriz diru-sarrerak ematen dituelako, eta edukia kontrolatu beharra gutxitzen duelako, eta bezeroek malgutasun handiagoa eta balio handiagoa lortzen dutelako.

    Lizentziak gizabanakoei. Eredu hau aurrekoaren antzekoa da, salbu lizentzia-hartzailea gizabanakoa delako. Lizentzia horiek sal litzakete argitaletxeak zuzenean edo ohiko kanalen bidez, hau da liburu-denda fisiko edo birtualen bidez. Halere, kanal hauen bidezko salmentek produktu fisikoenek baino deskontu txikiagoak izango dituzte. Kasu honetan ere, bezeroentzat egokia da eredua, edukia erabiltzeak duen kostua eduki hori denboraldi batean erabiltzeak duen balioarekin parekatzen duelako.

    Babesleek ordainduta. Batzuetan, bereziki eduki teknikoen kasuan babesle bati interesatuko zaio, bere marketin-estrategiaren barruan, eduki batzuen kostua bere gain hartzea, eduki horiek berari interesatzen zaion erabiltzaile talde batek erabiliko baldin baditu.

    Publizitateak ordainduta. Fikziozkoa ez den zenbait edukik balio du erreferentzia gisa, adibidez, bidai gidek, sukaldeko errezeta-bildumek, lorazaintzari buruzko edukiek, etab. Enpresa asko daude horrelako edukiei beren publizitatea atxikitzeko interesa dutenak. Eredu honetan, iragarkiak jartzen dituztenek liburuaren atal batzuk ordain ditzakete, iragarkiak txerta ditzakete liburuan, edo liburuari loturiko webgune baten babesle izan daitezke.

    Doan. Badirudi bi eduki mota nagusi izan daitezkeela doan:

    o Ekintza sozialei lotuak. Badira erakundeak eduki batzuk doan emango dituztenak, beren edukiak zabaldu nahi dituztelako gizartearen mesedetan. Horietakoak izan daitezke liburutegiak, unibertsitateak, hezitzaileak, gobernuak, ikertzaileak eta egileak. Erakunde horiek espero dute beren lanak hezi edo informatuko dituela beste batzuk,

  • eta hori gizartearen mesedetan gertatuko dela.

    o Sustapenerakoak. Badira egile batzuk beren jakinduria erakutsi nahi dutenak horrekin beste zerbitzu batzuk salduko dituzten esperantzan, adibidez aholkularitza-zerbitzuak edo hitzaldiak.

    Azken finean, bezeroek jasotzen duten balioarekin ados daudenak, aldi berean egileei zor zaiena ordaintzeko gai direnak eta argitaratzaileari modu iraunkorrean edukiak zabaltzea ahalbidetzen dietenak izango dira prezio-eredu egokiak . Ekuazio hori ez badago orekatua porrota segurua da.

  • lulu.com-en esperientzia

    Lulu.com webguneak eduki digitalak saltzen ditu. Dagoeneko 1,1 milioi titulu argitara eman ditu, eta 80 herrialdetako 15.000 egile berri juntatzen zaizkio astero. Aspaldi hasi ziren egile batzuek lanak beren kontura ateratzen argitaletxe komertzial batek argitaratzea lortzen ez bazuten. Horrela argitaratutako liburuek nekez ematen zieten irabazirik egileei. Bestalde, asko kontzentratu da industria aurreko hamarkadan, eta banaketa- eta salmenta-sareak asko aldatu dira. Aldaketa horiek eragin handia izan dute egileengan. Editorialen kopurua murriztu egin da, eta horren ondorioz, egileei zailago gertatzen zaie beren lanak argitaratzea. Batzuetan gertatzen da egile on batek liburu bat egitea, baina merkatu txikiegia duelako editorial tradizionalei ez interesatzea. Fenomeno horrek liburu on asko ez argitaratzea dakar. Mundu editoriala eta banaketa digitalago bihurtzen ari dira. Horrelako egoeretan sarri gertatzen da aurreko ereduan arrakasta izan dutenek eredu berrian arrakastarik ez izatea. Testuinguru horretan jaio zen lulu.com. Enpresa horrek gaur egun hiru produktu-lerro ditu:

    Paperezko liburuak, liburuxkak, eskuliburuak eta enpresetarako materialak

    Argazkidun produktuak: egutegiak, argazki-liburuak, artelanak

    Sare sozialak. Enpresa horrena den http://weread.com webguneak liburuak katalogatzeko, baloratzeko eta haien erreseinak egiteko aukera ematen die erabiltzaileei.

    Lulu.com-ek egileei kontrol osoa ematen die edizioari eta copyrightari dagokienez, eta obrak babestu egiten dizkie. Diru-sarreren % 80 egileentzat da, eta lulu.com-ek salmenta eta banaketa egiten du. Bilaketa-sistema ahaltsu baten bidez, irakurleek interesatzen zaien liburuak bila ditzakete eta paperezko formatuan nahiz digitalean erosi. Hor arrakasta duten autore batzuk eskaintzak izaten dituzte beste editorial batzuen aldetik, beste lan batzuk argitaratzeko. WeRead-ek eta Interneteko dendek dituzten loturek ere indar handia ematen diote eredu honi. Liburu askoren kasuan, luluk eskaintzen duen eskatu ahalako inprimaketaren eta banaketaren bidez, liburuak sistema tradizionalarekin baino kostu eta arrisku gutxiagorekin banatzen dira. Luluk egileei webguneak, erakusleihoak, blogak eta horrelakoak sortzeko tresnak ere eskaintzen dizkie, beren liburuak erakusteko. Beren negozioa ez da oinarritzen argitaratzeko liburu onenak aukeratzean, baizik eta egileei arrakasta izateko tresnak eskaintzean, merkatuak erabaki dezan zein diren libururik onenak.

  • Lightspeed -en esperientzia

    Lightspeed enpresak aholkularitzan dihardu. Bere bezeroak argitaletxeak dira. Informazio-teknologien eraginak eskatzen dituen aldaketetan zentratuta dago. Orain arteko ereduan paperezko liburuak nahiko objektu itxiak izan dira. Erreferentziazko obrak alde batera utziz gero, hasieratik bukaerara irakurtzekoak izan dira liburuak. Liburu askok, beste eduki batzuei erreferentzia egiteko, oinoharrak, aipuak eta bibliografia besterik ez dute izaten. Egilearen eta argitaletxearen eskubideak copyright-legeek babestu dituzte. Balio al du eredu horrek etorkizunerako? Argitalpen digitalak egiteko teknologia, Internet bidezko bilaketa eta salmentarekin konbinatuta, erabilera molde berriak sortzen ari da, paperezko liburuak bakarrik eskaini ezin dituenak. Egile bat/argitaletxe bat/erosle bat eredua desegokia da mundu digitalerako. Egileek lankidetzan dihardute gaur egun beren irakurleekin obra lantzen ari diren bitartean eta argitaratu ostean. Argitaletxe garrantzitsu batzuk irakurle batzuen eta adituen lankidetzan oinarrituz ari dira edukiak sortzen. Kasu batzuetan gehiago balio du lankidetza-prozesuak produktu bukatuak baino. Fenomeno hori esponentzialki areagotuko da Facebook, YouTube eta Twitter moduko sare sozialekin. Zaila izango da produktu bakar batek, prezio jakin batekin balio interesgarria eskaintzea bezeroei, eta irabaziak sortzea argitaletxeari. Orain arteko eredua noranzko bakarrekoa da, egilerengan hasi, argitaletxetik, banatzailetik eta dendatik igaro, eta irakurlearengan amaitzen dena. Eredu digitalak, aldiz noranzko anitz ditu. Egileak eta editorialak produktu sorta bat imajinatzen dute. Egileak, askotan, irakurleen ekarpenak kontuan hartuta sortzen du produktua. Argitaletxeak produktuaren hainbat bertsio sortzen ditu, eta autorearekin eztabaidatzen ditu. Produktu-familiaren bertsio bakoitzerako produkzio eta banaketa-ereduak planifikatzen dira. Argitaletxeak hori guztia hartzen duen banaketa- eta kanal-estrategia bat prestatzen du. Bezeroek hobesten duten bertsioa, formatua eta eskuratzeko metodoa erosten edo lizentziatzen dute. Eskariari argitaletxeak, banatzaileak, dendariak edo denda birtualak erantzuten dio. Produktuaren eta zerbitzuaren arteko muga gero eta lausoagoa da. Amazonentzat Kindle zerbitzu bat da eta ez tresna bat. Agian iPhonerako eta horrelakoetarako aplikazioek baliteke eragin handiagokoak izatea. Konplexutasun horrek guztiak zerbitzuetan oinarrituriko eredu bat nagusitu daitekeela pentsarazten du. Hiru osagai nagusi izango ditu eredu horrek: balioa lankidetzan sortzea, harremanak egitea eta zerbitzuak ematea. Bezeroa eskaintza zehazten inplikatzeak balioa sortzen du egilearentzat, argitaletxearentzat eta bezeroarentzat. Horrek bezeroekin harremanak sortzea eskatzen du. Hori ez da izan orain arte argitaletxeen indargune bat. Paradigma berrian aldagaiak hauek izango dira: zerbitzuak izango dituen aukerak, erosi edo lizentziatuko diren edukiak eta harremanari loturik egongo diren eskubideak eta hauen iraupena. Zerbitzuaren osagaiak, besteak beste, egilearen originala, bezeroen iruzkinak eta ekarpenak, beste lan batzuekiko estekak, sare sozialetako foroak, multimedia edukiak eta are publizitatea izango dira. Eduki digitalak banatzeko sistemek edo eskatu ahala inprimatzekoek asko erraztuko dute, maila handi batean pertsonalizaturiko produktuak sortzea eta eskaintzea. HarperCollins bat autorearen ahotsezko azalpenak blogen eta irakurle-komunitateen bidez liburuei eranstekotan dabil. Liburu-dendek merkatuaren parte bat galdu egingo dute, denda birtualen eta argitaletxeen edo egileen webguneen eta beste medio batzuen mesedetan. Irakurleei entzuten hastea izango da mentalitate-aldaketaren lehen urratsa.

  • Sharedbook -en esperientzia

    SharedBook-ek eduki-biltegietatik abiatuz liburuak denbora errealean sortzeko tresna multzo aberatsa sortu du. Erabiltzaileek aukera dute beren material propioa sortzeko eta aukeratzen duten materiala pertsonalizatzeko. Hori dinamikoki egiten da, eta sortzen den produktua zintzilika daiteke webean, PDF formatuan jaitsi edo paperean modu profesionalean inprimatu. SharedBooken espezialitatea hainbat iturritako datuak integratzea eta argitaratzea da, bere tresnak erabiliz. Orain arte, arrunta izan da liburu bat paperean argitaratu ondoren haren Interneteko bertsioa prestatzea. Askotan liburu digital horiek paperezkoaren erreplika hutsak izan dira, askoz funtzionaltasun gehiago ez zutenak. Sharedbookek azpikoz gora jarri du eredu hori: webeko erabiltzaileei aukera ematen die Interneteko edukietatik abiatuz kalitate handiko produktu inprimatuak sortzeko. Edukien jabe batzuk, hala nola Encyclopedia Britannica SharedBooken Smart Button deritzona jartzen ari dira beren biltegian dauden elementu guztiei. Entziklopediaren editoreek Smart Button hori erabiltzen dute, zenbait eduki bildu, horrekin titulu berri bat sortu eta liburu birtual bat prestatzen dute Britannicaren dendan eta beste plataforma batzuetan saltzen dena edo eskatu ahala inprimatzen dena. Britannicak dioenez, bere editoreak gai dira orain 40 eta 400 orrialde bitarteko liburu berriak ordu batzuetan prestatzeko. SharedBook-ek aukera ematen die erabiltzaileei iruzkinak eransteko edozein dokumenturi: data bat, hitz bat, esaldi bat edo paragrafo bat. Erabiltzaileei beren barruak husten utziz, eduki originala aldatzen utzi gabe, politika, legea, literatura eta beste hainbat gai eztabaidatzeko plataforma bat sortu die. Eztabaidaren moderatzailea edukiaren jabea da. Berak erabaki dezake zein izango diren erabiltzaile-taldeak, bereiz ditzake adituak eta beste erabiltzaileak, etab.