Ahozko aurkezpenak egiteko hainbat aholku.

5
AHOZKO AURKEZPENAK EGITEKO ZENBAIT IRUZKIN Egilea : J. Landaluze Produkzio Sistemak eta Automatika eta Kontrol Injinerutza departamentua IKERLAN

Transcript of Ahozko aurkezpenak egiteko hainbat aholku.

AHOZKO AURKEZPENAK EGITEKO ZENBAIT IRUZKIN

Egilea:

J. Landaluze Produkzio Sistemak eta Automatika eta Kontrol Injinerutza departamentua IKERLAN

AURKEZPENAK EGITEKO ZENBAIT IRUZKIN

SARRERA

Aurkezpenak egiteko oinarrizko arau batzuk laburbiltzen saiatuko gara hemen.

Aurkezpen tekniko motz batez ari gara, hau da, 10 bat minutukoaz unitate honetan. Izan ere, aurkezpen gehienak 10 eta 30 min. bitartean egiten dira, eta, ondorioz, hitzaldi luzeak, eskolak edota ikastaroak alde batera utziko ditugu, nahiz eta azalduko ditugun puntu nagusiak azken horietarako ere baliagarriak izan.

Aurkezpena egiteko, suposatu egiten da gardenkiak edota bestelako ikus-entzunezkoak erabiliko direla. Horregatik, gardenkiei buruzko zenbait iruzkin ere emango ditugu.

AURKEZPENA PRESTATU

Plangintza: Egin plan zehatz bat arreta handiz. Horrela, konfiantza handia lortuko duzu, eta ez zara erraz urduri jarriko.

Helburuak: Pentsa ezazu ondo zein helburu duzun. Pentsa zer lortu nahi duzun: entzuleak hezi, informatu, konbentzitu edo dibertitu.

Entzuleak: - Norentzat hitz egin behar duzu? - Zenbat etorriko dira? - Zer dakite gaiari buruz? - Zer ikasiko dute? - Zer espero dute edukiaz eta aurkezteko eraz?

Edukia: Zerrendatu luze eta zabal dituzun ideia guztiak (“braimstorminga” edo ideia-jasa teknika erabili). Gero garrantzizkoenak aukeratu. Ideiak hobeto aurkezteko materiala derrigorrezkoa balitz, bilatu material egokia, eta prestatu. Aukera zorrotza egin! Ez pilatu ideia gehiegi bata bestearen gainean.

NOLA EGITURATU AURKEZPENA

Egiteko era: Eskema erraza: - Esan entzuleei zertaz aritu behar duzun. - Gero, horretaz jardun. - Azkenik, esan duzunaren laburpenaz bukatu. Saia zaitez ideia nagusiak modu batera baino gehiagotan azaltzen: prestatu adibideak, erabili eskemak eta irudiak; era berean, istorio umoretsuak ere presta ditzakezu, hitzaldia atseginagoa izan dadin.

Antolaketa: Hitzaldiaren edukia era logikoan egituratu. Aurkezpenik gehienak sarrera txiki batekin hasten dira, eta ondorio batzuk atera eta gero bukatzen dira.

Erabili sarrera hori: - entzuleak agurtzeko - hitzaldiaren gaia aurkezteko - eraman behar duzun hurrenkera aurkezteko - galderak egiteko arauak jakinarazteko.

Erabili bukaera: - punturik garrantzitsuenak laburtzeko - entzuleei eskerrak emateko - galderen txandari ekiteko

HITZALDIAREN URRATSAK

1.- Sarrera (1. gardenkia)

1a. Agurra. (“Egun on… / Hasi baino lehen, eskerrak eman nahi nizkieke hemen dauden…”)

1b. Norberaren aurkezpena. (“Nire izena…/ … lan egiten dut…”)

2.- Aurkezpenaren gaia eta iraupena (1. gardenkiarekin jarraitzen dugu)

2a. Gaia. (“Nik ‘…’ izeneko lana aurkeztuko dizuet, zeina…”).

2b. Iraupena

3.- Mamiaren sailkapena (2. gardenkia)

Hitzaldiaren mamia lauzpabost zatitan banatzea komeni da. Orain puntu edo atal hauek izendatzen dira, eta, nolabait, hitzaldiaren ikuspegi orokorra ematen

da.

3a. (“Hasteko, gogora ekarri nahi nizueke orain arte egindakoa…”)

3b. (“Ondoren azalduko dizuet…”)

3c. …

4.- Galderak egiteko arauak (2. gardenkiarekin jarraitzen dugu)

Baten batek galderak edo zalantzak baditu, zer egin argitzen zaio, ea hitzaldia eten dezakeen edo amaitu arte itxaron behar duen.

5.- Mamia (gardenki gehienak)

Hirugarren puntuan sailkatutako atalak azaldu banan-banan. Atal batetik hurrengora igarotzen denean, argi eta garbi utzi. Agian, atal horretan

azaldutako ideiak eta datu nagusiak azpimarratu.

6.- Laburpena / ondorioak (azken gardenkiak)

Laburtu esandakoa, eta azaldu ondorioak.

6a. (“Orain arte ikusi dugu…”)

6b. (“Orduan, ondorio hauek atera daitezke…”)

7.- Bukaera

7a. Eskerrak eman berriro

7b. Ea galderarik ba ote dagoen galdetu, eta saiatu erantzuten.

HITZALDI ERAGINKORRA IZATEKO AHOLKUAK

• Aldez aurretik, praktikatu aurkezpena! Horrela, hutsuneak eta alderdirik ahulenak non dituzun atzemango duzu. Errepikatu ideia eta puntu nagusiak. Horretarako, egin horien sarrera, gero azaldu eta, azkenean, laburtu. Aurkezpen batean ideia nagusiak oso gutxi izango dira.

• Horrezaz gain, hitzaldiaren iraupena kontrolpean edukitzeko ere praktikatu egin behar da. Ziurtatu nahikoa denbora duzula gai guztiak aurkezteko; bereziki, ideia eta kopuru nagusiak ondo ulertarazteko.

• Hasieran urduri egongo zara, baina ez arduratu, gehienoi gauza bera gertatzen zaigu eta. Gakoa lehenengo bi minutuetan lasai eta astiro hitz egitean datza. Kontuan izan oso garrantzizkoa dela entzuleek hasieran izaten duten iritzia. Horregatik, agian, ez dizu kalterik egingo sarrera-hitzak buruz ikasteak.

• Zaindu entzuleekin duzun harremana. Bizi aritu, gaiarekiko interesa azaldu, eta entzuleak ez dira aspertuko.

Noizean behin, begiratu entzuleei, funtsezkoa baita begien arteko harremana, komunikazio-maila egokia izateko. Begirada horren bitartez, jendea aspertuta edo interesik gabe dagoen konturatuko zara. Ondorioz, beharbada, hitzaldiaren zenbait zati laburtu egingo dituzu.

• Azpimarratu ideiarik garrantzitsuenak; batez ere, zenbakiak eta datak. Errepikatzea geldiune motz baten ondoren egiten da.

• Zaindu intonazioa. Argi eta garbi hitz egin, eta esaldia behar bezala bukatu, amaieran itzali gabe. Aldika doinua aldatzen baduzu, askoz interes handiagoa sortuko duzu entzuleen artean.

• Ez eman bizkarra entzuleei. Zerbait irakurri behar baduzu, ez egin pantailatik, gardenkietatik zuzenean baizik.

• Behar bezala erantzun galderei. Adi egon entzuleek egin ditzaketen galdera zailekin. Saiatu egoki erantzuten. Adibidez:

- “Sentitzen dut, baina ez dut horri buruzko informaziorik. Interesa baduzu, oso pozik bidaliko dizut”.

- “Orain ezin dizut erantzun, baina, hitzaldiaren ondoren etortzen bazara, ikusiko dugu nola aurkitu eskatzen duzuna”.

- “Ez naiz horretan aditua, eta, agian, hobe egingo zenuke halakorekin harremanetan jarriko bazina”.

Eztabaida berotzen ari dela sumatuz gero, galderak azkenerako utziko dituzuela adierazi, eta lehenbailehen heldu hurrengo puntuari.

• Hizkuntza sinple eta gardena. Erabili esaldi motzak eta zehatzak. Hitz errazak, eta, ahal bada, motzak erabili; batez ere, zuk ongi menderatzen dituzun adierazpenak. Hizkuntza konplexuak ez dizu inongo laguntzarik emango, eta komunikazio egokia eragotziko du.

Hortaz, aditz errazak erabili, aktiboak pasiboak baino hobeto, eta alde batera utzi kontzeptu abstraktoak. Ez erabili argotik, agian denek ez dute-eta ulertuko.

• Garbi adierazi noiz uzten dugun puntu bat, eta noiz igarotzen garen beste batera. Mugak argi azaldu entzuleei, gal ez daitezen. Ondo adierazi hitzaldia non dagoen eta norantz doan.

GARDENKIAK ONDO EGIN

Arestian esan dugun bezala, gardenkiak laguntza handikoak ez ezik, beharrezkoak ere izaten dira. Baieztapen hau frogatzeko datuak nahikoa argigarriak dira. Hitzaldi batean entzuten dugunaren %20 gogoratzen omen dugu entzuleok, ikusten dugunaren %50 eta ikus-entzuten dugunaren %80. Ondorioz, gardenkiak ondo egin behar dira. Hona hemen hainbat aholku:

• Irudien eta testuaren arteko orekari eutsi.

• Gardenkietan oso testu gutxi eta tamaina handiz idatzi (arau orokor eta zorrotzik eman ezin bada ere, testuetarako 28a-edo izan liteke egokia).

• Gako-hitz edo ideiak idatzi, ez esaldi luzeak, ezta esaldi osoak ere. Ahoz azaltzen denaren laburpena egin behar da.

ZENBAIT DATU INTERESGARRI

Dena den, arrakasta lortzeko, maiz, ez da garrantzizkoena esaten. Bestela, aztertu ondorengo datuak: telebistan ikusten dugun aurkezpen batean, aurkezlearen itxuratik hartzen dugu mezuaren %50 entzuleok (janzkera, ile-orrazkera, etab.), aurkezlearen ahots eta gorputz-mugimenduetatik %35 eta, gezurra badirudi ere, esaten denetik %15 bakarrik. Hau guztia politikoek oso ongi omen dakite!

Egilea:

J. Landaluze Produkzio Sistemak eta Automatika eta Kontrol Injinerutza departamentua IKERLAN