2018
Euskal Fondoa EAThink
Larunbata, irailak 22
Madrilgo aireportua. Goizeko 10ak dira. Abdullah, Polisarioko delegatua, bertan dago, eta besteak, tantoak
balira bezala, heltzen ari dira. Amaia (Euskal Fondoa) eta Iker (Eathink proiektuaren arduraduna) alde batetik,
eta irakasle talde bat, bestetik. Hala nola, Josebe (Altzoko eskola), Itsaso (Adunako eskola), Dave (Eguzkibegi
ikastola), Xabi (Olabide ikastetxea, Leontxo (Andoaingo institutua), Bea (Ingurugelako ordezkaria) eta Ainhoa
(Ibarrekolanda institutua).
Hurrengo egunotan esperientzia izugarria biziko dugulakoan gaude denok, urduri, ilusioz beterik.
Gurekin batera Saharako bi ume etorri dira hegazkinean: Salma eta Abziz. Euskadin beste haurrek baino
denbora gehiago eman dute osasun-arazoak zituztela medio. Bidaiaren hasieran lotsati azaldu badira ere,
berehala hartu dute konfidantza. Izan ere, haurrak kanpamentuetara iristeko irrikitan daude. Azken finean, bi
hilabete eman dituzte etxetik kanpo eta nahiz eta gure artean ondo egon , familia eta lagunak ikusteko irrikitan
daude. Haien artean bezala, inon ere ez!
Aljerrerako hegaldia hartu dugu. Egia esan behar bada, lurreratzean beldur pixka bat pasa eta barre
asko egin dugu.
Aljer hiri handi eta izugarri polita da. Kontrastez beteriko hiria: alde batean, fatxada ikusgarriak
dituzten eraikuntzak, eta bestean, aldiz, antena parabolikoz beteriko paisaiak.
Mediterraneoko badia itzela. 9 milio biztanle ditu eta 2 milioi persona egunero sartzen dira bertara
lan egiteko. Hiria bisitatzeko aukera dugu. Aipatzekoa da kaleetako zikinkeria, plastikoak eta bestelako
hondakinak leku guztietatik. Duela urte batzuk gure kaleak horren antzekoak ziren. Gaur egun oso arraroa
egiten da. Autobus txikian zeharkatzen dugu hiria. Afrikako Andra Mariaren Eleizaraino joan gara. Ikuspegi
ederra benetan; Erreboluzio Enparantza erraldoia,… Gurekin Idoia eta Rebeca datoz. Kanpamentuera doaz Chi
Kung tailerrak ematera Bujadoreko Emakumeen etxera. Ilunabarra miradore batetik ikusi dugu. Argia oso berezia
da.
Aljerreko jatetxe batean afaldu dugu. Entsalada, brotxetak eta patatak eta arrautzen nahastea. Oso goxoa.
Eta tea, noski. Handik barneko hegaldien aeroportura Tindufera joateko. Militar asko eta katuak handik eserita
besaulkietan. Umeak nekatuta eta geu ere bai, baina denok umore onez. Laster Tindufen egongo gara.
Tindufeko aeroportua txikia da. Salma eta Abziz-en gurasoak zain daude. Eta nola ez, Umeak etxera
heltzeko irrikitan! Arreta deitu digu guraso eta umeen arteko elkartze momentuak. Hotza ematen du,
baina Abdullak azaltzen digunez, euren izaera da. Ez dituzte euren sentimentuak besteen aurrean
erakusten.
Gaueko 3:00rak dira. Aljeriako eskoltak hartu gaitu eta mugaraino eraman. Han, Saharako eskoltak
hartu du besteen lekukoa eta Smararaino eraman gaituzte. Bi jeep-etan banatu gaituzte. Protokoloko bi
gidari datoz gurekin, eta bidaia osoan zehar gurekin egongo dira. Tawalo eta Beiba. Smaran talde bakoitza
bere etxera joan da. Bihar oso goiz esnatu behar. Bisitaz beteriko eguna daukagu aurretik.
Igandea, irailak 23
Goizean goiz Beiba eta Tawalo etxe ondoan zain ditugu dagoeneko. Beiba oso isila eta lasaia da.
Tawalo oso hiztuna eta alaia. Biak oso atseginak.
Rabounira goaz, hiriburu administratibora. Gaur bisita instituzionalak izango ditugu nagusi.
Lehenengo bisita, Kooperazio Ministeritza da. Ministroak eta Euskadiko Kooperazio Proiektuen
Zuzendariak harrera egin digute. Sahararrentzat kooperazioa funtsezkoa da. Eta euskal kooperazioa,
bereziki, oso garrantzitsua. Ministroak arazo politikoa dela azpimarratu du eta Espainiako Gobernuaren
akats historikoaren ondorioa besterik ez dela, egun bizitzen ari diren egoera hau. Bere esanetan,
Espainiako Gobernuak ez du ezer egin, ez arazoa konpontzeko, ezta egoerari irtenbidea emateko ere.
Kanpamentuetan kanpoko laguntzari esker bizi dira, eta azken urteotan, hauek jaitsi egin dira.
Nazio Batuetan edota bestelako nazioarteko erakundeengan herri honek ez du indarrik. Interes ekonomiko
eta politiko handiak daude jokuan (fosfatoak, arrantza…) Gaur egun gatazka ikustezina bilakatzen ari
da.
Saharako herriaren antolakuntzari buruz hainbat gauza kontatu digute. Horietako bat,
HEZKUNTZA oinarrizko zutabea dela Saharakoentzat.
Jarraian, Hezkuntza Ministeritzara joan gara. Bekak eskatzeko epea gaur hasten da. Emakume
gazteak sarreran itxaroten. Harrigarria da euren itxura eta janzkera. Nahiz eta bero handia izan, gorputza
guztiz estalita dute. Melfa azpian artilezko arropak eta eskularruak, eta oinetan botak. Azken urteotan
estetikoki larruazala ahalik eta argien izatea omen da gustuko dutena, eta baita gizen edo lodi egotea. Hori
dela eta narritagarriak diren kremak eta loditzeko pilulak erabiltzen dituzte. Hau sahiesteko hezkuntza
ezinbestekoa da.
Lehen Hezkuntza kanpamentuetan egiten dute, 3 urtetik aurrera. Bigarren Hezkuntza egiteko
Simón Bolivar eskola (Kubatar Sistema) dago. Ikastetxe honetan emaitza onak dituzten ikasleak
onartzen dituzte, eta besteak, Argelera joateko aukera dute. Kanpamentuetan ere behar bereziak diren
ikasleentzako eskolak daude; baita Erizaintza eskola eta Magisteritza eskola ere.
Hortik ateratakoan, Saharako Media Luna Rojako egoitzara joan gara. Bertan elikagaien biltegiak
bisitatu ditugu. Erakunde honetan bertara heltzen den laguntza nola banatzen duten erakutsi digute.
Oinarrizko saskia dute familia guztiek. Produktu freskoen gabezia arazo larria da.
Goizean egin dugun azkenengo bisita Ingurumen Ministeritzara izan da. Bertan uraz eta
hondakinez arduratzen dira. Ura putzuetatik hartzen badute ere, edangarri bilakatzeko arazoak dituzte
batetik, eta etxeetaraino eramateko oztopoa, bestetik. Kanalizazioak eta kamioiak erabiltzen dituzte lan
honetarako.Familia bakoitzak bere biltegia dauka eta Euskadiko laguntza jasotzen dute horretarako.
Hondakinena ere arazo larria da. Zaborra pilatu eta zabortegietara garraiatzeko kamioiak falta
dituzte. Hori dela eta, plastikoak, metalak, eta hildako animaliak topa daitezke edonon.
Bisita hauek amaitu orduko ohartu gara oinarrizko arloetan zelan antolatzen diren. Antolakuntza
maila handia da, eta neurri batean, horixe da beraien kontraesanetako bat. Izan ere, antolakuntza handia
izateak egonkortasuna eta egoera onartzea adierazten duelako.
Arratsaldean, Giza Eskubideen Elkartea eta Preso eta Desagertutako senideekin topaketa dugu. Giza
Eskubideen zapalketa eguneroko kontua da, eta Nazioarteko Elkarteak isilik daude. Bertan lan egiten
dutenek, han entzuten eta ikusten dugunaren mezulariak izateko gonbitea luzatu digute.
Eta horixe da hain zuzen ere, geuk egingo duguna.: ahotsik ematen ez zaienen ahotsa zabaltzea.
Horrenbeste gauza ikusi eta barneratzen saiatu ondoren, onartu beharra dago oso nekatuta gaudela.
Kanpamentura itzultzean, etxean afaldu dugu. Haragia eta patatak. Gela ur botilez beteta dago. Dutxarik
ez dagoenez, katuen antzera garbitu gara. Wifi seinalea dugu eta mezuak eta argazkiak bidaltzen
ditugu. Emozioz beteriko eguna izan da eta benetan interesgarria ezagutu duguna.
Astelehena, irailak 24
Otoitz egiteko kantak esnatu gaitu. Egunean bost aldiz egiten dute otoitz. Gu 9:00ak aldera berriro
jarri gara martxan. Gaur ere ekintzaz beteriko eguna daukagu aurretik.
Lehenengo bisita Euskal Fondoaren diru-laguntzaz egindako tailer mekanikoetara izan da. Amaia,
Saharako proiektuen koordinatzailea da eta egun hauetan proiektuak ikuskatzen eta kudeatzen ari da.
Geroago, oiloen haztegi bat
bisitatu dugu. Bertan arrautzak eta
oiloak ekoizten dituzte.
Bisita hau bukatu ondoren, antzinako
ur-biltegien ondoan pic-nica egin dugu. Oso
gustura gaude akazia baten itzalpean.
Tawalok esan digu akazia arbola sakratua
dela sahararrentzat. Zuhaitz honek Itzala
eta ikatza ematen die, batetik, eta hostoak
sabeleko mina kentzeko erabiltzen dituzte,
bestetik Beibak tea prestatu du.
Tearen erritualak hasanieraz hiru H
dituela esaten digu Ikatza, Lasaitasuna eta
Solasaldia. Bazkalostean hondakinak batu
ditu Tawalok kutxa batean, eta han utzi
ditu. Bere esanetan zaborraren bila
etorriko dira…. geroago…
Tea lasai hartu ondoren, Kultura Ministeritzara eraman gaituzte. Hantxe arduradun batek hainbat
gauza kontatu digu. Atsedenaldia egiteko leku aproposa. Eguerdian ezin da ezer egin, bero handiegia dago.
Baina berandu gabiltza eta korrika ateratzen gara Emakumeen Elkartekoekin batzeko. Bojadoreko
Emakumeen etxean elkartu gara. Rebeca eta Idoia Chi Kung tailerra ari dira ematen momentu horretan.
Kanpamentuetan emakumeak eta umeak dira gehiengoa. Emakumearen egoera hobetzeko ari dira lanean.
Tailerrak, formakuntza eta mikrokredituen programa antolatzen dute. Helburua emakumeen
autonomia bultzatzea da, baina oraindik egoera oso makala da. Erlijioak ere eragin handia dauka.
Emakumeek ez dute melfa kentzen, ezta euren artean daudenean, ezta tailerretan ere. Ez dago ondo
ikusita. Batzuk euren identitatearen ikurra delako defendatzen dute . Gizarte konplexua benetan.
Berandu gabiltza dagoeneko, eta Zine Eskola bisitatu behar dugu. Eskola honek hamalau urteko
historia du eta bertan zinemaldia izatea lortu dute. Dokumentalak eta fikzioa egiten ari dira une honetan..
Elikagaiak bezain garrantzitsua da kultura.
Denboraren orratzak aurrera doaz eta alde egin behar dugu. Bestela, 19:00etatik aurrera eskolta behar
izango dugu handik mugitzeko. Smarara bueltatu gara. Zeruko argia liluragarria da benetan. Etxera
heltzerakoan tea hartzen dugu haiman familiarekin. Kanpamentuetan bi egun besterik ez dugu egin eta
eternitatea ematen du.
Asteartea, irailak 25
Simon Bolivar eskolara goaz. Auserdeko kanpamentuan. Kubako hezkuntza
sistema jarraitzen dute. Bertan, Kubako irakasleek 2 edo 3 urte ematen dituzte
bolondres. Fisika eta Matematikako klaseetan sartu gara. Eskola honetan Lehen
Hezkuntzan sartu ahal izateko, esleipena egiten dute ikasle hoberenen artean.
Goiz horretqn bertan, NEKAZARITZA HIDROPONIKOko ustiapena bisitatu dugu. Bertan
dauzkaten ur-biltegian arrainak dituzte eta arrainen hondakinak (konposatu nitrogenatuak) erabiltzen
dituzte landareen haziak elikatzeko eta bestelako haziak lurzorurik gabe garatzeko. Zirkuitua dute
prestatuta eta ura berrerabili egiten dute. Oso esperimentazio interesgarria da basamortuan egiten ari diren
hau.
Handik Nekazaritza Esperimentazio Zentru batera joan gara. Bertan, landare desberdinak
landatzen dituzte, eta urari eta lurrari ahalik eta etekin handiena ateratzeko modua aztertzen dute. Azken
urteotan moringa zuhaiska ari dira landatzen eta sahararren dietan sartzen. Moringak proteina kantitate
handia dute. Bestelako landareekin ere ari dira prozesu hau aztertzen: zerbak, azenarioak, perrexila…
Gezurra dirudi horrelako baldintzatan lortzen dituzten emaitzak! Hainbeste landare ikustea
sinestezina da.
Arratsaldean, Bojadorera bueltatu gara. Hango maistrekin dugu hitzordua. Eurek azaltzen digute
nolakoa den Lehen Hezkuntzako egoera. Ume guztiak eskolatuta daude, baina baliabideak eskasak dira.
Ume askok zailtasunak dituzte eskolara joateko eta familiekin kontzienziazio lana egin behar da.
Eta handik, liburutegira. Bubisher dira hemengo liburutegiak. Zorioneko txoria da bubisher
saharakoentzat. Liburutegia oso polita jarri dute . Arabiarrez eta gaztelaniaz idatzitako liburuak daude.
Umeak pozik daude bertan. Bus-liburutegia dute kanpamentuetatik pasatzeko eta bertakoei maileguak
egiteko. Hemen ere leku guztietan bezala, baliabide eskasak dituzte.
Honen ostean Lel, lagun baten familia bisitatzera joan gara talde batekoak; besteak, aldiz, Omar
Saleken etxera doazen bitartean. Familiarekin tea hartu dugu eta oso atseginak izan dira gurekin. Denak
emakumeak dira, ume txikiak izan ezik. Soinuak, koloreak, umeak futbolean jolasten. Bakea eta
lasaitasuna. Argi ederra. Safiak, bertako matriarkak, gaztelania gutxi daki, baina gurekin
komunikazen ahalegintzen da. Handik joaten garenean, denek eskuarekin agurtzen gaituzte.
Irudia ahaztezina. Momentu horretan emakume horien etorkizuna nolakoa izango den burutik ezin
kendu gabiltza. Hunkigarria!
Etxera itzuli gara afaltzera. Patata tortila. Gozoa benetan. Ura behar dugu eta Mamaiarekin atera
gara. Gauean ez digute bakarrik ateratzen uzten. Lo egin baino lehenago, eguneko kontuak aipatzean
barre egin dugu. Sahara faltan botako dugu etxera bueltatzean, inolako zalantzarik gabe!
Asteazkena, irailak 26
Goizean atzerapenen bat duten umeen eskola bisitatu dugu Auserd-en. Eskola honek Getxoko elkarte
baten laguntza izaten du. Euskal Herrian bezalaxe, txikienak maistrakin daude geletan eta nagusiagoak
tailerretan daude, egurra lantzen, josten…
Handik Erizaintza eskolara joan gara. Bertan Norma, Kubatik etorritako irakaslearekin eta
zuzendariarekin kafea partekatu eta Saharak eta Kubako egoeraz hitz egin dugu. Eskola honetan
erizainak eta amaginak prestatzen dira. Ikasketak askok hasten dituzte, baina gutxi batzuk amaitu.
Hezkuntzan bezala, arazo larriena da ikasi eta gero, profesionalek alde egiten dutela. Beraz, hori
gertatzerik nahi ez bada, bertan geratzeko sustapen-neurriak ezarri behar dira.
Etxean bazkaldu eta arratsaldea libre dugu. Merkatura goaz Jatsunirekin. Melfak eta turbanteak
erosi ditugu. Diruaren kanbioa ulertzea oso zaila da. Dinarra da bertako moneta.
Ilunabarra ikusteko muino batera goaz. Handik ekaitza ikusten dugu Rabouni gainean.
Etxera heltzean argazkiak atera ditugu arropekin eta gogotik barre egin dugu
Gutako batzuk, dena den, ez daude batere ondo: sabeleko minez, beherakoak eta gorakoak jota... Ura,
elikagaiak, higiene eskasak, edota hemengo bakterioek eraginda. Auskalo!.
Bihar eskuak eta oinak hennaz margotzeko elkartuko gara Jatsuniren etxean. Bere ama, dayrako alkatesa
da (Tifariti) eta bihar gure dayrako eskola bat eta udal zerbitzuak bisitatuko ditugu.
Osteguna, irailak 27
Gaur Dayran geratu garenez, gaur gidariak ez dira gurekin etorri. Goizeko 8ak aldera eskolara
abiatu gara alkatesa eta bere lobarekin, Marian, itzultzaile eta harrera lana egiten duenarekin. Lehen
Hezkuntzako gelak bisitatu eta arabiarrez idazten ikusten ditugu. Ah, ze zaila! Alkatesaren etxeko
umeak oso pozik daude. Eskolako erizaina denez, Mamaia ikusi dugu, baina Ana Maria bere alaba ez dago
bertan.
Marianek kontatu digu, asteko egunaren arabera, orrazkera jakin bat eramaten dutela neskek.
Aintzinako ohiturak direla ere esaten digu. Oso deigarria da usadio hau.
Eskolatik ateratakoan, Osasun zentrua bisitatzera joan gara. Mediku batek astean lau egunez
bisitak egiten ditu bertara, kontrolak egiteko eta arazorik gabeko erditzeak artatzeko. Diabetesa eta
hipertentsioa badira arazo nagusiak ere, haurdunaldiak ere kontrolatzen dira. Azken urteotan Jaiotze-tasa
jaitsi egin da, baina oraindik ere altua da. Heriotza-tasa ere bai.
Saharar bat hiltzen denean, lurperatu eta harriak kokatzen dituzte bere hilotzaren gainean. Atzo
ilunabarra ikusi genuen munaren ondoan hilerria dago. Hildako eta desagerturiko pertsonen fosak ere
hurbil daude..
Osasun zentrutik atera ondoren, Udaletxera joan gara. Han aintzinako tresnak eta kultur sinboloak
erakus dizkigute. Opariak eman dizkigute bertan. Eskumuturrekoak eta Gdeim Izik erahildakoaren
omenez grabatutako hizkiak daramatzaen zapiak agertzen dira grabatuta oparietan.
Harrera hori bukatu ondoren, gazteekin eta Harresiaren Aurkako Oihuen Plataformakoekin topaketa egin
dugu. Harresiari buruzko datuak lotsagarriak dira. Bi hilabetero martxa eta akanpada antolatzen dute
harresiaren ondoan protesta egiteko. Harresiak okupatutako lurraldeak isolatzen ditu. Minatuta dago inguru osoa
eta 120.000 soldadu marokiarrek babestuta, Nazio Batuen eta Nazioarteko Komunitatearen isiltasun eta
pasibotasunaren babespean.
Etxera bueltan, cus-cusa dago bazkaltzeko, gamelu okelaz. Gogorra. Kontuz ibili behar dugu
eskuekin prestatzen dutelako eta gutariko hainbat dagoeneko gorakoak,eta beherakoak jota daudelako.
Arratsaldean munara goaz Tawalogaz. Tea hartu, argazkiak atera eta bideo grabaketa egin dugu
Eathink proiekturako.
Ilunabarra zoragarria da eta Tawalok bere istorioa kontatu digu: 10 urte zituela, Saharatik atera zen
eta bere auzokideak napalmez nola hiltzen zituzten bizi izan zuen. Oso pertsona berezia da Tawalo. Bihar
bere etxera konbidatu gaitu KAFEA hartzera.
Gaur gauean alkatesaren etxean henna, musika eta dantza. Oso atseginak dira eta giroa ezin hobea
da. Bihar azkenengo eguna.
Hennaren marrazkiak nahiko kaxkarrak dira eta barre egin dugu, batez ere Daven eskua ikustean.
Eskulanak egiten ibili dela ematen du. Baina ze ondo pasatu dugun!
Bihar familiak agurtuko ditugu eta ekarritako opariak emango dizkiegu. Astelehenean ematen zuen
denbora luzea generamatzalala kanpamentuetan eta azkenengo egunak oso azkar pasatu dira. Faltan
botako dugu Sahara eta bertoko jendea.
Ostirala, irailak 28
Oso goiz esnatu gara gaur. Jaieguna da eta otoitzerako kantua ohikoa baino luzeagoa da.
Jatsunirekin joango gara beste merkatu batera. Hantxe eman dugu goiz osoa. Familia askotan partaideren
bat edo gehiago ari da Saharatik kanpo lanean eta dirua lortzen dute. Hori dela eta, dendak eta negozio
txikiak daude kanpamentuetan.
Etxean bazkaldu dugu. Oilaskoa, tomate, típula eta patataz. Oso goxoa. Afaltzeko patata-tortilla
jarriko omen digute.
Bazkalostean, Tawaloren etxera joan gara. Sirokoa indartsu dabil. Harea fin-fina da eta leku
guztietatik sartzen da. Bereziki desatsegina da begietan, ahoan edota sudurrean sartzen denean.
Tawaloren etxean giroa ezin hobea da. Kafea eta gozokiak jarri dizkigute. Musika eta dantza:
Saharako abestiak. Umeak dantzan hasi dira, eta azkenean, denok bukatu dugu horrelaxe. Tawalo oso
emozionatuta dago eta geu ere bai.
Afaltzeko eta maletak ixteko ordua da. Agurtzeko denbora gutxi dago, etxekoen senide bat etorri
delako Tuteratik.
10:30ak dira eta eskoltak Bujadorreraino eraman gaitu. Idoia hartu dugu eta Rebeca agurtu. Gurekin
ere Madrilgo mediku bat dator. Kanpamentuetara etorri da azken 15 urtetan, urtean hiru aldiz,
formakuntza ematera. Ondo ezagutzen du egoera. Beraren ustez, medikuntza ikasten dutenek urte
batzuk kanpamentuetan lan egin beharko lukete eta gero titulazioa eman. Horrela ez bada, Kubak utziko
dio bekak eskaintzeari. Hausnartzeko modukoa. Rabounin ere beste medikuen zain egon gara. Tindufera
goaz. Mugan aldaketa.
Tindufera heltzean hotza dago. Kontrol asko igaro behar ditugu, eta azkenean hegazkinean sartu
gara. Argelerako hegaldia erdi lo eman dugu, eta heltzean gosaria egin dugu. Katuek bertan jarraitzen
dute. Handik, ondoan dagoen nazioarteko aireportura jo dugu. Jende asko eta kontrol ugari berriro.
Larunbata, irailak 29
Madrilerako hegaldia hartu dugu. Goizeko 10:00ak dira. Erlojuak berriro aldatu behar ditugu.
Hegazkinean hamaiketakoa eman digute eta lo kuluxka egin dugu. Mediterraneo Itsasoaren gainetik
goaz. Pena da bidaia amaitzea. Amets bat bezalakoa izan da.
Berriro T4an. Davek mugikorra galdu du Argelen. Zelako faena! Presaka atera gara, batzuk
autobusa hartzeko, besteak beste hegaldiekin lotura dutelako. Agurra. Laburra eta emozioz beterikoa.
Gauza asko ikasi ditugu egun hauetan. Saharakoen filosofiaz gauza asko daude ikasteko. Eta orain
etxeetan eta ikastetxeetan zabaldu behar . Ez dugu jakingo nondik hasi. Hauxe bai izan dela bizi-
esperientzia. BIDAIA maiuskulaz.
Sahara Josebe Rezola
Doinua: Espainian behera
Saharara bidaia Sahararrak lehen Bizimodua normal Euskal Herritik hara Ahaztu gabe haien
burutu dugula beren lurretan zebiltzan ezin burutzea bidaia itzela minaren negarrak
esperientzi personal lurrak ostu ta trabak Sahara herriaren badirudi mende bat itxaropen ilargi
bortitza, mardula... nozitu bizitzan hondar gurutzea… atzera daudela eta gau nabarrak
Ohartu gara hangoaz berrogeita bi urte konponbidea ez da baina ze duintasun hara joan ginenon
gutxi dakigula, iheslari gisan gauzez laguntzea, ze giza nivela bihotzeko harrak
ikasteko, emateko ahal duguna egiteko aski lukete gauza haiengandik ikasi mugi bitza kontzientzi
asko daukagula, dudarik ez izan xinple hau lortzea dugu honela: eta muga-marrak…
eta beste behin argi hemendik bultza behar beren eskubideak muturreko egoeran gurearen antzeko
geratu zaigula: da indar handiz han erreparatzea larri bizi dela taldeen indarrak
ezer ere ez duenak Saharak bere lurrak eta beraiena dena pertsonak bere onena askatuko al ditu
dena ematen dula berreskura ditzan berreskuratzea eman dezakela noizbait sahararrak!!
TAWALOREN LEINUA Xabier Goikoetxea
(Benito Lertxundiren Itsaoari begira doinuaz. Adibidez)
1.
Euskal Herritik ordu txikitan
Autobusez Madrilera
Bertan hegazkin handi bat hartu
Eta heldu Argelera
Eta hurrengo hegazkinean
Azkenik jo Tindufera
Gero Jeepa eta eskoltarekin
Saharar kanpamentura.
2.
Esan beharrik ere ez dago
Oso luzea bidaia
Tartean elkar ezagutzeko
Beta izan genuen baina
Zetorkiguna ezezaguna
Baina ezagutzeko grina
Eta txiste txar batzuk tarteko
Egin zitzaigun arina.
3.
Iristerako bertan geundela
Harrera ezin hobea
Atsegin handiz hartu gintuzten
Eskaini ziguten tea
Famili jator eta ugariak
Iriki beren ateak
Ta solasaldi luze haietan
Ez zen falta azukrea.
4.
Saharawiar kanpamentutan
Hainbatxo gauza ikusi
Antolaketa politikoan
Moldatzen dira ederki
Errekurtsorik ez dutela ta
Dena kapotik etorri
Basamortuan ezer ez baita
Ez edan, ez jatekorik.
5.
Bisita ugari egin genuen
Hainbat jende ezagutu
Ta salbuespen txiki batekin
Gu ez ginen ba damutu
Egoeraren gordintasuna
Ziguten azpimarratu
Nola berrogehi urte horrela
Ahal daitezken aguantatu.
6.
Herrialdea okupatuta
Ta haiek basamortuan
Tartean horma handi bat dute
Etorkizuna jokuan
Bitarte hortan borrokak darrai
Irauten ahal den moduan
Hango emakumeen irrintzia
Garaipenaren orduan.
7.
Basamortuan ez da ohikoa
Baina euria egiten du
Izi izi azda! Euripean
Haurrek honekin gozatu
Hondar artean urak dakarren
Igeltsoa da pilatu
Horren gainean haize boladek
Larrosa bat dute sortu.
8.
Basamortuko geologiak
Larrosa badu eratzen
Saharawiek pentsa ezazu
Zer gauza egin ahal duten
Erresistentzia, antolaketa
Saharawia ahalduntzen
Eguneroko borrokarekin
Kanpamentuak garatzen.
9.- Saharawiar irrintziaren
Sakontasuna eredu
Munduan zehar hau bezalako
Hainbat adibide dugu
Elkargaitezen zapaldutako
Nazio guztiak bat hartu
Eta sendoki elkar hartuta Inperioak borrokatu.
Lehenago aipatu ez badugu ere, esan beharra dago, Josune, Leizaran BHIko irakasle eta Leontxoren lankideak,
osasun arazoak direla eta, ezin izan duela bidaia gurekin egin. Hala ere, egun hauetan zehar berarekin argazkiak eta
bizipenak partekatuko ditugu, eta neurri batean bada ere, gurekin egon dela han.
Izan ere, egunero-egunero bidali dizkiogu Saharako argazki eta bizipenak, irudimenaren bidez bada ere, gurekin
bidaiatu ahal izateko. Berak material hori eskuratu eta Ainhoak idatzitako bidaiaren kronikarekin, Xabierren bertsoekin,
Itsasoren posterrekin eta beste guztiekin partekatutako bizipenekin Saharako bidaiaren albuma osatu du maitasun osoz.
Ea gustatzen zaizuen!
Top Related